Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideentzat eginiko diru laguntza deialdiak ez du ezustean harrapatu Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria. Datorren urtean aurrera begirako pausoak emateko eskatu du.
Jaurlaritzaren diru laguntzak %4 jaitsiko dira aurten. Zer balorazio egiten duzu?
Balorazio ezkorra egin behar da, jaitsiera dagoelako. 2009tik 2010era diru laguntzen kopuruari eutsi zion Jaurlaritzak, baina 2010etik 2011ra ez.Sektorea adierazten ari denean erabateko krisian bizi garela eta eutsi ahal izateko inbertsioak behar direla, albiste txarra da. Egia da jaitsiera horrek batez ere erdarazko egunkariei eragiten diela. Eta ondorioz, euskarazkook gutxiago sufrituko dugula jaitsiera. Gu ez gaude euskaraz egin dezaten erdarazko hedabideak laguntzearen aurka, baina beti esan dugu deialdi honek euskarazkoentzat izan behar duela.
Aste honetan bertan euskarazko hedabide publikoek laguntzak %25 igotzeko eskatu duzue. Deialdia ez dator bat eskari horrekin.
Guk bagenekien 2011n jaitsiera bat egongo zela, eta ez gaitu ezustean harrapatu. Egoera hori kontuan izanda sortu da hedabideon kezka, eta horregatik agertu gara etorkizuneko politika diseinatzen hasteko prest. Baina horrek, era berean, neurri batzuk hartzea exijitzendu, eta horregatik eskatu dugu datorren urterako %25eko hazkundea egotea.
Eguneroko prentsa idatziaren atalean mantendu egin dira laguntzak baina aldizkariei igo egin dizkiete. Zer irakurketa egiten duzu?
Ez dakit zeren ondorioa den. Orokorrean jaitsiera dagoenean egunerokoan ez igartzea ontzat jo beharko dugu, nahiz eta hazkundea beharko genukeen. Badirudi aldizkarien aldeko jarrera bat dagoela, baina ez dakit zergatik den. Aldizkariak lehenesten dituelako edo argitalpen berriak iritsiko direla espero duelako. Ikusten da aldizkarien eta medio digitalen aldeko apustu bat dagoela deialdian. Ia bikoiztu egiten da Interneterako dirua, eta hori printzipioz positiboa da. Denok ari garelako Interneten inbertsioak egiten.
Beste aldean ikus-entzunezkoak daude. Telebistei eta batik bat irratiei asko jaitsi dizkiete laguntzak.
Bai, eta harrigarria da. Are gehiago LTDrako lizentziak banatueta telebista kate berriak sortzen ari direnean. Garatzen ari den bide batean murrizketa ezarri dute. Irratientzako lizentzia berriak ere etorriko direla ematen du.
Iaz bezala Jaurlaritzak deialdia oso berandu egin duela salatu duzu. Nola eragiten du hedabideetan berandutze horrek?
Hilabete daukagu eskaerak egiteko, eta gero, normalean, sei hilabete pasatzen dira ebazpen bat izan arte. Horrek urte bukaeran jartzen gaitu. Eta finantzazio arazo larriak eragiten dizkigu, laguntzetatik jaso dezakegun diru kopurua oso berandu ezagutzen denez, banketxeetatik maileguak jasotzea oztopatzen digulako. Diru laguntzen ebazpena maileguak lortzeko abala izaten da, eta hori gabe...
Joanmari Larrarte. BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria
«Balorazio ezkorra egiten dugu, jaitsiera dagoelako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu