Analisia: Garai berria sendotzeko hauteskundeak (Pello Urzelai)

2012ko abuztuaren 21a
13:34
Entzun

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hauteskundeen data jarri du, urriaren 21ean. Aurreikusitako aurrerapena da, nahiz eta hamaika aldiz ukatua izan den. Patxi Lopezen gobernua hasieratik izan da auzitan, fikziozko gehiengo batean oinarritzen zelako eta euskal gizartearen benetako gehiengoaren borondatearen kontra eraikia izan delako. Legez kanporatzearen politika gainditzen hasi zenetik, 2011ko udal eta foru hauteskundeetatik, argi gelditu zen alderdi sozialistaren gobernua birtuala zela, herri borondatearekin bat ez zetorrena.

Gerora, ETAk armak uzteko erabakia hartuko zuen. Aro berri bat Euskal Herrian, konponbide eta bake iraunkorraren oinarriak jartzeko aukera erabat irekita geldituko zen 2011ko urriaren 20az geroztik. Aro berri hori gorpuzten, sustatzen eta bideratzen eginkizun handia izan lezake Eusko Jaurlaritzak ere. Baina horretarako herri borondatearen ispilu izan beharko luke. Izan ere, azken urtean, Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra lekuz kanpo egon dira, zama izan dira konponbide integralerako. Zama, euskal gizarteak bakearen alorrean zein krisi ekonomikoaren eremuan euskal herritarrek behar dituzten irtenbideetarako.

Hauteskundeetatik sortzen den gobernua ezberdina izango da, eta politika ezberdinak egiteko aukera izan arren ez dago ziurtatuta hori gertatuko denik, status quo-ari eusten dioten gobernu aliantzak osa daitezkeelako. Edozein modutan, gobernu osaera alde batera utzita, hauteskundeek ekarriko duten oreka ezberdinak garai berria sendotzeko balioko du. Zinezko aldaketaren ekarle izango dira urriaren 21eko hauteskundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.