Lapurdiko hondartza gehienek —Hendaia, Donibane Lohizune, Bidarte, Miarritze eta Angeluko hamar hondartza — zikin eta kutsatuta daudela adierazten duen bandera beltza merezi dute surflariek sustatzen duten Surfrider erakunderen arabera. Hain zuzen ere, gaur goizean eman dituzte Frantzian egindako neurketen emaitzak, eta, guztira, 59 hondartzari paratu diote bandera beltza. Horietatik hamar, Lapurdikoak dira.
Hala ere,Europari osotasunean eman diote bandera beltza;bereziki, Europako Batasuneko agintariei, batik bat, Prestige-ren hondamendia behar bezala kudeatzen jakin ez dutelako, eta axolagabekeriaz jokatu dutelako. Prestigerena ez zela hondamendi naturala izan nabarmendu dute Surfriderreko buruek, industriala baizik, eta, beraz, agintarien aldetik bestelako erantzun bat merezi zuela. Funtsean, Portugaldik hasi eta Normandiara bitarteko kostalde guztia bandera beltzez josita ageri da —Euskal Herriko itsasertz guztia ere bai— , eta hori Prestigek utzitako arrastoen ondorio da Surfriderren arabera.
Dena den, iaz baino bandera beltz gutxiago banatu dituzte Frantzian; ez, ordea, hondartzen kalitatea hobea delako, baizik eta hainbat lekutan, agintariek jarritako oztopoak direla eta, neurketa egiteko modurik izan ez dutelako.
Prestigerena bezalako gertaerak saihesteko eta irtenbide egokiak emateko itsas behatoki bat sortzea eskatu du Surfriderrek.
Bestalde, Ekologistak Martxan taldeak, Kostaldeak (EA), Mutriku Bizirikek, Gernikako Ekologia Tailerrak, Txipio Baik eta Zumaiako Natur Taldeak beste bost hondartzari eman diote bandera beltza. Ea, Laga eta Plentziako hondartzak dira bandera beltza jaso duten Bizkaiko hondartzak, eta Mutriku eta Zumaiakoak dira Gipuzkoakoak.
Hondartzak
Bandera beltza eman die Surfrider erakundeak Lapurdiko hondartza gehienei
Uraren kalitatea txarra dela eta, bandera beltza eman die Lapurdiko hamar hondartzari surflariek sustatuko Surfrider erakundeak. Urtero-urtero egiten du Surfriderrek hondartzen kalitatearen neurketa, eta, aurten, Prestigeren hondamendia dela eta, beltza ari da gertatzen Portugaldik Normandiara bitarteko kostalde guztian. Europako agintariei "bandera beltz orokorra" eman die Surfriderrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu