Bi pertsona hilda agertu ziren igande gauean Barakaldon (Bizkaia), furgoneta baten barruan. Hildako biek -gizon bat eta emakume bat- tiro zauriak zituzten. Furgoneta mendi aldean zegoen, Basatxu inguruan, Gurutzeta auzoan. Ertzaintzak jakitera eman duenez, pertsona bi horiek nola hil ziren jakiteko hipotesi guztiak zabalik daude, baina furgoneta barruan eskopeta bat agertu eta gero, hipotesi nagusia da gizonezkoak emaztea hil zuela lehenengo, eta gero bere buruaz beste egin zuela.
Furgoneta eta gorpuak herenegun gaueko 22:30 aldera aurkitu zituzten. Basatxu inguruan zegoen, mendi magal batean, Barakaldon. Dinamita izeneko mendi bide batean zegoen furgoneta. Inguruko biztanleek jakinarazi dutenez, bikote gazteak beren autoetan batu ohi dira leku horretan.
Oraindik ez dago argi Ertzaintzak nola aurkitu zuen furgoneta. Iturri batzuek diotenez, auzotarren batek ikusi zuen, eta Poliziari abisua eman eta gero begiratu zuten ertzainek furgoneta; horrela aurkitu bide zituzten bi pertsonen gorpuak. Beste iturri batzuek diote bi hildakoen familia artekoek haien falta igarri zutela orain egun batzuk, eta bilatzeko eskatu ziotela Ertzaintzari.
Ertzaintzak furgoneta aurkitu eta berehala, Osakidetzako anbulantzia bertaratu zen, baina ezin izan zuen ezer egin, ordurako bi pertsonak hilda zeudelako.
ESKOPETA AGERTU DA. Mendi aldean eta furgoneta baten barruan bi pertsona tiro zauriekin hilda agertzean, Ertzaintzak berehala zabaldu zuen ikerketa. Hasiera batean hipotesi guztiak zabalduta zeudela nabarmendu zuen. Izan ere, Efe agentziak berak zabaldu zuen bestelako liskar baten ondorioz bi pertsona horiek hil zituela norbaitek. Beste batzuk bikote kontuak azaldu zituzten, eta gizonak emaztea hil zezakeela, eta gero bere buruaz beste egin.
Baina Ertzaintzaren ikerketak aurrera egin ahala, egoera eta gertaera argituz joan dira, Ertzaintzak azpimarratu duen arren bere oraingo hipotesi nagusia ez dela ziurra eta ikerketak oraindik ere zabalik jarraitzen duela.
Dena dela, furgoneta barruan eskopeta bat agertu eta gero, ertzainek argiago dute zer gertatu ahal izan zen Basatxun agertutako furgonetan. Izan ere, bi pertsonen tiro zauriak furgoneta barruan agertutako eskopetarekin eginak direla uste du Ertzaintzak.
Ertzaintzak esku artean darabilen hipotesi nagusiaren arabera, hilda agertu den gizonezkoak tiro egin zion emakumeari, eta ondoren bere buruari. Bi lagunak horrela hil zirela uste du Ertzaintzak.
Hildako biak Barakaldo bertakoak ziren; gizonezkoak 40 urte zituen eta emakumeak, 39 urte. Hala ere, Ertzaintzak ez du jakinarazi oraindik zeintzuk diren hilda agertutako bi pertsonen izenak.