Gure herriaren egoeraz arduratzen garen gazteak gara, eta geroari itxaropenez so egin nahi diogu". Hitz horiekin azaldu dute bere desmartxa euskal presoen eskubideen alde bi asteko baraualdia hasi duten lau gazteek. Azken urteetan, euskal gatazkaren konponbide prozesua aitzinarazi duten gertakari garrantzitsuak izan direla azpimarratu dute, baina, Espainiako eta Frantziako estatuek ez dutela "inplikatzeko borondaterik". Apirilaren 8ko armagabetzearen ondotik bakegileek egindako irakurketarekin bat egin dute. "Hurrengo urratsa, euskal presoak askatzeko bidean, aplikatzen zaien salbuespen legedia bukatzea da".
Konponbide gosez lelopean abiatu dute ekimena, eta bi aste iraunen du. Tarte horretan, Ipar Euskal Herriko gazte eragile anitzekin mintzatu nahiko lukete: "Besta batzorde, gaztetxe, alderdi, erakunde eta norbanakoei euskal presoen eskubideen aldeko gazte adierazpenarekin bat egitea proposatuko diegu", azaldu du Ainhoa Sarasuak. Gazte kolektibo horiek euskal presoek pairatzen duten "salbuespen legedia" salatu eta abenduaren 9ko Parisko mobilizaziora deitzea nahiko lukete.
Halaber, gizarte osoa "interpelatu" nahiko lukete. Azken hilabeteetan bake prozesua babestu duten eragile anitzetako ordezkariek parte hartuko dute beraiekin batera 24 orduko baraualdiak eginez; beste batzuk, berriz, babesa erakustera agertuko dira. Egunero, elkarretaratzeak eginen dituzte 19:00etan, eta uztailaren 14an eta 21ean, Baionan, Donibane Garazin eta Maulen mobilizatuko dira. Bi astez, hitzaldiak, film proiekzioak eta eztabaidak antolatu dituzte.
Uztailaren 22an bukatuko dute baraualdia. Egun horretarako, gazteriaren agerraldi masibo bat iragarri dute.