Baraualdia hasi dute presoen eskubideen alde, Donostian

Sindikatuek abiarazi dute igande artean hainbat eragilek egingo duten baraua; gaur, gazte mugimenduaren txanda izango daEtxaide: «Bada garaia euskal presoak Euskal Herriratzeko eta espetxe politika aldatzeko»

Sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin zuten baraualdia hasi aurretik. JAGOBA MANTEROLA/ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte - Jenofa Berhokoirigoin
Donostia-Baiona
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Presoen eskubideen alde, baraualdia hasi zuten atzo eguerdian, Donostiako Ibaetako campusean. Igande arte, hainbat eragile politikok, sindikalek eta sozialek hartuko dute parte; 24 orduko txanden bidez osatuko dute baraualdia. Presoekiko konpromisoa erakusten lehenak sindikatuak izan dira: LAB, ESK, EILAS, Hiru eta EHNE. Gaur eguerdian, gazte mugimenduari pasatuko diote lekukoa.

Sindikatuetako ordezkariek, baraua hasi aurretik, ordubeteko elkarretaratzea egin zuten atzo, Ibaetako Karlos Santamaria zentroaren aurrean. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak adierazi zuenez, «bada garaia Euskal presoak Euskal Herriratzeko eta espetxe politika aldatzeko». Etxaide PPko gobernuari mintzatu zitzaion. «Berak du espetxe politika aldatzeko aukera. Behingoz erakuts dezala konponbidearen alde dagoela, eta urrats positiboak egiteko prest dagoela». Etxaideren ustez, ordea, gizarteak ere «biderkatu» egin behar du bere ahalegina. Dei egin zien herritarrei kalera ateratzera, eta presoen eskubideak aldarrikatzera: «Erabakia PPk hartu behar du, baina pausoa emango duen edo ez herritarron esku dago. Presio sozialaren bidez PPren erabakia baldintzatu behar dugu».

Bide batez, EPPK-k egin dituen adierazpenak nabarmendu zituen LABeko ordezkariak: «Prozesuan laguntzeko prest daude. Ez dute soilik eskatzen espetxe politika aldatzeko; hori gertatu dadin ekarpenak egiten ari dira».

Hendaian ere mobilizaturik

LABek elkarretaratzea antolatu zuen Hendaiako Joncaux itzulgunean (Lapurdi), atzo eguerditik ordu batera. Euskal preso eta iheslari politikoak etxera! mezua zeraman banderolaren gibelean bildu ziren hogeita hamar bat lagun, batez ere sindikatuko kideak zirela. Frantziako Estatua interpelatzea izan zen haien xedea, gatazka politikoaren konponbidean sar dadin eskatuz, Eñaut Aramendi Baionako LABen egoitzako langileak azaldu zuenez. Euskal preso politikoen gaia mahai gainean ezarri behar dela erranez, presoen egoera hobetzeaz gain, Euskal Herriratzea exijitu zioten Parisi. Horrez gain, zigorra betea dutenak edota hiru laurdenak beteta dutenak eta eri diren presoak baldintzarik gabe askatzeko eskatu zuten ere. Hori izan behar da «lehen urratsa», Aramendiren hitzetan.

Donostian baraualdia egiten dabiltzanei elkartasuna erakutsi zieten eta urtarrilaren 7an, Bilbon eginen den manifestaziora joateko gomita luzatu zieten herritar guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.