Barbadoren eta Zelaiaren aurkako prozesua «ozen» salatzeko deia egin dute

Ankerkeria Stop taldeak ohartarazi du «bidegabea» dela bi gazteen aurkako prozesua.

Zelaia eta Barbadoren aldeko elkarretaratzea, gaur, Gasteizen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko apirilaren 26a
19:54
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Auzitegi Gorena gaur zen biltzekoa Galder Barbado eta Aitor Zelaia euskal herritarren kontrako lau urteko espetxe zigorra aztertzeko. Epaiaren alde eginez gero, bi gazteak edonoiz espetxeratu ditzakete. Horiek hala, egoera salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Gasteizen, Amurrion eta Agurainen (Araba), Ankerkeria Stop dinamikak deituta.

Talde horrek adierazi du «elkartasun sareak ehuntzeko» garaia dela, eta prozesua «ozen» salatu eta gizarteratzekoa: «Prozesu bidegabe hau abiatu zenean egin genuen bezala, Poliziaren jazarpen politikoak eragindako ankerkeria, Auzitegi Nazionaleko salbuespenezko epaiketa eta azken bi urte hauetan bizitza normala egiteko aukerarik ez izatea gogor salatzen dugu». Izan ere, besteak beste, Guardia Zibilaren jazarpena salatu zuen iaz Barbadok, eta azaldu zuen kolaborazio eskaerak egin zizkiotela.

Gazteen aldeko dinamikaren arabera, haien aurkako prozesua «fartsa bat» izan da; «bost urte betetzera doan amesgaiztoa». Are gehiago, azaldu dute «normalizaziorako eta bakerako bide bat» egin nahian ari dela euskal gizartea, baina Espainiako Estatuak herritarrei jazartzeko «tresnak eta mekanismoak» erabiltzen jarraitzen duela.

Ertzaintzak 2019ko otsailaren 7an atxilotu zituen Barbado eta Zelaia, Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon instrukzio epailearen aginduz. «Armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristekin gordetzea eta trafikatzea» egotzi zieten bi gazteei, Ertzaintzak berak hilabete batzuk lehenago Duranan (Arratzua-Ubarrundia, Araba) aurkitutako material lehergailuaren arduradun zirelakoan. Bi gazteek ia urte erdi egin zuten behin-behineko espetxealdian, uztailean atera ziren arte, epaiketaren zain.

Barbadoren eta Zelaiaren aurkako epaiketa 2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an egin zen, Madrilen. Orduan, Jose Perals fiskalak zortzi urteko kartzela zigorra eta zazpi urteko zaintzapeko askatasuna eskatu zuen bakoitzarentzat. Defentsak, berriz, absoluzioa, argudiatuta bi gazteen aurkako frogak «lausoak» zirela, eta epaiketa bera «lekuz kanpo» zegoela. Hamar urte igaroak ziren ETAk behin betiko su etena iragarri zuenetik, eta hiru urte erakunde armatua desegin zenetik.

Handik egun gutxira, ordea, Auzitegi Nazionaleko epaile Angela Murillok gazteen aurka ebatzi zuen, «helburu terroristekin lehergailuak egiteko elementuak gordetzeagatik». Lau urteko espetxe zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zion bakoitzari, baina defentsak eta fiskaltzak helegitea jarri zioten epai hari; horri erantzun behar dio Gorenak orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.