Bezperan gobernu krisia gainditzeko irizpideak hitzartu eta gero, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak gutxietsi egin du asteon gertatutakoa. Haren esanetan, «katilu bateko ekaitza izan da gobernu krisia». Onda Cero irratiari eskainitako elkarrizketan, konbentzituta agertu da PSNrekin «ahalik eta azkarren» negoziatuko duela behin betiko akordioa. Dena den, Barcinak onartu du egoera «oso zaila» dela, PSNrekin akordiorik lortu ezean gehiengo nahikorik ezin duelako lortu PPrekin, eta abertzaleekin «sekula ere» ez lukeelako itunduko.
Herenegun arratseko Jimenezen eta Barcinaren arteko akordioak bost irizpide ditu. Krisia gainditzeko bide orri moduko bat da. Lehenik, Nafarroaren egungo egoera aztertuko dute; bigarrenik, diru sarreren eta gastuen beharrak ezarrizko dituzte; hirugarrenik, behar horiei erantzuteko «formula» negoziatuko dute; laugarrenik, gobernu akordio berri bat hitzartu eta 132 milioi euroko gastua blokeatzeko iragan astean hartutako foru agindua «ordezkatuko» dute; eta, azkenik, gobernu ituna «birformulatu» egingo dute.
Irizpide horiek ezarri arren, ez dituzte oraindik edukiak zehaztu. Barcinaren arabera, dena den, metodologia horrek duela urtebeteko gobernu ituna berregokitzeko balio beharko luke.
Juan Jose Lizarbe PSNko arlo ekonomikoko idazkariaren arabera, jada hasi dira egoeraren diagnostikoa egiten. «Informazio ugari eskatu diogu Ekonomia departamenduari, gastu eta diru sarreren xehetasunak ezagutzeko asmoz». Haren esanetan, gobernu krisia gainditzeko lehen urratsa da «Nafarroaren benetako egoera ekonomikoa ziurtasunez ezagutzea». PSN pozik azaldu da Barcinak eta Jimenezek hitzartutako bide orria jarraitzen ari direlako. Lizarbek gaineratu du zerga tasa berriak ezartzearen aldekoa dela PSN, «diru sarrerak handitu ahal izateko».
Bildu koalizioak prentsa ohar batean adierazi du aste honetan UPNk eta PSNk eskainitako ikuskizunaren «azken atala» izan dela azken ordutakoa. «Nafarroako Gobernua geldirik utzi ondoren, berriro ados jarri dira murrizketen politikarekin ados jarraitzeko. Oraindik nafar jendarteak ez daki zenbat milioi kendu behar dituzten, ezta nondik ere». Bilduk asteon «seriotasuna eta ardura» eskatu dizkio PSNri, baina alderdi sozialistak «berriro ere» UPNri laguntza ematea erabaki duela deritzo. Koalizioaren arabera, «inoiz baino beharrezkoagoa da» kalera ateratzea UPNren eta PSNren politikei aurre egiteko.
Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuaren arabera, herritarrek ez dute halakorik merezi: «Iragan ostiralean krisi gaindiezina genuen eta ostegunean bost mandamenduekin gaindituko dute dena. Horien arten egoera ekonomikoa aztertzea. Zertan izan dira orain arte, bada?», galdetu du. Barkosen arabera, benetako arazoak hor jarraitzen du: «4.000 milioi euroko aurrekontua duen erkidegoak 130 milioi euroko zuloa du».
Barcina: «Katilu bateko ekaitza izan da gobernu krisia»
Behin betiko akordioa «ahalik eta azkarren» lortzea nahi du, eta Lizarbek zergak igotzea proposatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu