Nafarroa. Gobernuaren egoera

Barcinak ez du konfiantza mozioa aurkezteko asmorik

Bildu, NaBai, Ezkerra eta PSNren bozekin onartu dute konfiantza mozioa aurkezteko eskatzen duen testua

joxerra senar
Iruñea
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ez dio entzungo oposizioari. Uda osoa aurrean duela, oraingoz gutxiengoan gobernatzea erabaki du Yolanda Barcinak, eta Nafarroako Parlamentuan oposizioaren presioa jada nabaritzen hasia bada ere, entzungorrarena egin du. Atzo, osoko bilkuraren azken puntuan, PSNk bat egin zuen Bilduk, Ezkerrak eta NaBaik elkarrekin aurkeztutako mozio batekin. Bertan, konfiantza mozioa aurkezteko eskaera egiten zaio Nafarroako lehendakariari. UPNk eta PPk aurka bozkatu zuten. Mozioa ez da bete beharrekoa, eta aldez aurretik Barcinak iragarri du ez duela konfiantzarik eskatuko. «Demokratikoki hautatu ninduten erkidego honi egonkortasuna emateko». Oposizioko alderdiei zentsura mozioa aurkezteko erronka bota die. Orain hauteskundeak aurreratzea «desegokia» dela esan du.

Ekainaren 15eko gauerdira arte Nafarroako lehen presidenteorde izan denak, Roberto Jimenezek, Barcinari ohartarazi dio ez duela orain PSNren konfiantzarik eta gutxiengoan dagoela. «Zuk alde bakarreko erabakian hautsi duzun akordio baten arabera PSNk zure inbestiduraren alde bozkatu zuen, eta orain ez dituzu boto horiek».

Betebehar demokratikoa

NaBaiko Patxi Zabaletak, alabaina, Barcinari eta UPNri gogorarazi die auzia ez dela zentsura mozioaren gainekoa, baizik eta demokratikoki zilegi ote den parlamentu baten gehiengoaren eskariari muzin egitea: «Nafar gehienek konfiantza aurkezteko eskatzen badizute, betebehar demokratikoagatik egin behar duzu, nahiz eta legez ez zauden behartuta», zehaztu dio Barcinari. Programarik gabe gutxiengoan gobernatzea aurpegiratu dio.

Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, «UPNren gabezia da herritarren iritziari» beldur diola. Haren ustez, «PSNk lan zikina egin, eta UPNk gobernutik bota du». Kaleko mobilizazioen presioa erabakigarria izan da, Ruizen arabera, baina argi utzi nahi izan du bi alderdiak direla egoeraren erantzule. Egungo egoera Nafarroan urtetan ezarritako «ereduaren porrota» dela deritzo. Nafarroa «hondamendi sozial eta ekonomikora» eramatea egotzi die UPNri eta PSNri. Porrota onartzeko eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio Barcinari.

Jose Miguel Nuin Ezkerrako eledunak ere ildo beretik jo du. «UPNren gobernu honek parlamentuan gutxiengoa du, eta demokrazian gobernatzeko botoak parlamentuak ematen ditu. Bideraezina da zure gobernua». UPNren eta PSNren eredua «agortuta» dagoela iritzi dio, eta krisiari «irtenbide soziala» emango dion alternatibaren alde egin du.

UPNko Carlos Garcia Adanerok Barcinaren ildo beretik jo du, eta zentsura mozioaren aukera eskura dutela esan die oposizioko alderdiei. Haren esanetan, oposizioak ezin du Barcina konfiantza eskatzera behartu esku artean zentsura mozioaren aukera hori baldin badu. «Ezin duzuela akordiorik egin zuen artean? Boto gehien duena, orduan, Barcina anderea da». Garcia Adanerok erantzun du ez dela hauteskundeak aurreratzeko unea orain. «Ez dugu beldurrik, ordea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.