Barcinak presidente kargua hartu du, protesta artean

Esan du koalizio gobernuak «errotik moztu» duela Bildu giltzarri izatea Nafarroako erakundeetan

Yolanda Barcina, zin egite ekitaldian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Protesten artean hartu du Nafarroako Gobernuko lehendakaritza kargua Yolanda Barcinak. Nekazari eta abeltzainak haserre dira gobernuak Nekazaritza Departamendua kendu egin duelako; irakasleak, berriz, Hezkuntzan jada iragarrita diren enplegu murrizketen aurrean «suminduta» daude. Nahiz eta atzoko protestetan ez azaldu, asteon medikuek ere gobernuari exijitu diote osasungintzan ez daitezela murrizketarik egin. Bere kargu hartze ekitaldian, herritarrenkonfiantza galerari aipamenak egin dizkio Barcinak, eta «ireki den garai politiko honetan» herritarren eta gobernuen arteko distantzia laburtzeko beharra azaldu du.

Parlamentu atarian sumindura giroa egon arren, barruan lasaitasuna zen nagusi. Kargu hartzean bertan ziren Miguel Sanz Nafarroako lehendakari ohia, Alberto Catalan Parlamentuko presidentea, Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroa, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia, Patxi Zabaleta NaBaiko eleduna, Koldo Amezketa Bilduko parlamentaria, Eloy Villanueva PPkoa, Jose Miguel Nuin eta Txema Mauleon Ezkerrako parlamentariak... Patxi Lopez EAEko lehendakaria eta Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea gonbidatuak izan baziren ere, ez ziren han izan.

Parlamentuko harrera aretoa ekitaldi instituzional horretarako espresuki prestatua zegoen: hormetatik Nafarroako armarria eta bost merindadeetako ikurrakeskegita zeuden. Espainiako zein Nafarroako ereserkiekin ekin zitzaion ekitaldiari. Ia ordubete iraun zuen, baina euskararikapenas entzun zen. Barcinaren agurreko esker hitzak eta Iruñeko Orfeoiak abestutako Goizeko Izarrasalbu, gaztelera izan zen jaun eta jabe.

Dena den, diskurtsoen garaia iritsita, hiru hizlariek (Catalan, Barcina eta Blanco) gai orokorrez jardun zuten, zehaztasunetarako tarterik utzi gabe. Barcinak esker on hitzak zuzendu zizkion Sanzi. UPNren eta PSNren arteko «ohiko elkartasunak» oraingoan «konpromiso eta sendotasun handiagoa» izango duela aipatu du. «Kezkagarritzat» jo du, gainera, Bilduren presentzia. Haren ustez, UPNren eta PSNren akordioari esker saihestu egin da Bilduk erakundeetan erabaki ahal izatea. Krisiari begira, berriz, «errezeta majikorik» duela ukatu du, eta nafar guztientzat agintzeko borondatea adierazi du.

Blancok, berriz, bere hitzaldian Sanz izan zuen gogoan, eta, bere lana goraipatzeaz gain, bien arteko «harreman instituzional eta pertsonal onak» eskertu zizkion. Inondik ere, Sanzek Blancori ere badio zer eskertu, hari esker gobernatu ahal izan baitzuen azken legealdian.

Barcina presidente dela, kontseilariek gaur zin egingo dute karguetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.