Uxue Barkosek argi erantzun dio azken egunotan UPNk egin dion kritikari, eta beste behin berretsi du Nafarroaren erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera. Azken egunotan UPNk hizpide hartu du EAJk Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako aurkeztu duen estatutu berri baterako proposamena, Nafarroako gobernuaren aurka egiteko. Javier Esparza UPNko buruak ohartarazi du EAJk Nafarroa batu nahi duela Arabarekin, Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin, eta hala adierazten duela estatus politiko berrirako prosamenean zazpi lurraldeko Euskal Herria aipatzeak. Esparzak Barkosi leporatu dio "euskal abertzaletasunaren zerbitzura" egotea.
Ukatu egin du halakorik Nafarroako presidenteak, eta ziurtatu du Nafarroaren estatus politikoa nafarrek bakarrik erabakiko dutela. "Presidentearen jarrera legealdi hasieratik defendatu duena da, baita beste baldintza politiko batzuetan defendatu dudana ere, eta gobernuak eta, esango nuke, Nafarroako Parlamentuko gehiengoak babesten dute. Nafarroa bere herritarren ahotsari soilik erantzungo dion subjektu politikoa da".
Barkosek nabarmendu du EAJren proposamena alderdi politiko baten proposamen gisa ulertu behar dela. Presidentea harekin ados dagoen galdetuta, Barkosek erantzun du ez dela hori kontua. "Guztiok daukagu gure jarrera politikoa", adierazi du. Hala ere, nabarmendu du berak "oso argi" duela "gehiengoak non dauden une honetan" Nafarroan. "Gure konpromisoa da ez soilik gehiengo horiek baliatzea, baizik eta irmotasun osoz defendatzea foru erkidegoko gehiengoen jokoa".
Euskararen kontrako kanpaina
Nafarroako PPk "euskararen inposizioa" salatzeko Nafarroan egingo duen itzuliari buruz ere galdetu diote kazetariek presidenteari. Egitasmoa kritikatu du Barkosek. Ziurtatu du izaera horretako kanpaina bat bultzatzeak islatzen duela PPk Nafarroari buruz duen "ezezagutza sakona". "Hizkuntza bat mehatxu gisa ikusteak ez dio ezer onik batzuen maila politikoaz", adierazi du. "Bide batez, Rajoy presidenteak aprobetxategi esan zuen atzo, ez dakit Rajoyren kontrako kanpaina ere egingo duen". gaineratu du.