Barkosek dio Geroa Baik politika «molde berriak» eskainiko dituela

Geroa Bai koalizioak lehen batzarra egin du, eta antolaketa oinarriak aurkeztu dizkie afiliatuei

Erredakzioa
Iruñea
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Eztabaida «luze» baten ondorio dira Geroa Baik atzo aurkeztu zituen antolaketa oinarriak, eta politika «molde berriak» egin daitezkeela erakusten dute. Uxue Barkos diputatuaren esanetan,koalizioak Nafarroako herritarren beharrei «beste modu batez» erantzun nahi die.Geroa Bai koalizioak bere lehen batzar orokorra egin zuen atzo Iruñeko Baluarte auditoriumean, eta, bertan, antolaketa oinarriak aurkeztu zizkien afiliatu eta alderdikideei. Uxue Barkosek, Koldo Martinezek eta Manu Aierdik parte hartu zuten batzarrean, eta zenbait ideia trukatu zituzten afiliatuekin.

«Eredu iraunkor bat sustatzea, iruzurraren aurka borrokatzea eta gardentasuna, parte hartzea eta gizartearekiko hurbiltasuna» bultzatzea dira Geroa Bai koalizioaren lan ildoak, antolaketa oinarrietan jasota dagoenez. Zenbait helburu zehaztu ditu koalizioak datozen urteetarako: besteak beste, ekonomian, gizartean eta ingurumenean eredu iraunkor bat bultzatzea, ongizate estatua defendatzea, eta zerga sistema orekatu eta progresibo baten alde lan egitea. Nafar herritarren interesen alde egiteko konpromisoa ere hartu du, bi irizpide aintzat harturik: « Ezkerraren eta aurrerazaletasunaren balioak» batetik, eta «abertzaletasun barnerakoi, gizabidezko eta demokratiko bat» bestetik.

Nafarroa Bairen ideiei jarraipena ematen diela dio Geroa Baik bere oinarrietan. Ordea, NaBaik berak salatu du koalizioak «eskuinerako joera» hartu duela ezkerraren definizioa bigarren mailan utzi duelako eta, beraz, leporatu dio NaBairen nortasun ikur diren ezkerreko balioei uko egitea. Kritika horiei erantzun zien atzo Barkosek: joan den maiatzaren 22an onartutako konpromisoei eutsiko diela esan zuen, eta ez diela erantzungo «probokazioei».

Antolaketa oinarriak adostea «mugarria» izan da Geroa Bai koalizioaren bilakaeran, Barkosen aburuz. Izan ere, azken hilabeteotako eztabaida «kanpora» atera da, eta bere kabuz ibiltzen hasi da koalizioa, haren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.