Barne ministroak esan du espetxe politikaren erritmoa ez diola inork «inposatuko»

Jorge Fernandez Diezek ohartarazi du ETA desegiten ez den bitartean gobernuak sakabanaketa politikari eutsi egingo diolaEAJk «ausardiaz» jokatzeko eta urratsak egiteko eskatu dio Barne ministroari

Edurne Begiristain.
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuari dagokio espetxe politika ezartzea, eta ez du onartuko beste inork «inposatzea» egin beharreko urratsen «erritmoa». Horrela adierazi du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak: «Inork ez dio esango gobernuari zer bide jarraitu behar duen. Ez ETAk, ez ezker abertzaleak, ezta zuzeneko edo zeharkako interesa duen eta iraganeko kontakizuna kutsatzeko asmoa duen beste inork ere». Legedia «zorrotz» errespetatuko du gobernuak espetxe politikari dagozkion neurriak ezartzeko orduan, eta betiere presoen banakako gizarteratzea bilatuko du. «Zuzenbide estatuan sinesten dugunontzat, ez da onargarria legean oinarritzen ez den gidoirik jarraitzea».

Fernandez Diazek Espainiako Senatuko Barne Gaietarako Batzordean agerraldia egin du, bere sailak legealdian landuko dituen ildo nagusiak azaltzeko. Legedia «zorrotz» beteta garatuko du Gobernuak espetxe politika, baina baita legediak berak ahalbidetzen duen «malgutasuna» erabilita ere, Fernandez Diazek adierazi duenez.

ETAk indarkeria uzteko hartutako erabakiak «bakea hurbiltzen» lagunduko duela esan du ministroak. Eta gaineratu du indarkeriaren amaiera «ikuspegi zabalarekin, inteligentziarekin, zuhurtziarekin eta diskrezioarekin» kudeatuko duela gobernuak, haren helburua «benetako eta behin betiko» bakea lortzea delako. Baina argi utzi du ez duela onartuko ez ETAk, ez ezker abertzaleak esatea presoen auzian zer egin behar duen. Hala, ETAri esan dio desagertu beste biderik ez duela, eta ezker abertzaleari, berriz, ETAri desager dadila eta barkamena eska dezala exijitzeko. Gertatutakoaren kontakizuna «manipulatzeko» interesa duten bestelako eragileei ere ohartarazi die gobernuari ez diotela esango espetxe politikan zer urrats egin behar dituen.

Duela hilabete eta erdi Kongresuko batzordean egin zuen bezala, euskal presoen «damua eta barkamena» ezinbestekotzat jo ditu Barne ministroak legeak ahalbidetzen dituen espetxe onurak emateko. Azpimarratu du Langraizko bidea deiturikoari eutsi egingo diola, eta damua agertu eta barkamena eskatzen duten presoak laguntzeko prest daudela. Barne ministroak berretsi du ETAk galarazi egiten diela presoei banakako neurriak hartzea: «ETAko presoen etsairik handiena ETA bera da», adierazi du. Fernandez Diazek uste du erakunde armatua dela sakabanaketa politikaren jatorri nagusia, eta beraz ETA desagertuta bakarrik amaituko litzatekeela neurri hori. Hala, ohartarazi du ETAk desegiteko erabakia hartzen ez duen bitartean ez dutela presorik hurbilduko.

Espetxe politikan aldaketarik egiteko asmorik ez du gobernuak, baina egoera berrira egokitzen hasteko beste pauso batzuk ematen hasi da, besteak beste, bizkartzainak gutxitzeari ekin dio. Hego Euskal Herrian gaur hasiko da bizkartzainak kentzen, eta Espainian, berriz, gauza bera egingo du apirilaren 1etik aurrera, ministroak berak jakinarazi duenez.

«Mugitzeko» eskaria

ETAk indarkeria utzi duen arren, irmoa jarraituko du izaten PPren gobernuaren jarrerak. Barne ministroak uste du ez dagokiola gobernuari pausoa ematea garai berrian. Iñaki Anasgasti EAJko senatariak, ordea, urratsak egiteko eta ausardiaz jokatzeko eskatu dio gobernuari. Gogoratu dio Jose Maria Aznarren agindupean ehunka euskal preso gerturatu zituztela Euskal Herrira: «Iraganean ausardia politiko handiagoarekin jokatu zen». «Mugitzeko» eskatu dio Anasagastik Barne ministroari, eta, besteak beste, gaixorik dauden presoak askatzeko eta presoak gerturatzeko ere eskatu dio. «Ausardiaz» jokatuz gero, EAJ gobernuaren bidelagun izango dela esan dio senatariak Fernandez Diazi.

Barne ministroak, baina, ez du uste ausardia handiagoarekin jokatu behar duenik. Haren aburuz, orain «eraginkortasuna, inteligentzia, zuhurtzia eta demokraten arteko batasuna» behar dira, beste ezer baino gehiago. Argi utzi du, gainera, estatua ez dagoela «tregoan», ez behintzat ETAk desegiteko erabakia hartzen ez duen bitartean.

Biktimek egungo egoeran duten garrantzia ere azpimarratu du Barne ministroak. ETAren biktimen arretak lehentasuna izango du legealdi osoan, eta haien diru laguntzek ez dute murrizketarik izango. Halaber, jakinarazi du sei hilabeteren buruan landuta edukiko dutela Eusko Jaurlaritzarekin batera martxan jarriko duten Biktimen Memorialaren proposamena. Zentroa EAEn egongo dela iragarri du, eta gertatutakoaren egia kontatuko duela esan du, «biktimen eta borreroren arteko parekotasunik egin gabe».

Elkarlanerako prest

ETAren amaiera lortzeko, elkarlana proposatu diote gobernuari PSOEk eta Entesa Catalana alderdiek. Kataluniako alderdiko senatari Rafael Brugueraren ustez, baina, egoera berriak espetxe politika «malguagoa» beharko luke; besteak beste, sakabanaketa politika amaitu eta presoak hurbiltzeko aukera aztertzen hasi beharko luke gobernuak.

PSOEren aldetik, berriz, Enrique Cascallanak «demokraten batasuna» eskatu du ETAren amaiera lortzeko, eta Kongresuan adostutako ebazpena eredugarritzat jo du. Nolanahi ere, senatari sozialistak adierazi du Eusko Jaurlaritzaren esku egon beharko lukeela «Euskadi adiskidetzeko» gidaritza hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.