Politikoen solasaldia

Barrena: "Gasteizko Gobernua da gauzak ateratzen ez zaizkionean erantzukizunik ez duen gobernu bakarra"

Datorren astelehenean 2004. urterako Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak onartzeko osoko bilkura egingo da Gasteizko Legebiltzarrean. Iazkoan aurrera atera ziren eta aurtengoak onartzeko arazoak egon daitezke. Pernado Barrena Batasuneko kideak adierazi duenez, "Gasteizko Gobernua da gauzak ateratzen ez zaizkionean erantzukizunik ez duen gobernu bakarra". PP eta PSOEk aurrekontuen aurka bozkatuko dute eta ikuskizun dago SA talde parlamentarioak zer jarrera hartuko duen. Ramon Etxezarreta Donostiako PSE-EEko zinegotziaren ustez, berriz, "aurrekontuak ateratzen ez dituen Gobernua, aurrekontuak ateratzen ez dituen Gobernua da". 'Nafarroa bai' koalizioa eta ezker abertzaleak aurkeztutako proposamena ere hizpide izan dituzte.

2003ko abenduaren 26a
12:28
Entzun
Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioak izan dezake asteleheneko osoko bilkuran aurrekontuak ateratzeko giltza. SAk ezezkoa bozkatzen badu, PP-PSE-EErekin bat egitea leporatuko dio SAri Gasteizko Hirukoak, eta Hirukoaren alde egiten badu "terroristekin bat egitea" leporatuko diote EAJ, EA eta EB-IUri. Hori dela eta, Pernado Barrena Batasuneko kidearen ustez, Gasteizko Gobernua da gauzak ateratzen ez zaizkionean erantzukizunik ez duen gobernu bakarra. "Gestioa daramanari gauzak ateratzen ez zaizkionean, berak egin beharko luke hausnarketa, zergatik ezin dituen aurrera atera", esan du Barrenak.

Barrenak adierazi duenez, PP eta PSE-EEk "ez dute borondaterik izan" aurrekontuez hitz egiteko, eta "SAk bai, borondate osoa du". Pernando Barrenaren esanetan, aurrekontuen gaia "errealitate politiko osoaren mikroagerpen bat da".

Ramon Etxezarreta Donostiako PSE-EEko zinegotziaren esanetan, "aurrekontuak ateratzen ez dituen Gobernua, aurrekontuak ateratzen ez dituen Gobernua da", eta une honetan aurrekontuen eztabaida hirugarren mailan dagoela.

Mikel Arana EB-IUko kideak ez du hain garbi ikusten asteleheneko osoko bilkuran zer gertatuko den. "SAk esaten du aurrekontu autonomistak direla, eta PP eta PSE-EEk berriz, esaten dute Ibarretxe planaren zerbitzura jarritakoak direla", adierazi du Aranak.

Markel Olano EAJren EBBko kidearen esanetan Gasteizko Hirukoa "egoera komodoan" dago. "SAk iaz beste jarrera bat zuen, eta Hirukoak orain arteko koherentziarekin jarraitu behar du, eta ez badira aurrera ateratzen ez dira ateratzen", esan du Olanok. Halaber, aurrekontuetan PSE-EEk jarrera "itxi, beligerante eta aurkeztezina" duela azpimarratu du.

'Nafarroa bai' koalizioa

Sabin Intxaurraga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuaren arabera, EAJ, EA eta Aralarrek Nafarroan lortutako akordioa "garrantzia handikoa" da. "Nafarroako abertzale eta euskaltzaleek horrelako zerbait eskatzen zuten, eta koalizio horrekin ordezkatuak aterako eta sentituko dira", adierazi du, baina zerrendaburu pertsona independiente bat jartzea ez du begi onez ikusten.

Markel Olanok ondo ikusten du zerrendaburu independiente bat jartzea, "Nafarroako euskaldunen aurkako satanizazio bat" dagoelako, eta "babes politikoa" eskatzen dutelako.

Pernado Barrenak ondo deritzo koalizioa sortzeari, baina plateamendua zehaztu behar dela azpimarratzen du. "Planteamendua bada Madrileko Diputatuen Kongresuan diputatu bat lortzea ahotsa izateko motz gelditzen da. Euskal Herria bezala Espainian agertzeko presta gauden edo ez da zehaztu behar dena", esan du Batasuneko kideak.

Etxezarretaren aburuz, "abertzaletasunaren etorkizunarentzat mugarri txiki" bat da koalizioa, eta ezker abertzale ofizialak kontuak atera beharko lituzkeela nabarmendu du. Olanoren esanetan, berriz, ezker abertzaleak hausnarketa egin behar du, "baina PSNk ere bai, ordezkari bat galdu behar duelako".

Bergarako proposamena

Euskal Herrian autodeterminazioaren alde dauden ia eragile guztiekin bildu direla azpimarratu du Pernando Barrenak, baina balorazio orokorra igandean egingo dutela aurreratu du berriz ere. "Lehenengo eta behin esan behar da ezezko borobilik ez dugula jaso, eta bigarrenik, eragile gehienek esan digute planteamenduaren oinarriarekin ados daudela", esan du Batasuneko kideak.

Intxaurragaren esanetan, "indarkeriak asko baldintzatzen" du horrelako akordio bat lortzeko garaian. Barrenak, ordea, hori ezin dela ez hitz egiteko aitzakia izan, eta oztopoak mahai gainean jarri behar direla adostasunetara iristeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.