Barrenak urratsak eskatu dizkie Espainia eta Frantziari

Ezker abertzaleko kideak salatu du eskubide berdintasunik ez dagoela aukera politiko guztientzat

Erredakzioa
2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak Espainiako eta Frantziako estatuei eskatu die «konponbide demokratikoaren norabidean» urratsak egiteko. «Euskal Herria eta nazioarteko komunitatea bidaltzen ari diren mezua argia da: blokeoaren estrategia baztertu eta behingoz normalizazio politikoaren alde jarrera aktiboa hartu behar dute».

Urte eta erdi espetxean eman duen ezker abertzaleko kide Gorka Mayori eginiko harrera ekitaldiaren karietara bidalitako prentsa ohar batean, Barrenak salatu du «ezker abertzalearen legeztatzeari bidea ireki zaion honetan», Euskal Herrian oraindik ez dagoela eskubide berdintasunik aukera politiko guztientzat, eta «mendekuan oinarritutako espetxe politika kritikatu du. Hala, lan politikoa egiteagatik espetxeak «euskal militantez beteak» jarraitzen dutela esan du, eta Mayoren kasua gogoratu.

Iazko urtarrilean atxilotua izan aurretik, Mayok Txelui Morenorekin batera lan egin zuen, Nafarroan hauteskundeei begira ezkerreko indar abertzaleen arteko akordio bat lortzeko. «Berak kartzelan igaro duen urte eta erdian hainbat fruitu eta aldaketarako itxaropena ekarri duen aliantza garatu da. Hori izan zen haren ekarpen politiko handietako bat, eta horregatik zigortu zuten», nabarmendu du Barrenak.

Aste honetan ere, Mayorekin batera atxilotutako beste hiru lagun utzi dituzte aske: Patxi Arratibel, Iker Moreno eta Miguel Angel Llamas. Eta 2010eko irailean atxilotutako beste zortzi lagun: Egoitz Garmendia, Urko Aierbe, Aniaiz Ariznabarreta, Joxe Aldasoro, Rosa Iriarte, Eneko Compains, Erika Bilbao eta Ugaitz Elizaran. Bi polizia operazioak Nafarroan egin zituzten Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak aginduta. Denek salatu zituzten torturak. Mehatxuak eta galdeketa luzeak jasan zituela adierazi zuten eta galdeketak, bereziki, ezker abertzalearen estrategiaren ingurukoak izan zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.