Barriuso: «Zentzugabea eta ulertezina da Pannaghen aurka horrela jotzea»

Atxiloketen ostean, elkartearen jarduna baimendua, gardena eta publikoa dela berretsi dute bazkideek

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Jarduerak geldiarazita, kontu korrontea bertan behera utzita, egoitza itxita eta webgunea zein bloga blokeatuta dauzka Pannagh elkarteak, azaroaren 14an Martin Barriuso presidentea eta bi bazkide atxilotu zituztenetik. Bilbon atzeman zituzten. Droga trafikoarekin lotuta, osasun publikoaren aurkako delitua egotzi diete, baina akusazioak «funtsik» ez duela azaltzeko, agerraldia egin zuten atzo. «Zentzugabea eta ulertezina da gure aurka horrela jotzea», adierazi zuen Barriusok, eta elkartearen jardueraz harro dagoela berretsi zuen: «Gizarteari ekarpen positiboa egiten diogula uste dugu. Bestela, non daude gure ekintzen biktimak?»

Elkarteak «erabateko gardentasunez» funtzionatzen duela berretsi dute bazkideek. Batetik, Eusko Jaurlaritzaren elkarteen erregistroan onartuta dago; beraz, Pannaghen estatutuak ontzat eman ditu administrazioak, eta bertan argi adierazten dira elkartearen helburuak: «Kalamuaren labore partekatua sortu, zirkuitu itxi batean kontsumitzeko; eta bazkideek kontsumi dezaten, espazio pribatu bat eratu». Espainiako Auzitegi Gorenak kontsumo konpartitua onartzen duela gogorarazi du Barriusok.

Bestetik, zergak behar bezala ordaintzen dituela eta Bizkaiko Ogasunak hala egiaztatua duela argudiatu dute: «Kontutik ateratako diru guztia justifikatuta dago». Kontuan zeuden ehun mila euroen bidez, Pannaghek itxi zutenean soldatapean zituen bost pertsonen soldatak eta kalamuaren aurtengo uztan lan egin duten 40 lagunen sariak ordaindu behar zituen.

Marihuana nondik datorren argitu nahi izan du Barriusok. Pannaghek hamabi lursail txiki dauzka alokatuta baserri batzuetan. Bertan, kalamua landatzen dute, modu ekologikoan: «Nekazariak arduratzen dira batik bat landareez, baina bazkide batzuek ere parte hartzen dute, landareak zaintzen edo poltsetan sartzen». Nekazariek dirusari osagarri bat jasotzen dute, «ez baitago honetatik bakarrik bizi denik».

Sistema horren bidez kalamuaren kalitatea kontrolatzen dute, non eta nork ekoitzita dagoen badakitelako. Bildutakoan, marihuana segurtasun biltegi batean gordetzen dute, eta poltsa bakoitzean elkartearen logoa, erregistro zenbakia, eguna, pisua eta ekoizlearen datuak adierazten dituzte. «Oso droga trafikatzaile arraroak gara», esan du ironikoki; «Trafikatzaileek ez dituzte euren datuak ematen droga zorroetan».

Bilboko Udaltzaingoak adierazi zuen egoitzan 78 kilo marihuana zeudela, baina, Barriusoren esanetan, 50 baino ez zeuden erabiltzeko moduan. «Lau kilo 2005eko operazioan konfiskatu eta itzulitakoak ziren [epaileak auzia artxibatu egin zuen]; bulegoan gordeta neuzkan, oroigarri gisa. Eta beste 21 kilo uztaren hondakinak ziren». 50 kilook elkarteko 300 bazkideen artean banatuta, bakoitzak 0,45 gramo jasoko zituen egunean. «Elkarteak eguneko bi gramoan ezarri du kontsumoaren muga; Osasunaren Mundu Erakundeak eguneko 3,5 gramoan jarri du mendekotasunaren muga».

«Beharrik gabeko» operazioa

«Legea defendatzen dutenek egiten dituzten lege-hausteez» ere jardun da Barriuso. Atxilotzeko unean udaltzainak agindu judizialik gabe jardun zirela salatu du; haren hitzetan, ez zizkieten eskubideak irakurri, abokatuari bi egun pasatuta deitu zioten, eta legeak ezarritako 72 orduetatik gora egon ziren atxilotuta, epailearen aurrean deklaratu aurretik.

Polizia operazioa bera «neurriz kanpokoa» izan zela salatu du, eta gastu «zentzugabea» eragin zuela, baliabide gehiegi erabili zirelakoan. Halako operaziorik egiteko inolako premiarik ez zegoela nabarmendu du: «Elkartearen jarduna erabat publikoa da, eta informazioa eskura dago nahi duenarentzat».

Era berean, bazkideek nabarmendu dute gizarte mugimendu bat direla. «Bazkide guztiak adindunak gara, eta gure gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu», azaldu du Mikel Isasik. Kontsumo arrazionalizatuan sinesten dutela eta marihuana legeztatzearen aldeko proposamenak egiten jarraituko dutela berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.