Barruan azterketan, kanpoan protestan

Ia 65.000 herritar ari dira egunotan Osakidetzan zein Hezkuntzan jarduteko oposizioetan. Atzo, euskararen presentzia hutsala, deialdiaren «iruzurra» eta murrizketa sozialak salatzeko baliatu zuten deia eragileek.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Barakaldo
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Milaka lagun, 16.000 baino gehiago, azterketa bera aldi berean egiten. Erabateko isiltasuna, milaka buru pilatzen dituzten Barakaldoko BEC erakustazokako areto handietan. Osakidetzan zaintzaile gisa jarduteko eskaini diren 120 lanpostuetako bat lortzeko proba da; Osakidetzan eta Hezkuntzan 1.493 lanpostu betetzeko ostiralean hasi eta gaur arte ia 65.000 lagun egiten ari diren azterketetako bat. 09:45ean, azterketako orriak betetzen ari dira zaintzaile aritu nahi dutenak.

Jendea atzera eta aurrera dabil azokako pasilloetan, eta pertsona jakin batzuek erakarri dute segurtasunerako zaintzaile ari direnen atentzioa. Gainontzekoei baino gehiago begiratzen diete haiei. Baina ohartu direnerako, eskailera batzuetatik pankarta handi bat zintzilikatu dute: Osakidetza euskaraz. EHE Euskal Herrian Euskaraz-en sinadura du.

Kendu ere, protestariak ohartu aurretik kendu dute pankarta zaintzaileek. Beste bat agertu da aurreko eskaileretatik zintzilik. Lelo bera du. Arinago ibili dira bigarrenean zaintzaileak, eta itsatsi aurretik, eskuetatik kendu diete plastikoa protestariei.

«Zer jartzen du?», galdetuz gerturatu da azterketa egitera joandako mutil bat. «Osakidetza euskaraz». Gazteak ez du, hala ere, ulertu. «Eta, zer esan nahi du horrek?». «Ba, Osakidetzan euskaraz jarduteko aukera eskatzen du». Harridura aurpegia jarri du: «Eta, zer eskatu behar dugu orduan andaluzek? Andaluziatik nator ni». Berekin den lagunak erantzun dio: «Baina hori erraz ulertzen da: Osakidetza, euskara. Argi dago». Berean jarraitu du galdezka etorri denak: «Bai, baina kostatzen zait ulertzea».

Euskaldunek administrazio publikoan euskaraz aritzeko eskubidea aldarrikatuz elkarretaratzea egiten ari da ordurako EHE azokaren kanpoaldean. Euskaldunak Osakidetzan bere hizkuntzan artatuak izateko eskubidea gauzatu dadila eskatuz. Zerbitzua euskaraz eskaintzeak esan nahi du bertako langileak euskaldunak izango direla ziurtatzea. Baina EHEk ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak eskainitako lanpostu publikoetarako jarritako baldintzen ondorioz eskubidea urratzen jarraituko dutela. Oposizioetan aintzat hartzen diren balioen artean, %10 baino gutxiagoko lekua du euskaraz jakiteak. «Benetako euskalduntze plana» eskatu du taldeak.

Aldarrikapen gehiago ere izan dira BEC kanpoaldean. Elkarretaratzea egin du LABek ere. Jaurlaritzaren jarrera salatu du, «iruzurra» egiten ari dela uste duelako. Hauteskunde kutsua ikusi die Osakidetzako oposizioei. Osasun sistemaren beharrak betetzeko askoz lanpostu iraunkor gehiago behar liratekeela dio, eta horiek «kalitatezkoak» izan beharko luketela, herritarrei ere kalitatezko zerbitzua eskaintzeko.

Baina Jaurlaritza oso bestela ari dela salatu du, «murrizketak»aspalditik ezartzea egotzita: «Soldata jaitsi digute; gaixotzen bagara, zigortu egiten gaituzte; gaixo daudenak ez dira ordezkatzen; eta lan zama izugarri handitzen ari da». Edurne Agirrek ohartarazi du hori dela-eta osasun kalitatea nabarmen okertzen ari dela. «Horrela jarraitzen badugu, osasun sistema ez da izango ez unibertsala, ez kalitatezkoa eta ez doakoa».

EHEren eta LABen elkarretaratzeen artean, Barakaldoko hainbat gizarte eragilek egin dute protesta. Gizarte zerbitzuetan murrizketa gogorrak egiten ari diren bitartean, «zentzugabeko» proiektu eta egitasmoetan dirutza xahutzen ari dela salatu dute. Berri-Otxoak elkarteak ohartarazi du Espainiako Vueltak Euskal Herrian jango duen dirutzaz: 300.000 euro ditu gordeak Jaurlaritzak. Barakaldoko Udalak, bertatik abiatuko dela eta, 20.000 eurorekin lagunduko du Vuelta.

Irakaskuntzan lanpostu bat lortzeko gaurko azterketara beltzez jantzita joatera deitu dute, sektorearen egoera salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.