Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bozen ondorena

Basagoiti ez da berriro aurkeztuko Jaurlaritzako lehendakarigai izateko

EAEko PPko buruak «aspalditik» zuen hartua erabakia, PPko iturriek berri agentziei adierazi dietenez

edurne begiristain
2012ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea egoera korapilatsuan utzi dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde emaitzek. 1990.urtetik alderdiak izan dituen emaitzarik txarrenak izan ditu, eta, 2009ko hauteskundeetatik, hiru legebiltzarkide eta 15.000 boto galdu ditu. Horrek eztabaida sortu du alderdiaren barruan, eta Basagoitiren kontrako kritikak areagotu egin dira alderdikideen artean. Jaime Mayor Orejaren ildoarekin bat datorren PPren sektoretik heldu zaizkio kritika gehienak,nahiz eta oraingoz Mariano Raxoi EspainiakoGobernuko presidentearen babesa baduen.

Egoera horretan, Basagoitik ez du Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko hautagaitza berriro aurkeztuko. Hala baieztatu diete PPko iturriek albiste agentziei. Iturri horien arabera, EAEko PPko presidenteak erabaki hori «aspalditik» hartua zuen. Basagoitik ez du oraindik erabaki hori ofizial egin.Edozein eratan, hauteskunde egunaren biharamunean bertan Basagoitik Cope irratian egindako elkarrizketa batean aitortu zuen kargua uzteko aukerari bueltaka dabilela. Bozek utzi duten egoerak «atsekabea eta ondoeza» eragiten diotela ere onartu zuen.

Astelehenean EAEko PPko buruzagitzak egindako bileran, Basagoitik ez zuen agertu dimisioa aurkezteko asmorik, eta alderdiaren zuzendaritzaren babesa jaso zuen, «orain arte bezala lanean jarraitzeko». Aurrez, PPren zuzendaritzak Madrilen egindako bileran ereburuzagiek baztertu egin zuten hark dimititzea.

Atzo berriro batzartu zenEAEko PPko zuzendaritza, Bilbon, hauteskunde emaitzak aztertzeko, eta Basagoitiren erabakia mahai gainean izan zuten. Bilera horretan erabakitakoaren berri gaurgoizeanemango du Iñaki Oiartzabal idazkari nagusiak, Gasteizen egingo duen agerraldi batean.

Maiatzetik presidente

Aurtengo maiatzean hautatu zuten Basagoiti EAEko PPko presidente, bigarrenez, alderdikideen %92,5en babesarekin. 2015ean egingo du alderdiak hurrengo kongresua, baina, PPko iturriek adierazi dutenez, ez dute baztertzen kongresua aurreratzea.

2008an izendatu zutenBasagoiti EAEko PPko buru, Maria San Gilek kargua utzi eta gero. Hurrengo urteko martxoan aurkeztu zuen aurreneko aldiz bere hautagaitza lehendakari izateko:13 eserleku lortu zituen orduan, 2005eko hauteskundeetan baino bi gutxiago. Patxi Lopez PSE-EEko hautagaiari babesa eman zion orduan Basagoitik, etasozialistekin akordioa sinatu zuen legegintzaldi osorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.