Basagoiti: «Jakin dezatela: Euskadi Espainia izango da aurrerantzean ere»

EAEko PP XIII. kongresua egiten ari da, Bilbon, eta Antonio Basagoiti presidente hautatu dute berriro

EAEko PPko buru izendatu dute berriz Antonio Basagoiti, botoen %92,5 jaso ostean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Antonio Basagoiti Euskal Autonomia Erkidegoko PPko presidente aukeratu zuten berriro atzo, alderdia Bilbon egiten ari den XIII. kongresuan. Ezuste gutxi egon zitekeen, hura baitzen hautagai bakarra. Ezuste gutxi, era berean, goizean ia 500 ordezkarik onetsitako lau txostenetan, aurretiaz adostuta baitzeuden. Idatziotan ezarri du alderdiak datozen urteetarako ildoa, «Euskadi lideratzeko eta defendatzeko proiektu politikoa». PPren helburua Eusko Jaurlaritza izaki, «nazionalismoaren alternatiba» dela berretsi zuen Basagoitik atzoko hitzaldian: «Euskadi Espainia pluralaren barruan indartzen da».

«Zentroko» alderdia eta «autonomista» da PP, presidentearen hitzetan: «Gure autogobernu konstituzionala defendatuko duena». Horrela, popularren eta sozialisten azken hiru urteetako elkarlanaren emaitzatzat jo du «Euskadin gauzak hobetu izana». Dena den, ETA desagertu ez dela-eta, «exijente» jardun beharra nabarmendu du, «demokraziak identitatearen diktadura garai dezan eta gizarteak fanatismo independentistaren aurkako txertoa jar dezan». ETAren helburua ez dela beteko ere azpimarratu du: «ETAk 50 urte daramatza hiltzen Euskadi Espainia izan ez dadin, baina Euskadi Espainia izango da aurrerantzean ere, ETAren ostean, gure seme-alaben garaian, gure bilobenean eta biloben hurrengoenetan. Jakin dezatela».

Ildo horretan, Basagoitik uste du «Euskadik beste mende bateko borroka eta eztabaidetatik» urrundu behar duela, baina abagune horretara «itzultzeko arriskua» ikusten du abertzaleen diskurtsoan: «EAJ eta Batasuna prestatzen ari diren borroka identitarioak ez du konponduko Euskadiren aurrerapena». PPk, aldiz, «demokraten arteko ulermen eta akordioen bidetik» jarraituko duela agindu du.

Aste honetan hautsitako gobernu akordioaz, ordea, ez zen askorik mintzatu atzo PPko presidentea, goizeko saioan kritikoago jardunda baitzegoen Alfonso Alonso Espainiako Kongresuko eleduna: «Non zegoen Patxi Lopez, Zapaterok ongizate estatua moztu zuenean? Ezin da hainbesteko aurpegia eduki, eta hain buru gutxi».

Botoen %92,5 jaso zituen Basagoitiren hautagaitzak. Harekin segituko du Iñaki Oiarzabalek idazkari nagusi, eta presidenteorde izendatuko dituzte Arantza Quiroga eta Anton Danborenea.

Nafarroan, Enrique Martin

Nafarroako PPk ere VI. kongresua egin zuen atzo, eta Enrique Martin parlamentari eta Tuterako zinegotzia hautatu zuten presidente, botoen %85ekin. Gabriel Perez izango da idazkari nagusi, eta Ana Beltran presidenteorde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.