EAEko PPko lehendakari Antonio Basagoitik «argi» dauka zer dagoen jokoan Eusko Legebiltzarrerako hurrengo bozetan. Harentzat, bi aukera baino ez daude: «EAJren eta ezker abertzalearen independentismoa», batetik, eta PPren «autonomismoa», bestetik. PSE-EEk ez dauka «jarrera definiturik», eta, beraz, Basagoiti Lehendakaritzarako hautagai aurkeztuko da «autonomismoaren gidari» gisa, «autonomismoa gidatzeko».
PPko buruarentzat bi eskaintza daude mahai gainean: «EAJtik hasi eta Bildu, Amaiur eta Batasuneraino aldarrikatzen duten independentismoa, batetik, eta PPk defenditzen duen autonomismoa; Gernikako Estatutuan oinarritutako Euskadi, hizkuntza, jatorri eta ideologia bazterketarik gabekoa».
Jarrera hori aurkeztuko du maiatzaren 12-13an EAEko PPk Bilbon egingo duen Kongresuan. Basagoitik ez du oraindik ofizial egin Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko lehendakari izateko hautagaitza, baina asmoa baduela berretsi du.
«Euskal herritarrei bide partekatu bat eskaini nahi diet, guztion Euskadi. Nahi dut PP izatea Espainiako lurralde honetan elkarbizitza posible dela uste duten guztien alderdia», esan du.
Basagoiti Jaurlaritzako lehendakarigai, «autonomismoa gidatzeko»
PPko buruaren arabera, bi aukera baizik ez daude: berea eta «EAJ eta ezker abertzalearen independentismoa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu