Independentzia eta EAJk horri buruz «ezkutuan» dauzkan asmoak. Kanpainan beste argudiorik gabe ari da Antonio Basagoiti, PPko lehendakarigaia. Hala aritu zen atzo ere: «EAJk ezkutuan dauka plana. Urriaren 22an, ikusten badu indarra daukala, erreferendum bat bultzatuko du euskal estatuari eta Espainia konstituzionala zatitzeari buruz». EAJren boto-emaileei dei egin die: «Herritarrak ez dira engainatu behar. Kudeaketarako ez, independentziaren bidea indartzeko izango dira EAJri emandako botoak».
Independentziaren aurka egiteko, Alicia Sanchez Camacho izan zuen alboan Basagoitik; Kataluniako PPko presidentea eta bo-zetarako hautagaia da Camacho.
Katalunian independentziaren inguruan hasitako bidea hizpide hartuta egin zuen lotura Basagoitik. Haren arabera, Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak Artur Mas Generalitateko presidentearen bide bera hartuko du Eusko Jaurlaritzara iristen bada: «Ibarretxe planaren gisako bat dauka Urkulluk. Masek hasitako bidearen berbera da Urkullu plana». Kanpainan hori ezkutatzen aritzea egotzi dio EAJri Basagoitik.
Bide beretik jo du Camachok ere: «Bai Katalunian eta bai Euskadin, baztertzailea da nazionalismoa. Horiek atzean lagatzea da erronka». Urkulluk Masi jarraituko diola errepikatu du: «Bigarren mesiasa izan asmo du Urkulluk».
Krisiari buruz gutxi ari da hitz egiten Basagoiti kanpainan. Izatekotan ere, independentziari buruzko eztabaidarekin lotuta mintzo da krisiaz: «Nazionalistak krisia aprobetxatzen ari dira. Aldarri horiek ez dute batere onik egiten ekonomia berpizteko, eta, gainera, irudi txarra zabaltzen dute. Elkarri laguntzea behar dugu une honetan. Solidaritatea behar da».
PP, «moderaziorako» berme
Krisiari aurre egiteko «egonkortasuna» ezinbesteko dela ohartarazi du Basagoitik, eta alderdi abertzaleei botoa emateak horrelakorik ez duela ekarriko. «Jokoan bi aukera ditu Euskadik: Espainiaren barruan lurralde indartsua izan edo arriskuz betetako bide subiranista bat hasi». EAJk hori egin nahi du, haren iritziz. «Eta EH Bilduri gustatzen zaio».
Horri aurre egiteko botoa eskatu du PPk. «Parlamentua moderaziora bultzatzeko eta une garrantzitsuetan elkar ulertzea sustatzeko behar dugu botoa». Basagoitiren helburua PP giltzarri izatea «norabidea» markatzeko orduan.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Basagoitik independentziari buruz hizketan jarraitzen du: «EAJk ezkutatua du plana»
PPko hautagaiak berriz ere ohartarazi du bozak igarotzean «zatiketara» joko duela Urkulluk EH Bilduren laguntzaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu