Basauriko (Bizkaia) kartzelan otsailean hildako preso bat “medikuek garaiz ez artatzeagatik” hil zen, Salhaketa preso sozialen giza eskubideen aldeko taldeak gaur salatu duenez.
Hildakoaren izenik ez du eman Salhaketak, bai, ordea, izen-deituren lehen letrak eta adina: Bilboko N.I. izeneko gizonezkoa zen, 44 urtekoa. "Otsailaren 19ko arratsaldean hil zen, bat-batean, itxura batean kausa naturalek eraginda, behin-behineko autopsiak dioenez, baina hau baieztatu egin beharra dago". Hildakoa bederatzi hilabeteko zigorra betetzen ari zen, eta bi hilabete zeramatzan Basauriko espetxean.
Salhaketaren arabera, hildakoaren senide eta preso kideen azalpenak aintzat hartuta, hura "ordu eta erdi baino gehiago" aritu zen laguntza eske, medikuak iritsi arte. "Arrazoi horrexegatik salatu nahi du familiak [Basauriko] kartzela zuzendaritza, mediku artatze-eza argudiatuta. Salaketa horrekin bat egingo dugu familiarekin, eta dagozkion epaitegietara lagunduko dugu".
Era berean, familiak publiko egin nahi izan du kartzelako zuzendaritzaren aldetik jasotako tratua, Salhaketaren arabera hark ez baitio "inolako azalpen edota doluminik helarazi".
Kartzeletako osasun artatze "eskasa"
"Kartzelan gertatutako beste heriotza honek mahai gainean jarri du berriz ere Espainiako Estatuko kartzeletako osasun artatzearen arazoa. Eta baieztatu egin digu urteotan salatzen ari garen errealitate inhumanoa: kartzela osasuna galtzeko espazioa da, eta horretan abandonatzen ditu gizarteak bere sektorerik baztertuenak; askatasuna galtzera zigortu ez ezik, haien eskubide askoren -osasunerako eta bizi duin baterako eskubideak, kasu- okerragotzera zigortzen ditu", dio Salhaketak.
Horrexegatik beste behin salatu ditu kartzelan gertatutako heriotzak, eta espetxeetako agintariei, Espainiako Gobernuari eta euskal gizarteari kartzela guzietan "giza eskubide guziak osoki bermatzeko" eskatu die. "Pertsona askeek dituzten osasunareko eskubideak berdintasunean bermatu behar zaizkie pertsona presoei, eta kartzelako baldintzek edota egonaldiak okerragotzen dituzten gaitzak jotako presoak askatzeko exijitzen dugu".
"Jakin izan dugu iaz eta aurten jakinarazitakoa baino heriotza gehiago izan litezkeela Basauriko espetxean, eta horrexegatik, Fiskaltzari eskatuko diogu azken heriotza hori eta lehenagotik gertatu izan litezkeenak ikertzeko eta publikoki azaltzeko zenbat heriotza eta nola gertatu diren 2008an eta 2009an Basauriko espetxe horretan".
Presoak
Basauriko kartzelan preso bat “medikuek garaiz ez artatzeagatik” hil zen, Salhaketaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu