PPk Bastidako alkatetzari eutsiko dio, Lasa Baik uko egin baitio zentsura mozioari

Lasa Bai herri plataformak ez du onartu EH Bilduren proposamena, eta PPren esku jarraituko du Arabako Errioxako udalerri sinboliko horren aginte makilak.

UDAL OSAKETA - BASTIDA
Bastidako udal osaketa, hauteskundeen ostean. M.O
xabier martin
2024ko urtarrilaren 10a
15:15
Entzun

PPk ez du galduko Bastidako (Araba) alkatetza, Lasa Bai herri plataformak uko egin baitio Daniel Garciaren aurkako zentsura mozioari. Hala, Mañuetakoarekin batera —hura ere Arabako Errioxan—, PPk Hego Euskal Herrian duen beste alkatetzari eutsiko dio.

Udal hauteskundeen osteko arretagune nagusietako bat izan zen Bastida. PP izan zen boto eta zinegotzi gehien eskuratu zuen alderdia, baina EH Bildu prest azaldu zen EAJko zerrendaburuaren alde egiteko, alkatetza jeltzaleei emateko. EAJren Araba Buru Batzarrak ez zuen begi onez ikusi, eta horren eraginak nabarmenak izan ziren: alkatetza PPrentzat izan zen, eta EAJren zerrendan aurkeztutako zinegotziek alderdia utzi eta Lasa Bai plataforma eratu zuten.

Bada, EH Bilduren eskaintza jaso du asteon herri plataforma horrek PPko alkatearen kontrako zentsura mozioa aurkezteko, baina ez du onartu, eta, horrenbestez, iazko ekainean EAJk uko egindako Bastidako alkatetza ez da itzuliko alderdi abertzaleen eskuetara, Lasa Bain dauden zerrendakide jeltzale ohiek ez baitute egoki ikusi. «Ez diogu uko egiten zentsura mozioaren lanabesari, baina horren arrazoiak udal gobernuari egotzi behar zaizkio», esan du Lasa Baik, ohar baten bidez. Herri plataformak esan du «ezustean» harrapatu duela EH Bilduren proposamenak, eta badutela «eskuina eta eskuin muturra egiten ari diren ekintza higuingarrien» berri, baina «arrakala handia» dagoela hori jakitearen eta «Bastidako udal gobernuari egoztearen artean».

«Bulegoetako politika berriro»

EH Bilduri jakinarazi diote jakin nahiko luketela zein diren koalizioak Bastidarentzat dituen proiektuak, eta informazio hori jakin nahi zutela EH Bilduk zentsura mozioaren «oharra prentsa, irrati eta telebistetara bidali aurretik». Uste dute «bulegoetako politikak lokatzetara» eraman duela berriro Bastida, azken astean herriak duen egoera dela eta. Baina, zentsura mozioa bazter uztearekin batera, Lasa Baik gogoratu bost zinegotzi lau baino gehiago direla, eta «gobernabidea gehiengoak osatzen dituztenen esku» dagoela.

Asteon, EH Bilduk azaldu du maiatzeko hauteskundeetako emaitzek bide ematen dutela «udal gobernu plural eta aurrerakoi bat» eratzeko. Koalizioak azaldu duenez, Lasa Bairi egindako proposamenaren helburuak dira «eskuin muturreko jarrerei ateak ixtea» eta «udalerria biziberritzeko eta aurrera egiteko» gobernu bat osatzea: «Alderdi Popularraren politika kontserbadore kaltegarriei ateak itxiko dizkien udal gobernu bat». Izan ere, salatu du PPk azken hilabeteetan izandako jarrerak aldaketa «beharra» areagotu duela.

Koalizioaren hitzetan, Bastidako herritarren gehiengoarekin bat egingo lukeen gobernu bat litzateke Lasa Bairen eta EH Bilduren artekoa, «berdintasuna, aniztasuna, feminismoa eta Euskal Herriaren nazio aitortza» defendatuko lituzkeena: «Bastidako bizilagunen ongizatea erdigunean jartzeko, bai eta udalerriaren garapena ere, unean uneko erronka nagusiei erantzuna emanez, hala nola etxebizitza, gazteria, garapen ekonomiko eta soziala edo trantsizio energetikoa».

Lasa Bai plataformaren eraketa

Maiatzeko hauteskundeetan, PPk bost zinegotzi eskuratu zituen; EAJk, hiru; eta EH Bilduk, bi. EAJren Araba Buru Batzarrak, baina, alkatetzara aurkeztea galarazi zion Eduardo Barinaga alderdiaren alkategaiari; EITBko zuzendari nagusi ohia ez da bastidarra, baina etxe bat dauka han aspaldian. Hark dimisioa eman zuen inbestidura saiorako 48 ordu falta zirela, eta, akta jaso gabe, EAJko zinegotziek ezin izan zuten beste hautagai bat aurkeztu.

Horiek horrela, PPko Daniel Garciak eskuratu zuen kargua. Udal osaketan, ekainaren 17an, EAJko hiru zinegotziek gogor salatu zuten alkatetza, PPri errazteko Euzkadi Buru Batzarraren erabakia. EH Bilduren bi zinegotzien babesa onartu izan balute, EAJk aginte makila eskuratuko zuen, baina ABBk aukera hori baztertu zuen. Hala, hiru zinegotziek deliberatu zuten alderdia uztea. Aintzane Prieto EAJko zinegotzi ohiak udala osatzeko bilkuran azaldutakoaren ondoren, ez zegoen tarte handirik ezusterako. Durangon, Gasteizen eta Gipuzkoako Foru Aldundian, jeltzaleek PPren babesa jaso zuten, eta, babes hori gauzatu aurretik ere, Prietok argi helarazi zuen Bastidako EAJko hautagaitzaren «ezinegona eta, zergatik ez esan, nazka», egoera hori dela eta. EAJko zinegotzi ohiek herri plataforma bat sustatu zuten handik aste batzuetara: Lasa Bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.