Bat-egiterik gabe EAEko kutxak hazteko aukerak galtzen ari direla dio Etxeparek

Aurten 215 milioiko irabazi garbiak izango dituztela iragarri du Kutxako presidenteak

Estitxu Elduaien.
2007ko urriaren 20a
00:00
Entzun
EAEko kutxen bat egiteari ekiteko eskatu du Carlos Etxepare Kutxako presidenteak. Beste behin. «Bat-egitea gauzatzen ez den bitartean aukerak galtzen ari garelako». Etxaperen ustez, bat-egitea ez gauzatzeak kostu bat ekarri die EAEko kutxei: «Orain banaka garatu ezin ditugun proiektu askogauzatzeko aukera emango liguke batzeak, egun planteatu ere egin ezin ditugun proiektuak. Bat-egite gabe, proiektu horien guztien ateak ixten dira».

Adibide batzuk ere eman ditu Kutxako presidenteak. Finantza negozioa nazioartera hedatzeko ahaleginetan, esaterako, «bat egindako kutxaren emaitzak eta eragina oso desberdina» izango litzatekela dio Etxeparek. Enpresa txiki eta ertain, banka eta inbertsioen negozioetan ere «oso bestelako» jarduera izango lukeela uste du, eta «inbertsio politika orokorra bera ere» baldintzatuko lukeela. Etxepareren ustez, baliabideen administrazio kostuetan bat egiteak izango lukeen eraginkortasunak «berak bakarrik ere justifikatuko lukeela bateratzea».



GIZARTEA ERE GALTZEN. Gizartea ere aukera bat galtzen ari dela uste du, gainera, Kutxako presidenteak: «Kutxak gara bezeroek gure esku utzitako dirua gestionatu osteanberriro ere oso-osorik gizarteari itzultzen diogun bakarrak». Horri horrela izanda, kutxak bat eginez gero emaitzak hobeak izango liratekela uste du Etxeparek, eta «horrenbestez, herritarrei bueltan emango geniokeena ere bai».

Baina oraingoz bat egite prozesua geldirik dagoela ikusten du Kutxako presidenteak. «Ez naiz ezkorra, baina ezta baikorra ere, errealista naiz», dio. Bat egiteko «baldintza egokienak» iristen direnean egiteko eskatu du, baina baldintza horiek ez ditu zehaztu. «Legea aldatzea da aurreneko pausoa, hori egin ezean, beste guztia ezinezkoa da». Hori, eta «Kutxaren batzar nagusiaren onespena». Baina gai hori ezzuten jorratu atzoko batzar nagusian. «Oraindik ezer zehatzik ez dagoelako».

Bitartean Kutxak bere bidea jarraituko du. Hala dio presidenteak. «Bat-egitea egin edo ez, guk gure enpresa planarekin jarraitu behar dugu, Hamar planean jasotako asmo eta helburuekin». Eta gustura dago bide horretan lortzen ari diren emaitzekin, gainera. Urte honetan 215 milioi euro garbi irabaziko dituztela aurreikusi du presidenteak, iaz baino %10 gehiago, eta plan estrategikoan jasotzen dituzten helburuak jada bete dituztela. Kutxak «sendotasun handia eta finantza osasun bikaina duela argi erakusten dute datuek» Etxepareren ustez; «orain, egoera bikain hori egungo ziurgabetasun egoerari aurre egiteko aukera bihurtzea izango da gakoa». Ziurgabetasun egoera horrek Kutxari ez diola eragiten nabarmendu nahi izan du, eta AEBetako hipoteken krisiak 2007ko emaitzetan «inolako eraginik ez» dutela izan ere bai.

Datorren urtetik aurrera ere «emaitza eta gestio on horiekin» jarraitzeko esperantzak ditu Kutxak. Plan estrategikoan jasotakoari jarraituko diotela esan du Etxeparek. Gipuzkoan politika komertziala indartzeko xedea dute: «bezeroei zerbitzu hobea emateko ordu gehiago eskainiko dizkiegu, eta komertzial gehiago izango ditugu, besteak beste».



NAFARROA, HELBURU. Nafarroa izango da datorren urterako beste helburu estrategiko bat. «Gipuzkoan eskaintzen dugunaren adinako zerbitzua eskaini nahi dugu bertan». Etxepareren hitzetan, «oso izen ona du Kutxak Nafarroan», eta «horri gertutasun fisikoa gehitzen badiogu, merkatu ezin hobea da guretzat».

Banka elektronikorako asmo berriak ere badituztela iragarri du presidenteak. «Guztiz berrituko dugu zerbitzu hori, lehentasuna izango da».

Eraikuntza alorrean orain arteko bidetik jarraituko duela ere berretsi du Etxeparek. Etxebizitzen sektorea moteltzen ari dela onartu du presidenteak, baina Kutxak sektore horretan egiten dituen inbertsioak «oso neurtuak eta aztertuak» direla esan du. Inbertsioen %11 bideratzen dute eraikuntzara, «eta gainerako inbertsioekin ondokonpentsatuta dago arriskua», haren ustez. Kutxak sektore horretan egiten dituen eragiketetan «normaltasuna» nagusi dela berretsi du presidenteak.



«Bat-egiteari dagokionez, ez naiz ezkorra, ezta baikorra ere; egoera den bezalakoa da, eta ni errealista naiz»

«Eraikuntza sektorean egiten ditugun inbertsioak ondo neurtuta eta aztertuta egiten ditugu»

carlos etxepare
kutxako presidentea




Bere komisioak «besteenak baino merkeagoak» direla esan du Kutxak

LAB sindikatuak bere izaera soziala galdu izana leporatu zion herenegun Kutxari. Horren adibide, aurrezki kutxak herritar xumeenei komisioak igo eta interesak murrizteko asmoak dituela salatu zuen. Besteak beste, aurrezki kutxen mugimenduko komisioak kobratzen hasteko asmoa du Kutxak, eta mantenu komisioa ia bikoiztekoa.

Komisio horiek igota ere «aurrezki kutxa eta bankuen merkatuetan dauden merkeenak» direla nabarmendu nahi izan du Carlos Etxepare Kutxako presidenteak. Datuok eman ditu: bankuek pertsonal gastuak ordaintzeko komisioen %103 erabiltzen dituzte. Aurrezki kutxek, berriz, %88. «Guk, Kutxak, %68 soilik erabiltzen dugu pertsonal gastuak ordaintzeko».

Etxepareren hitzetan, komisio berriak onartu arren, «Kutxako bezeroen %70ek ez dute ezer ordainduko, eta gainerakoek ere oso gutxi».

Oso bestela mintzatu zen, ordea, LAB, herenegun. Komisio berriek errenta gutxiena dutenei eragingo diela esan zuen, eta kontu korronteetan diru gehien duten «pertsona bakanak» sarituko dituela. Kutxari bere benetako izaera ez ahazteko eskatu dio LABek: «Ezin du ahaztu bankuetara iritsi ezin zuten bezero xumeagoen zerbitzurako jaio zela, eta haren lehentasunak ezin duela izan etekinak irabaztea soilik». Horren inguruan hau esan du Etxeparek: «Komisiorik ez kobratzea erabaki genezake, baina kobratzea erabaki dugu, hori da guztia». Demagogiarik ez egiteko eskatu dio LABi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.