Bat nahikoa ez, eta hiru etxegabetze batera

Azken orduko konponbiderik ezean, Erandioko bikote bat etxegabetuko du ostiralean UCI finantza erakundeak. Ez hori bakarrik: bikotekideen gurasoak ere haien etxebizitzetatik kaleratuko dituzte. Egoera salatu du haien abokatuak.

Etxegabetu nahi duten bikotea, haien etxearen aurrean, Erandion. BERRIA
Etxegabetu nahi duten bikotea, haien etxearen aurrean, Erandion. BERRIA
gotzon hermosilla
2025eko azaroaren 19a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela zenbait urte bazirudien gauzak ondo zihoazkiola Naiarak eta Asierrek osatutako bikoteari —ez dute abizenik eman nahi izan—: lurzoru bat jaso zuten oinordetzaz Erandion (Bizkaia), eta han etxebizitza bat eraikitzea erabaki zuten, Asierren anaiarekin eta haren orduko bikotekidearekin batera bizitzeko. Baina, apurka-apurka, gauzak okertzen hasi ziren: bigarren bikote hura banatu egin zen, horren ondorioz hipotekan egin beharreko aldaketak negoziatzeko harremanetan jarri ziren UCI Union de Creditos Inmobiliarios finantza erakundearekin —Santander bankua da haren jabea—, eta hark bikotea behartu zuen kontratuan beste aldaketa bat egitera: Naiararen gurasoak eta Asierrenak «zorrik gabeko hipotekatzaile» gisa agertzea kontratuan, haien ondasunak berme gisa jarriz.

Bikotearen abokatu Elena Pradok dioenez, UCIk egindako «iruzurra» izan zen hori. Eta ez zen bakarra izan: krisiaren ondorioz lanik gabe geratu eta hipoteka ordaintzeko arazoak hasi zirenean, ikusi zuten zorra gero eta handiagoa zela interesen zati bat ordaintzen ari ziren arren, «abusuzko klausulaz beteriko kontratua» zela eta.

2019an, demanda bat jarri zuten, abusuzko klausula horiek indargabetu ahal izateko. Egun, auzia Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain dago. «UCIk zera egin du: badakienez prozedura betearazlea askoz azkarragoa dela, hortik jo du, Gorenak zer erabakiko itxaron beharrean». Ondorioa oso larria da: aldaketarik ezean, Asierrek eta Naiarak euren etxetik atera beharko dute etzi. Eta ez hori bakarrik: bi bikotekideen gurasoek ere euren etxebizitzak galduko dituzte. Printzipioz, 10:30ean egitekoak dira hiru etxegabetzeak.

«Epaileak bere esku dauka biderik ez ematea oso ondorio larri eta konponezinak ekarriko dituen egoera bati»

ELENA PRADO Abokatua

Prado bide guztiak jorratzen ari da kaleratzeak geldiarazteko, baina oraingoz ez du arrakastarik izan. Bilboko Lehen Instantziako 12. epaitegiak entzungor egin die aurkeztutako helegite eta arrazoi guztiei, eta bereari eusten dio, Gorenak eta Europako auzitegiek ezarritako jurisprudentzia kontuan hartu gabe. Epailearen argudioa da defentsak aurkezturiko helegite guztiak «bere garaian» ebatziko direla, baina, bitartean, etxegabetzeak exekutatu egin behar direla; «horrek ekarriko dituen kalte konponezinak aintzat hartu gabe», Pradok salatu duenez. Erandioko gizarte zerbitzuek egindako txosten bat ere badago: han argi eta garbi azaltzen da familiak pairatzen duen zaurgarritasun egoera, baina hori ere ez du aintzat hartu epaileak.

Etxegabetzeak gauzatzen badira, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzeko asmoa du Pradok. Baina ez luke horretara iritsi nahi: «Epaileak bere esku dauka biderik ez ematea oso ondorio larri eta konponezinak ekarriko dituen egoera bati», azaldu du. «Gainera, horrek ez lioke inolako kalterik ekarriko UCIri; ondorio bakarra litzateke, larunbatean bertan etxebizitza horiekin espekulatzeko aukera izan beharrean, apur bat gehiago txaron beharko lukeela». Aste honetan ahalegindu da epailearekin hitz egiten, baina «kanpoan» dagoela esan diote. Bihar saiatuko da berriro.

«Kalte emozionala»

Pradok nabarmendu duenez, ondorio ekonomikoez edo ondasunetan eragindako kalteez gain, «kalte psikologiko eta emozional oso larria» sortzen ari da egoeraren ondorioz. Haren esanetan, Asier eta Naiara «oso gaizki» pasatzen ari dira; bestalde, Naiararen aitak bihotzeko arazoak ditu, eta egoera hau kalte handia egiten ari zaio osasunean: «Guraso horien delitu bakarra izan da beren seme-alabei lagundu nahi izatea, eta orain dena galtzeko zorian daude».

Pradok ez du esperantza galdu nahi: «Gerra ez da galtzen azken bataila galtzen den arte, eta, auzi honetan, guk erabakiko dugu zein den azken bataila; etxegabetzeak egiten badituzte, Europara jotzeko asmo irmoa dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.