Politika

Batasuna hauteskundeetara aurkeztearen alde daude Olano, Etxezarreta, Barrena, Intxaurraga eta Arana

Batasunak EAEko hauteskundeetara aurkezteko asmoa duela jakinarazi du. Erabaki horretaz iritzia eman dute gaur Goiz Kronikan EAJko Markel Olano, PSE-EEko Ramon Etxezarreta, Batasuneko Pernando Barrena, EAko Xabin Intxaurraga, eta EB-Berdeetako Mikel Aranak. Denek esan dute Batasunak hauteskundeetara aurkezteko aukera izan beharko lukeela, baina analisi ezberdina egiten dute.

2005eko otsailaren 25a
11:20
Entzun
Pernando Barrenak (Batasuna) esan du, beraiek "esan beharrekoa" esan dutela. Izan ere, "aldez aurretik baziren jarrera batzuk, nahiko tinkoak zirenak, Jaurlaritzako Lehendakari Juan Jose Ibarretxeren eskutik zein Espainiako Gobernuaren eskutik". Ibarretxek hauteskundeak bi hilabete lehenago egitea erabakitzeaz, gogorarazi du, beraiek esan ziotela Ibarretxeri "aurrerapausoak emateko aukerak guztiak kaltetzen zituela". Hala ere, ez direla "eraginkorrak" izan onartu du. Bestetik, Espainiako Gobernuaren jarrera legoke, Batasunarentzat. Hark luke gainera, Barrenaren ustez lehendabiziko erantzukizuna, Alderdien Legea aplikatuz, eta "eskubide zibil eta politikoak urratzen dituen neurri batzuk hartuz". Espainiako Gobernutik datozen, diskurtsoak eta praktikak ez datozela bat azpimarratu du.

Mikel Aranak (EB-Berdeak) Barrenari esan dio, erantzukizun bakarra Espainiako Gobernuarena dela. "Guk, Jaurlaritza bezala edo alderdi bezala ez daukagu erantzukizunik", esan du. Batasunari "eroso" jokatzea leporatu dio, "beti besteei begi, eta besteon gainera erantzukizun guztia botaz".

"Aukera guztiak izan beharko lituzkete" esanez hasi da Xabin Intxaurraga (EA). Espainiako Gobernuaren jarrera zein den ikusita, Intxaurragak ez du uste "onartuko dutenik".

Ramon Etxezarretaren (PSE-EE) iritzian, "desiragarria" litzateke Batasuna hauteskundeetan egotea, baina "zaila" ikusten duela onartu du. Izan ere, "Batasunaren legez kanpo uztea ETAren jardunak eragiten du, eta momentu horretan jardun horretan ere diferentzi gutxi markatzen dira. Momentu honetan aukera gutxi ikusten dut".

Markel Olanok (EAJ) esan du bi plano daudela, teorikoa eta praktikoa. Azterketa praktikoa Barrenak eta Etxezarretan egiten dutela dio. "Batasunak aurkezteko aukera izan beharko luke, eta hor, benetako ardura nork duen garbi dago", dio. Batasunak Ibarretxeri egiten dion kritikari begira, esan du, "aukerak baldin badaude, ez da denbora kontua". "Koska da, benetan aukerak horiek aurrera ateratzeko norberak ze urrats ematen dituen". Aukera horiek baleude, beraiek aukera horiek aprobetxatzeko prest daudela diote, baina besteek ere "aportazioak" egin behar dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.