«Batasuna legez kanpo uzteko bide maltzur bat da epaiketa»

Aurore Martin Batasuneko kidearen aurkako euroagindu eskaerak elkartasun uhin zabala eragin du Ipar Euskal Herrian, bai karriketan bai hautetsiengan.

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Paueko Auzitegiak gaur epaituko du Aurore Martin Batasuneko kidea. Jaso dituen elkartasun adierazpenen artean Nazioarteko Giza Eskubideen Elkartearena dago. Pauek Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskaria onartuko balu urrats larria litzatekeela nabarmendu dute eragile guztiek. Eskubide zibil eta politikoak urratzeaz gain Batasuna legez kanpo uztea ekarriko lukeela nabarmendu du Martinek.

Zure oinez joan zinen Donibane Garaziko jendarmeriara. Ustekabean Pauera eraman, euro aginduaren berri eman, eta Tolosako espetxe batean atxiki zaituzte astebetez epaiketaren zain. Nola bizi izan duzu?

Biziki zaila izan da. Nire kabuz joatea polizia etxera gauza berria zen niretzat. Joan nintzelarik ez nuen neurtu nola pasatuko zen. Donibane Garaziko polizia etxean sartu bezain laster, euroagindua aurkeztu zidaten, eta oren bat geroago Paueko Auzitegian ginen. Hasieratik abokatuarekin egon naiz. Prokuradoreak ez dit galderarik pausatu, ez didate fitsik azaltzen utzi. Leporatu dit lehen euroaginduaren eta bigarren euroaginduaren artean ni nire kabuz ez aurkeztea Espainiako Auzitegi Nazionalera edo Espainiako Poliziarengana. Argudio hori eman zidan preso sartu aitzin. Niretzat onartezina da, ulertezina. Seisseko presondegian sartu ninduten gero, Tolosan. Lehen euroaginduko baldintza berak nituen. Orduan ez nuen ihes egin, eta bigarrenean preso sartu ninduten epaiketa egin arte. Atxilotzen zaituztelarik galdetzen dizute euroagindua onartzen duzun ala ez. Galdera pausatzen bada erran nahi du onartzeko edo uko egiteko aukera dagoela. Uko egitea eskubide bat da. Eta ni Tolosan preso Espainian ez nintzelako aurkeztu. Astea luze egiten da. Ez dakizu zer gertatzen den kanpoan, ez dakizu zer gertatzen ari den. Tolosako espetxean bakarrik nintzen ziegan, ez nuen lagun euskaldunik ondoan, eta berri bakarrak abokatuaren bidez nituen.

Zertan datza euroagindua?

Lehen euroagindua bezalakoa da. Orduan ez zuten onartu sobera zabala zelako. Orain bi ekitaldi publiko-politikoak egitea leporatzen didate, prentsaurreko bat egitea eta gutun ireki bat idaztea. EHAK-ko kide izanik, haiengandik hilabete saria izana ere leporatzen didate. Lotua da diru kontuen izoztearekin. Bi data nagusi ageri dira, lehena Baionan eta bigarrena Uztaritzen. Anaitasunan egindako ekitaldiaren segida zen Uztaritzekoa. Eduki berdintsuak, proposamen instituzional bat Euskal Herrirako. Hori zen Uztaritzeko ekitaldia.

Sei hilabetean bigarren euroagindua. Zure kontrako jazarpen gisabizi duzu?

Bai, jazarpen hutsa da. Lehena irabazia nuela uste nuen, ez zela bi aldiz epaitzen gauza bera. Baina ez da horrela euroaginduaren kasuan. Errepika daiteke hogei urtez, hori da preskripzioa, nahi bezainbat aldiz. Libre gelditzen banaiz orain, posible da datorren urtean eskari berri bat egitea. Hemezortzi hilabetez lau auzi izan ditut, bi DNA proba egiteari uko egiteagatik, lehen euroagindua, eta berriz gaurkoa. Kasualitatea? Murgilduak gaude epaiketa prozeduretan, eta militanteak auzitegira begira bizitzea lortzen dute horrela, militante lana burutu ezinik. Militantzian oztoak jartzeko bide bat da, eta baliatzen dute. Gu baldintzatzeko ildoa da.

Frantziaren eremuan egindako agerraldi publikoak leporatzen dizkizu Espainiak. Nola uler daiteke Frantziak hori onartzea?

Ene irudiko, Espainiak ezker abertzalearekiko jarrera hartzea eskatzen dio Frantziari. Inplizituki, Batasuna legez kanpo uzteko edo euroaginduen bidez jarduera gelditzeko eskatzen dio. Legez kanpo uztea da ez zuzena baina bai zeharkakoa. Espainian legez kanpo badago, Batasuneko kideek egiten duten agerraldi oro delitua dela erran nahi dio, eta delitua bada Espainian gauza bera izan behar dela Frantzian. Seinale bat da, Frantziak bere erantzukizunak har ditzan euskal gatazkan.

Epaileak euroagindua onartzen badu berez Batasuna legez kanpo uztea dela erran duzue. Bertze eragile batzuk ere arrisku horretan direla gaineratu duzue. Zergatik?

Nolabait euroaginduen aitzinean amore ematea biderik errazena da Frantziarentzat. Ez du zuzenean deliberatzen Batasunaren legez kanpo ezartzea, baina praktikan gauza bera lortzen du. Espainiak uste badu edozein arlotan pertsona batek arriskua suposatzen duela berarentzat, euroagindua eska dezake. Espainiako Auzitegi Nazionalean hainbat auzi burutu dira, Udalbiltza, Euskaldunon Egunkaria, Haika-segi eta abar. Biderik errazena hartu nahi du Frantziak. Kasu horien mamiari dagokionez, ez du fitsik errateko, eta Espainiaren esku uzten du epaitzeko ardura. Legez kanpo uzteko molde maltzur baten aitzinean gara.

Elkartasunaren aurkako epaiketa dela nabarmendu duzue. Zuen sostengua ere justiziaren jomugan egon daiteke?

Ez da partida erraza izanen Frantziarentzat. Eskubide zibil eta politikoen aldeko jarrera biziki sustraitua da, herritarrek atxikimendu handia diote askatasun horri. Frantziak hainbat euskaldun kanporatu ditu euroaginduaren bidez, baina bat berak ere ez zuen frantziar herritartasuna. Giza eskubideen alde diren pertsonentzat urrats jasanezina da hori. Erabaki politikoak dira, ez judizialak.

Nazioarteko giza eskubideen ligak eskubideen urraketa salatu, etasostengua adierazi dizu. Zer deritzozu?

Berri pozgarria da, aspalditik idurikatzen genuen urratsa da. Jendeen mobilizazio handia espero da, baina ezinbertzekoa zen giza eskubideen aldeko erakunde edo elkarte nagusien jarrera argia lortzea. Ez da erraza izan. Izugarrizko eragina ukan du eta ukanen du plazaratu duten agiriak. Agiri horrek kokapen politiko argia dauka. Aspalditik ez da horrelakorik gertatu Frantzian. Europari ere eskatu diote euroaginduaren izaera eta moldeak aztertzea berriz.

Mobilizazioa aski da euroagindua gelditzeko?

Herritarrak bat egin eta karrikara jautsiz ere, eragin mugatua ukanen du protestak. Funtsezkoa da alderdi, sindikatu eta giza eskubideen aldeko elkarte eta erakundeak jarrera hartzera eramatea. Euroagindua gelditu ahal izateko, funtsezkoa da eragile horien parte-hartze aktiboa, jarrera garbia. Mobilizazioa etapa bat da, eta momentu bati erantzuten dio. Baina ez du konpontzen euroaginduaren inguruko eztabaida. Funtsezkoa da garaipena lortzea eta euroagindua deuseztatzea. Eragile guztien mobilizazioa behar da, eskubideen inguruan eraikia. Ez da egun batean argituko afera. Epailearen ebazpena nire aldekoa bada ere, ez du konponduko euroaginduaren arazoa. Ez da hor bukatzen. Atea sobera irekia da. Proba bat egiten ari dira. Lortzen ez badute, bertze batzuekin saiatuko dira. Geroari begira, borroka esparru berri bat da. Ardura guztiz erantzun behar zaio. Arduradun politikoak dira Frantziako Estatuaren ordezkariak. Erantzukizuna har dezaten eskatzen diegu eredu hori deuseztatzeko.



Hamabost bat CRS kamioi, hautetsiak errezibitzeko

Baionako suprefetarekin mintzatzeko hitzordua eskatzeko hamar bat hautetsi joan ziren atzo Baionako Suprefeturara. Martinen aurkako euroagindua deuseztatzea galdegin nahi zuten, eta 140 bat hautetsiren izenpetzeak helarazi. Baina ez suprefeta, ez ordezkari. Bide nagusia itxia zuten hamabost bat CRS kamioik eta CRSek osatu murrua erantzun bakar. «Hautetsiak ez dira mespretxatu behar, zilegitasuna dugulako; gu ez bagara entzunak zer bide gelditzen da?», galdetu du Christine Bessonart Senpereko auzapeza eta Auzapezen Biltzarreko presidentak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.