Alternatibaren I. Nazio Biltzarra egin ondoren, ezkerreko indar subiranisten aliantzak bilatzeko buru-belarri lan egiteko prest dago Oskar Matute (Bilbo, 1972). Datorren urteko hauteskundeetatik harago doazen estrategiak nahi dituztela berretsi du Alternatibako bozeramaileak.
Alternatiba aurkeztu zenetik bi urte beteko dira laster. Larunbateko nazio biltzarrarekin, alternatiba eraikitzeko prozesua amaitu al da?
Fase bat itxi dugula esan daiteke, baina bide beretik jarraituko dugu. Euskal ezkerraren batasun indartsua sortzea da bidea, aniztasunetik eta agintean dagoen eskumari nagusitasuna borrokatzeko gai izango dena. Hausnarketa horri eutsiko diogu, eta, bi urte hauetan, ideiak plazaratzeaz gain, Euskal Herrian izan diren hainbat borroka sozialekin bat egin izan dugu. Ez dugu sigla berri bat politikaren esparruan ezarri nahi, ezta siglari eustea gure lanaren xedea bilakatzea ere. Ezkerraren batasunerako eraiki dugun bitarteko bat da Alternatiba.
Proposamen zehatza helarazi diezue gainerako alderdiei.
Oso argiak izaten saiatu gara. Aro politiko berria eraikitzen ari da, non urruntzen gintuzten elementuetako batzuk desager daitezkeen, bortizkeria edota parte-hartze politikorako eskubidea urratua dutenekiko elkartasuna kasu. Bakoitzak bere nortasunari eta egiturari uko egin gabe, euskal gizarteak dituen arazoei erantzun bateratu bat emateko gai izan behar dugu. Izan ere, PP, PSE eta EAJ ez doaz zerrenda berean hauteskundeetara, baina hirurek interes komunak defendatzen dituzte: kapitalarenak.
Alderdi eta sindikatu ugarietako ordezkariak gonbidatu zenituzten. Horiek dira eraiki nahi dituzuen aliantzetako partaideak?
Asanbladara joandakoak dira etorkizuneko euskal ezkerraren parte izatera deitutakoak, bai. Klixe ugari hautsi behar ditugu, proiektu erakargarri berri bat aurkezteko. Edonola ere, gure proposamena hauteskundeetatik harago doa, luzerako aliantza estrategikoa nahi dugu. Ezkerreko indarren artean harreman arina nahi dugu, hauteskundeetako borroken gainetik iraunkorra dena. Hauteskunde hauetan batera agertzea gizarteari apustu estrategiko horren emaitza aurkezteko baliagarria izan daiteke. Jendeak erantzun bateratuak ikusita, itxaropena izango du. Batera aurkeztuta, bozetako kanibalismo politikoa gaindituko genuke.
Euskal Herria objektu politikotzat duzue, Nafarroako eta Iparraldekoerakundeetan egoteko asmorik bai?
Ametsak jarraituz egiten dugu aurrera, eta ametsak egia bihurtzeko lan egiten dugu. Utopikoegia izan daiteke, baina utopiaren kutsurik ez duen ezkerra ez da ezkerra izango. Ez diogu utopiari uko egingo. Ez diogu geure buruari mugarik ezartzen, arazoei konponbidea emateko gaitasunaren arabera herritarrek jarritakoak ez badira. Noski, gustatuko litzaiguke Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere egotea.
Indar subiranista den heinean, ez al duzue EAJrekin ere hitz egin behar?
Euskal politikagintzako edozein indarrekin hitz egiteko gai izan behar dugu. Bestelako gauza izango da akordioak lortzeko aukera gehiago edo gutxiago izatea. EAJk bezala, nazioa eraiki nahi dugu, baina guk proposatutako herri ereduak ez dauka zerikusirik haiek nahi dutenarekin. Ez dugu inguruko herri kapitalisten kopia eraginkorragoa nahi. Botere eremua berton egoteak ezer gutxirako balio digu pobreziak, bazterkeriak eta langabeziak berdin jarraitzen badute.
Zer deritzozu EAJk negoziatutako akordioari, Estatutua garatu eta Espainiako aurrekontuak onartzeko?
Abilezia erakutsi du EAJk, alderdi sozialistarekin eginiko akordioa saltzen asmatu duelako. Ez da bakarrik bahitutako eskuduntza batzuk berreskuratu izana. Lan erreforma dakarren aurrekontu batzuk onartu ditu EAJk. Langileen eskubideen aurkako erasorik bortitzenetakoa da hori, eta balizko arrakastatzat saldu du. Bizi-baldintza kaskarrenak dituen klasearen lepotik eta eskumenak salgai gisa erabilita negoziatu dute. Ezin da eskumenen bahiketa salatu eta, ondo datorkienean, negoziatzeko erabili.
Ezker Batuari ere helarazi diozue aliantzak sortzeko gonbita?
Bai. Alternatiba ez da Ezker Batuaren historiaren parte, ezta bilakaera bat, erakunde erabat desberdina baizik. Ez dugu ezkerreko beste alderdi batzuk kritikatuta komunikabideetan espazioa irabaztea nahi, ez badugu Aralarrekin edo ezker abertzalearekin egiten, Ezker Batuarekin ere ez dugu egingo.
Bake prozesua martxan ei da, baina kontraesan handiekin : ezker abertzalea bozetan egoteko aukera, atxiloketak...
Gernikako akordioa oso urratsgarrantzitsua da, esaten duena argi esaten duelako eta sinatzen dutenek konpromiso jakin batzuk hartzen dituztelako. Konponbidera eraman gaitzakeela uste dut, banaketak egiteko ohiturak gaindituta. Hori bai, bakea ez da egun batetik bestera helduko, landu egin behar da. Porrot egingo balu ere, guk diogu berriz altxatu beharko genukeela. Konponbidearen funtsa Gernikan sinatutako edukietan dago: Indarkeriarik ez, bazterketarik eta baldintzarik gabeko elkarrizketa eta euskal herritarren hitza errespetatzea.
Rubalcabak ETAren amaieraren gaineko iruzkinik ez egiteko agindu die Espainiako Gobernuko ministroei. Alternatibak, aldiz, inoiz ez du ukatuko beste alderdiekin bilerak egiten dituela.
Rubalcabak Frantziako erregeen garaiko Richelieu kardinalaren irudia ekartzen dit gora, boterearen zirrikituen artean ederki moldatzen delako. Guk ez dugu ezkutatuko inolako indar politikoekin bildu garela, ez dugulako uste delitua denik. Euskal Herrian, bake prozesu guztien atarian, sukalde lanean aritu izan dira, eta guri ez zaigu ezkutuko lan hori gustatzen, gizartea alde batera uzten duelako. Prozesu erabat gardena behar da, zabala eta oztopo bakoitza gainditzeko modukoa edo gaindiezina den gizarteak epaitzeko moduan aurkeztuta.
Arnaldo Otegi kalean egonda erraztu egingo litzateke bake prozesua?
Zeregin garrantzitsua izan du Arnaldo Otegik legez kanpoko ezker abertzalean egun dauden tokiraino heltzeko, eta hori ezbaian jarriko duenik ez dago. Ezker abertzaleak bere hausnarketak egin du,eta zerikusi handia du Otegik aspalditik babesten zuenarekin. Atxilotuta jarraitzea, beste batzuk bezala, gizartearen sektore bat erakunde baten inguruan bide politikoen alde egiteko berregituratzen saiatu zelako, zentzugabekeria larria da bere burua demokratatzat duen estatuan.
Zuen oinarriak bat datoz herri taldeen aldarrikapenekin. Ez al dira utopikoak egungo politikagintzan?
Duela 80 urte emakumeen sufragioa eskatzeak utopikoa eman zezakeen. Orain dela gutxiago, langileen eskubideak, gaur arrisku larrian daudenak, utopikoak ziren. Eta lortu egin dira. Guk proposatutakoa hala irudituko zaio baten bati, baina, ezkerra berreraikitzea lortuko badugu, lehen mailako oinarriak izan go dira.
ETBren gaineko batzordean aritu zinen legebiltzarrean. Zer deritzezu langileen egunotako salaketei?
Aurretik geneukan telebista publikoa ere ez zitzaidan zoragarria iruditzen, ez baitzuen bere eginkizun soziala betetzen; gabeziak eta hutsuneak zituen. Hori esanda, atzera egiten ari da PP-PSE gobernuak bere zerbitzurako lanabes gisa bilakatu duenetik. Egin dituzten kontratazioak, informazioen irizpideak markatzea, albisteak aukeratzeko moduak eta bestelakoak kudeaketa okerraren froga dira. Gizartea eta kazetariak dira biktimak.
«Batasunerako eraiki dugun bitartekoa da Alternatiba»
Abenduan bi urte beteko dira Alternatiba Eraikitzen aurkeztu zutenetik, eta, orain, alderdia eratuta, eskumaren nagusitasuna garaitzeko helburua ezarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu