Ipar Euskal Herriarentzako Frederique Espagnac senatariak eskatu "antolaketarako eta kooperaziorako poloa" ez da koordinazioak eramandako eskakizuna, hots lurralde elkargo bat. Hori dela eta, "izan funtsaren aldetik ala forma aldetik" Batera-k ez du bat egiten Espagnacek bere kabuz aurkeztu zuzenketarekin. "Biziki urrun da lurralde elkargo batetik", Jakes Bortairu Batera-ko kidearen hitzetan. Are gehiago, egitura hori sortzen balitz "konplexutasuna eta gardentasunik eza emendatuko luke".
Gaur egun euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinazioak bizi duen egoera zaila dela aitortu dute: "Momentu zaila bizi du, baina ez da azken hatsean", Martine Bisautak dionaz.
Euskal lurralde elkargoaren eskaera ozenki eramaten segituko du Batera-k. Berriz ere "politikoa den arazo honi begira erantzun politiko bat" exijitu diote François Hollande Frantziako presidenteari. Goizean egin dute prentsaurrekoa Baionan, Jakes Bortairu, Martine Bisauta eta Nikolas Blain Batera-ko kideek.
Euskal lurralde elkargoaren proposamena alde batera utzirik, Ipar Euskal Herriarentzako «antolaketarako eta kooperaziorako polo» baten sorrera galdetu du Frederique Espagnac senatari sozialistak, zuzenketa bidez. Frantziako Senatuan eman pausoak harridura eta kexua sortu du lurralde elkargoaren aldekoen artean, bere kabuz eta gehiengoaren nahiaren aurka eginez hartu duelako erabakia. Zuzenketa maiatzaren 24an aurkeztu zuen; hots, Baionan euskal lurralde elkargoaren alde egin manifestazioa baino aste bat lehenago. Bertan egon zen lurralde elkargoa aldarrikatzen, Senatuan emandako pausoaren berri eman gabe.