Bateragune 2009-2013: Atzera bueltarik gabe

Duela hiru urte eta erdi pasatxo atxilotu zituzten 'Bateragune auziko' auzipetuak. Ordutik, haiek hasitako bideak aurrera egin du ezker abertzalean.

Oihana Elduaien-Amagoia Gurrutxaga Uranga
2013ko ekainaren 4a
16:32
Entzun

2009-10-13. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra atxilotu zituen Espainiako Poliziak. LABen Donostiako egoitzan atxilotu zituzten haietako batzuk. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzonek agindu zuen polizia operazioa, Batasunaren Mahai Nazional berria osatzea egotzita. Bateragune izena jarri zion Garzonek eratu nahi zuten egitura berriari. Ordu batzuk lehenago zabaldu zuten eztabaidarako txostena atxilotuek.

2009-10-16. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta kartzelatzeko agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek. Rufi Etxeberria eta Ainara Oiz aske utzi zituen, badaezpadako neurririk ezarri gabe. Mañel Serra, Amaia Esnal eta Txelui Morenori, berriz, hamarna mila euroko bermea ezarri zien aske geratu ahal izateko.

2009-10-17. Manifestazio erraldoia izan zen Donostian, atxiloketak salatzeko.

2009-10-20. Fase politikoaren eta estrategiaren argipena izenburuko txostena banatzeari ekin zion ezker abertzaleak. Gara-k laburpena kaleratu zuen.

2009-11-08. Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto presoek gutun bat idatzi zuten eztabaidarako txostenaren alde egiteko.

2009-11-14. Ezker abertzaleak agerraldi jendetsua egin zuen Altsasun (Nafarroa), prozesuaren oinarriak laburbildu eta borondateak adierazten zituen agiria aurkezteko. Prozesua garatzeko, "soilik bide politiko eta demokratikoak" erabiltzearen alde agertu zen. Elkarrizketari begira, Mitchell printzipioak bere egin zituen.

2010-01-09. Bateragune osatzea egotzita bederatzi lagun auzipetzeko eskatu zuen Fiskaltzak: Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Rufi Etxeberria, Amaia Esnal, Txelui Moreno eta Mañel Serra. "Estrategia subiranista aurrera eramateko bloke bat" sortu nahi izatea eta "talde terroristako kide" izatea leporatu zien.

2010-01-25. Otegi, Diez, Moreno, Jacinto, Zabaleta, Rodriguez, Serra eta Esnal auzipetuz autoa kaleratu zuen Garzonek. Auzitik aparte utzi zuen Etxeberria. Batasuna ordezkatzeko Bateragune talde politikoa osatzen ari zirela eta prozesu hori guztia ETAk zuzentzen zuela egotzi zien epaileak.

2010-02-11. Zortzi auzipetuak Espainiako Auzitegi Nazionalean izan ziren, Garzonen bulegoan, auzipetze autoa jasotzen. Ezker abertzaleak salatu zuen auzi hori ordurako abiatuta zegon barne eztabaida "ahalik eta gehien baldintzatzeko" zela, baina halakorik ez zela gertatuko ohartarazi zuen.

2010-02-14. Barne eztabaida amaitutzat eman zuen ezker abertzaleak, eta Zutik Euskal Herria agiria kaleratu zuen. Altsasuko Adierazpenaren ildoak barneratu, eta indar bilketa independentistaren aldeko deia egin zuen.

2010-04-26. Rafa Diez aske utzi zuten baldintzapean, "egoera pertsonal-familiarrengatik". 30.000 euroko bermea ordaindu zuen, eta, besteak beste, politikan aritzeko baldintzak ipini zizkion Garzon epaileak: "ETAk zuzendutako konplexu terroristarekin lotura duten ekimenetan" ezin zuela parte hartu.

2010-06-25. Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota zituen Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Txelui Moreno ezker abertzaleko kideek beren auzipetzearen aurka jarritako helegiteak.

2010-09-14. Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak bukatutzat eman zuen Bateragune sumarioa. Kasua auzitegiko laugarren zigor salara igorri zuen, eta epaiketara bidean jarri.

2010-09-25. Bake bidean. Aterabide demokratikoen akordioa izeneko agiria sinatu zuten politika, gizarte eta sindikatuetako 28 eragilek. Besteak beste, ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak, Abertzaleen Batasunak eta LABek. Bai ETAri bai Espainiako Gobernuari pausoak emateko eskatu zieten. ETAri galdegin zioten nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa ematea, jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa. Giza eskubide guztien aitorpena egin zuten, eta Alderdi Politikoen Legea indargabetzeko eskatu zuten.

2010-10-17. Arnaldo Otegiri John Carlin kazetariak eginiko elkarrizketa argitaratu zuen El País -ek. Hona erantzun batzuk: "Armek, arma guztiek, behin betiko desagertu behar dute ekuazio politikotik”; “Independentziara daraman bide bakarra dago: bide baketsu eta demokratikoetatik doana. Indarkeria armatua ez dugu ikusten estrategia independentistarekin bateragarria"; "Ustez kale borroka ekintzak izan direnen aurrean ezker abertzaleak erakutsi duen desmarkeak garbi uzten du bide politiko eta demokratikoekiko konpromisoa". Atentaturen bat balego ezker abertzalea horren aurka jarriko litzatekeela ere argitu zuen.

2010-11-27. Ezker abertzaleko 300dik gora lagun bildu ziren Iruñean, alderdi politiko berriaren eta haren barne antolamenduaren oinarriak ezagutarazteko. Alderdien Legearen eskaerak beteko zituela iragarri zuen ezker abertzaleak, eta indarkeriarentzat "inongo tarterik" ez dagoela argi utzi zuen.

2010-12-28. ETA indarkeria uzteko prest dagoela esan zuen Arnaldo Otegik Ameriketako Estatu Batuetako Wall Street Journal egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean. Otegik idatziz erantzun zien galderei, Logroñoko kartzelatik. Ezker abertzalearen jokabidea irmoa eta atzeraezina dela nabarmendu zuen. Haren iritziz, "laster" izango diren "gertakarien" ondorioz, Espainiako Gobernuak "presio handiagoa" izango du elkarrizketa hasteko.

2011-01-04. Fiskaltzak hamarna urteko espetxe zigorra eskatu zuen Bateragune auziko zortzi auzipetuentzat.

2011-01-16. Euskal Herria Ezkerretik akordioa aurkeztu zuten ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak.

2011-02-07. Iñigo Iruinek eta Rufi Etxeberriak Sortu alderdiaren estatutuak aurkeztu zituzten.

2011-02-09. Sorturen estatutuak Espainiako Barne Ministerioan erregistratu zituen ezker abertzaleak.

2011-03-23. Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu erregistratzearen aurka egin zuen, Estatuaren Abokatuak eta Fiskaltzak hala eskatuta.

2011-04-03. Bildu koalizioa aurkeztu zuten.

2011-04-24. “Euskal Herrian zabaldu den aro berria finkatzeko erabaki sendoaren” berri eman zuen ETAk. Egun bat geroago, ETAK iraultza zerga bertan behera utzi zuela zabaldu zen.

2011-04-26. Angela Murillo auzitik aparte uzteko eskaera atzera bota zuen Auzitegi Nazionalak. Partziala izatea egotzita eskatu zuen defentsak magistratua apartatzeko, Jose Mari Sagardui Gatza-ren omenaldian hitz egin zuenean terrorismoa goratzea egotzita zigortu zuen auzian ez zela inpartziala izan ebatzi zuelako Auzitegi Gorenak.

2011-05-05. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bozetara aurkezteko baimena eman zion Bilduri.

2011-05-17. Auzitegi Nazionalak atzera bota zuen Otegi, Rodriguez eta Jacinto auzitik ateratzeko eskaera. Hirurei leporatzen zaiena beste auzi batzuetan epaitu dutela edota akusazio bera eginda beste auzi batzuetan auzipetuta daudela argudiatu zuen Jone Goirizelaia defentsa abokatuak. Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio Auzitegiko magistratuentzat, baina, auzi horiek eta Bateragune auziak "ez dute zerikusirik".

2011-06-27. Bateragune auziko epaiketa hasi zen Auzitegi Nazionalean, zortzi epaiturekin: Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Txelui Moreno, Mañel Serra eta Amaia Esnal.

2011-07-02. Milaka lagunen manifestazioa Donostian eskubide zibil eta politikoen alde, eta Bateragune auzian absoluzioa emateko eskatuz.

2011-07-07. Epaiketa amaitu zen, eta auzia epaiaren zain gelditu zen.

2011-07-13. “Bake eta askatasun bidean” sakontzeko prest zegoela esan zuen ETAk.

2011-09-16. Bateragune auziaren epaia eman zuten Auzitegi Nazionalean: hamarka urteko kartzela zigorra Arnaldo Otegirentzat eta Rafa Diezentzat eta zortzina urteko kartzela zigorra Sonia Jacintorentzat, Miren Zabaletarentzat eta Arkaitz Rodriguezentzat.

2011-10-17. Euskal Herriko Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentzia egin zen Donostiako Bakearen Etxean, Aieten. Kofi Annan, Gro Harlem Bruntland, Gerry Adams, Bertie Ahern, Pierre Joxe eta Jonathan Powellek aurkeztu zuten konferentzia amaierako ebazpena. Bertan, eskaera egiten zioten ETAri, “jarduera armatuaren behin-betiko amaiera” iragar zezan. Espainiako eta Frantziako gobernuei, berriz, “gatazka armatuaren ondorioei buruz” aritzeko elkarrizketak zabal zitzaten.  

2011-10-20. ETAk baiezkoa eman zion Aieteko adierazpenaren eskaerari, “jarduera armatua behin-betiko amaitzea” erabaki zuela jakinarazita.

2012-05-10. Espainiako Auzitegi Nazionalak jarritako zigor epaia berretsi zuen Auzitegi Gorenak.

2012-06-20. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatzea erabaki zuten.

2013-05-09. Konstituzionalak Bateragune auziko helegiteak tramitera onartu zituen, bost espetxeratuen abokatuek aurkeztu eta hamar hilabetera. Helegitearen mamiari heldu baino lehen, aigortuak aske utzi edo ez ebatzi beharko zuten sei magistratuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.