Angela Murillo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Bateragune auzia ez epaitzeko eskatu du Arnaldo Otegik, epaile horrek beste auzi batean aurreiritziekin epaitu zuela arrazoituta. Jose Mari Sagardui Gatza presoaren aldeko ekitaldi batean parte hartu izanagatik epaitu zuten iaz Otegi, eta bi urteko espetxe zigorra jarri zion Murillo buru zuen epaimahaiak. Ezker abertzaleko buruzagiak helegitea jarri zion zigorrari, «aurreiritziekin» epaitu zutela argudiatuta, eta Auzitegi Gorenak arrazoi eman zion.
Izan ere, ea ETAren indarkeria zorrotz gaitzesten zuen galdetu zion Murillok epaiketan. Ez ziola galderari erantzungo azaldu zion Otegik, eta «banekien» esan zuen epaimahaiburuak. Otegirekiko mespretxu adierazpenak ere egin zituen ahozko saioan.
Epaia ez zela inpartziala izan ondorioztatu zuen gerora Auzitegi Gorenak, eta epaiketa baliogabetu egin zuen. Beste epaimahai batek epaitu beharko du berriz, auzi horrengatik. Juan Francisco Martel eta Teresa Palaciosek osatu zuten iazko saio hartako epaimahaia Murillorekin, eta horiek ere Bateraguneko epaimahai ez izatea eskatu du Otegik.
Eskaera hori aztertzeko 69 deritzon sala berezia osatu beharko du Auzitegi Nazionalak. Eta Otegiren eskakizunari arrazoi emango balio, epaile horiek ezingo lukete Bateragune auzia epaitu.
'Bateragune auzia' Murillok ez epaitzea eskatu du Arnaldo Otegik
Angela Murillo buru duen taldeak Otegi iaz aurreiritziekin epaitu zuela ebatzi zuen Auzitegi Gorenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu