'Bateragune auziko' epaia salatzeko manifestazioa egingo dute Bilbon

Larunbatean egingo dute martxa, eta mobilizazioak deitu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan ostegunerako«Mota horretako epaiek parte-hartze demokratikoa» urratzen duela azaldu dute

Mobilizazioetarako deia egin zuten prentsaurrekoan izan ziren 'Bateragune auzian' auzipetutako Mañel Serra, Txelui Moreno, Rafa Diez eta Amaia Esnal, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Bateragune auziko epaia «irmoki» salatzeko eta errefusatzeko Bilbon egingo den manifestazio nazionalerako deia egin dute hainbat alderdi politikok, sindikatuk eta eragilek datorren larunbaterako, irailaren 24rako. Epaiketarik ez, zigorrik ez,eskubide guztiak guztiontzat lelopean egingo dute manifestazioa.

Ez da egin duten deialdi bakarra. Izan ere, mobilizazioak deitu dituzte salaketa bera egiteko Hego Euskal Herriko hiriburuetan, irailaren 22rako. Donostian udaletxe aurrean egingo dute 19:30ean, Bilboko Arriagan ere ordu berean, Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazan 20:00etan, eta Iruñean udaletxe aurrean 19:00etan.

Deialdiak egin dituzten alderdien artean daude EA, Alternatiba, ezker abertzalea eta Aralar. Sindikatuen artean, berriz, LAB, EILAS, Hiru, EHNE eta ESK. Eragileei dagokienez, Lokarri, Esait, Euskal Herriak Bere Eskola, Giza Eskubideen Behatokia, Euskal Herrian Euskaraz, Gazte Abertzaleak, Ikasle Abertzaleak, TAT eta Bai Euskal Herriari.

Deialdi horiei, gainera, hilaren 19an gehiengo sindikalak Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitutako mobilizazioak gehitu behar zaizkie.

Alderdi, sindikatu eta eragile guztien izenean hitz egin duen Haizea Solagurenbeaskoak —Ikasle Abertzaleak-eko kidea— adierazi du «Bateragune auziko epaia bezalakoek parte-hartze demokratikoaren ukazioa, eta oinarrizko eskubideen galera» eragiten dutela.

Bere iritziz, auzipetutako pertsonek egin duten delitu «bakarra» Euskal Herrian eta nazioartean «aski ezaguna eta aitortua» den lan politikoa egitea izan da. «Hori da prozesu judizial horren izateko arrazoi bakarra», gaineratu du. Era berean, esan du horrek «larriki» urratzen dituela «oinarrizko eskubideak».

«Errealitate sozialetik urrun»

Solagurenbeaskoak, bestetik, adierazi du Euskal Herrian «zabalduriko aro politiko berriaren errealitate politikotik eta sozialetik urrun» kokatzen dela epaia, eta, hori dela-eta, «asaldagarria» dela azaldu du. Izan ere, bere esanetan, herritarren «gehiengoaren borondatearen» kontra, eta «fase politiko berriak» eskatzen duen norabidearen aurka egiten du Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrak.

Hori hala, azaldu du Arnaldo Otegi eta Rafa Diez moduko lider politikoak zigortzeak «milaka pertsonen» aurka egitea esan nahi duela. Horregatik, epai hori euskal herritarren aurkako «eraso zuzena» dela esan du Solagurenbeaskoak, Euskal Herrira «bakea, demokrazia eta askatasuna ekartzeko borondate zabalaren» aurkako «erasoa» delako.

Gainera, bere arabera, «giza eskubideen, eta eskubide zibilen eta demokratikoen errespetu osorako oinarri berriak ezartzea eskatzen du Euskal Herrian zabalduriko aro politiko berriak, baita inolako bazterkeria eta errepresiorik gabe eragile guztiek baldintza berdinetan parte-hartzeko aukera eta eskubidea izatea ere». Hortaz, esan du «oinarrizko eskubideak urratzeak zabalduriko aroa galarazten eta blokeatzen» jarraitzea esan nahi duela.

Hori horrela, mota horretako «erasoen» aurrean «norberaren konpromisoa biderkatzeko» ordua dela adierazi du Solagurenbeaskoak; horrela lortuko baita, bere ustez, «oinarrizko eskubideen urraketei» amaiera ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.