'Bateragune auzia'

Bateraguneko bostak askatzeko exijitu dute milaka pertsonak Elgoibarren

Euskal Herriko eta nazioarteko berrehundik gora eragilek babestu dute martxa, eta ordezkaritza politiko zabala izan da. Etzi bost urte beteko dira 'Bateragune auzikoak' atxilotu zituztenetik.

Milaka pertsona batu dira Elgoibarren. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Berria
2014ko urriaren 11
07:33
Entzun

Bateragune auzia salatu eta bertan zigortutako bost lagunak aske uzteko exijitzeko, manifestazioa egin dute milaka pertsonak Elgoibarren. Euskal Herriak hartu hitza eta erabakia. 5ak askatu lelodun pankartak gidatuta, arratsaldeko bostak pasata abiatu da manifestazioa herriko plazatik, eta, hainbat kale zeharkatu ostean, leku berean amaitu da, 18:00ak aldera. Auzi horretan zigortutako bost lagunen senideek eraman dute hasierako pankarta.

Bukaeran, Ainhoa Aznarez PSNko kideak irakurri du Arnaldo askatu, politika askatu Elgoibarko herri ekinbidearen manifestua. Adierazi duenez, Bateragune auziko zigortuak dira "Euskal Herriaren egungo garai itxaropentsuaren eta ilusioaren erantzule". Zentzu berean, haien askatasunak herri honetan "justiziazko eta elkarbizitzako agertokia indartzeko lagunduko" duela nabarmendu du. Azkenik, bost zigortuen kasuaz harago, espetxe politika aldatzeko beharraz mintzatu da Aznarez: "Beharrezkoa da arrazoi politikoengatik kartzelan dauden ehunka euskal herritarren arazoari irtenbide integrala emateko urratsa egitea". Horren ostean, Lois Perez Leirak hartu du hitza, Adolfo Perez Esquivel bakearen nobel saridunak bidalitako mezua irakurtzeko. Besteak beste, bost zigortuak kartzelan mantentzea "gizatasunari  eginiko iraina" dela uste du Perez Esquivelek. Azkenik, Xabier Amuriza bertsolariak jarri dio amaiera ekitaldeari.

Alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialetako ordezkariak izan dira mobilizazioan: Pernando Barrena eta Hasier Arraiz (Sortu), Pello Urizar (EA), Patxi Zabaleta (Aralar), Mertxe Colina (Abertzaleen Batasuna), Ainhoa Aznarez (PSN), Gemma Zabaleta (PSE), David Fernandez (CUP), Joan Tarda (ERC), Jose Luis Uriz (PSC), Javier Madrazo (EBko koordinatzaile eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia), Jesus Uzkudun (CCOO)... Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak (EAJ) eta hainbat zinegotzik ere parte hartu dute martxan.

Auzian zigortutako Arnaldo Otegiren herrikideek sortutako plataformak deitu du manifestaziora, eta Euskal Herriko eta nazioarteko berrehundik gora eragilek eman diote atxikimendua gaurko manifestazioari. Besteak beste, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, Abertzaleen Batasuna, Ezker Batua-Berdeak alderdiek, ELA, LAB, CCOO-Euskadi sindikatuek eta Lokarri bezalako gizarte mugimenduek adierazi diote babesa mobilizazioari. Asko izan dira gaurko aldarrikapenarekin bat egindako pertsona ezagunak ere, tartean, Adolfo Perez Esquivel (Bakearen Nobel sariduna), Julio Anguita (Izquierda Unidako koordinatzaile nagusi ohia), Willy Toledo (aktorea), Josep Lluis Carod Rovira (ERCko idazkari nagusi ohia), Xose Manuel Beiras (ANOVAko bozeramailea), Jesus Egiguren (PSEko presidentea), Carlos Garaikoetxea (lehendakari oiha), Raymond Mc Cartney (Ipar Irlandako preso ohi eta Sinn Feineko parlamentaria) eta Greziako Syriza alderdiko hainbat parlametari.

Etzi bost urte beteko dira Espainiako Poliziak auziaren jatorrian dagoen operazioa burutu zuenetik. Zazpi pertsona auzipetu zituzten, baina, azkenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak bost zigortu zituen: Aranldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez. Auzitegi Gorenak zigorra berretsi zuen gerora, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zituen zigortuek jarritako babes helegiteak.

Otegi eta Diezi sei urte eta erdiko kartzela zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri die Espainiako Justiziak, eta sei urteko espetxealdia eta zortzi urteko inhabilitazioa Zabaleta, Jacinto eta Rodriguezi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.