politika

Baterak 2014rako Euskal Lurralde Elkargoa sortzeko prozesu politikoa irekitzeko eskatu du

Urtez urteko ibilbidea aurkeztu du gaur Ipar Euskal Herriko plataformak. Martxoko kontsultan botoa eman zutenen %78 egitura propioa sortzearen alde azaldu ziren.

2010eko apirilaren 21a
21:22
Entzun
Batera Ipar Euskal Herriko plataformak Euskal Lurralde Elkargoa sortzeko ibilbidea aurkeztu du gaur eta, horren arabera, 2014rako nahi du Iparralderako egitura. "Gaurdanik" ireki nahi du hori erdiesteko "prozesu politikoa", eta horixe zabaltzeko proposatu die herritarrei, hautetsiei, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteari eta Frantziako Gobernuari.

Egitasmoa gizarteratzen hasiko da orain kalean eta erakundeetan.

Pausoak:

2010-2011.

- Lurralde elkargo bat sortzeko prozesua irekitzeko Frantziako Gobernuaren engaiamendua, gaur egungo tokiko instituzioen erreformaren baitan.

- Euskal Herriko eragile politiko eta sozialen arteko eztabaida zabala, lurralde elkargo horren definizioa zehazteko (Korsikako lurralde elkargoaren egokitzapena, adibidez).

- Lurralde Elkargoetako Erreformarako Legean emendakin baten sartzea Euskal Lurralde Elkargo baten sorkuntza bideratu ahal izaiteko.



2012ko hondarrean. Euskal Lurralde Elkargoaren sortzeari buruz Ipar Euskal Herriko jendea kontsulta.



2013. Kontsultaren emaitzaren arabera (gehiengoa alde eta hauteslegotik gutxienez %25ek parte hartzea), lege eta arauen osaketa, lurralde elkargoa sortu ahal izateko.



2014. Euskal Lurralde Elkargo berriko lurralde kontseilarien hauteskundeak.



Joan den martxoaren 14an eta 21ean Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko herritarren %92 ingururen artean galdeketa egin zuen -balio legalik gabekoa-, eta %78 euskal elkargoaren alde azaldu ziren. "Herri kontsultaren ariketa demokratikoak ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren gaia saihestezina dela erakutsi du", adierazi du gaur Baterak, Baionan. Juliette Bergougnan, Jean Lissar, Sauveur Baxo, Jakes Bortairu eta Philippe Duluc kideak izan dira agerraldian.

Plataformaren ustez, "gaur egun baldintza objektibo aski bada Euskal Lurralde Elkargo baten sortzerako bidean fase berri bat idekitzeko. Jendartearen aldetik nahiz hautetsien aldetik maiz agertu da ezagupen instituzionalaren aldeko nahikaria (inkestak, manifestazioak eta kontsulta lekuko)". Azken batean, "Euskal Herria behingoz kontuan hartzeko" eskatu du.

Batera 2002an sortu zuten. Euskal Herriko Laborantza Ganbera, berezko unibertsitatea, euskal departamendua eta euskararen koofizialtasuna eskatzeko eratu zuten. Plataformaren araudia 110 elkarte, sindikatu eta gizarte zibileko ordezkarik izenpetu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.