Martuteneko kartzelatik atera eta hiru hilabetera, «ezker abertzaleko hamarnaka kide erreferentzialekin iritziak eta gogoetak kontrastatu» ostean, Arnaldo Otegik garbi ikusi zuen euren estrategia errotik aldatu beharra zutela, ezker abertzalea zulo «politiko eta ideologikora» zihoalakoan. 2008a zen. Bidea urratzen hasi zen, beste kide batzuekin batera, eta «eztabaidari ofizialtasuna» 2009ko martxoko prentsaurreko batean eman zioten.
Euskal Herri independentea eta sozialista lortzeko helburuarekin bakea eta normalizazio politikoa izateko bidean, nagusiki hauek ziren haien ondorioak: 1. Ezker abertzaleak estrategia politiko-militarra bukatu beharra zeukan, bide politikoei soilik eusteko. 2. Gatazka konpontzeko, ezinbestekoa zen nazioarteko eragileen parte hartzea. 3. Funtsezkoa zen abertzale eta ezkertiar diren euskal eragileekin aliantzak lortzea.
Baina Otegik El tiempo de las luces (Argien aroa) liburu argitaratu berrian kontatzen du bazekitela laster atxilotuko zituztela. Bere buruari hilabete batzuetako askatasuna baino ez zion ematen. «Baina ez ginen ezkutatu, eta ez genion lan egiteari utzi». 2009ko udan erabaki zuten eztabaida ezker abertzalera zabaltzea eta Argitzen txostena bukatzea.
Idatzia 2009ko urriaren 13an bidali zuten ezker abertzaleko militantziara, posta elektronikoz. Egun hartantxe, ordu batzuetara egin zuen Espainiako Poliziak operazioa, Baltasar Garzon epaileak aginduta, Bateragune izena emanda. Otegi, Rufi Etxeberria, Rafa Diez Usabiaga, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotu zituzten.
Polizia aurretik beste bi aldiz saiatu zen horretan, Otegik liburuan dioenez. «Hartu beharreko neurriak hartu genituelako geratu ziren helburua lortzeke».
Hura bera bezala, Diez eta Etxeberria LABen Donostiako egoitzan atzeman zituzten. Bion atxiloketekin harrituta geratu zen Otegi. Polizia operazioaren ardura izan zuen inspektoreak epaiketan aitortu zuen Diez eta Etxeberria ez zeudela «helburuen» artean —Oiz ere ez—; adibidez, zioen ez zutela eskatu Diezen telefonoaren entzuketak egiterik. «Ez zen operatiboaren parte, ez zegoen gure txostenean». Baina barrura.
Etxeberria ere bai. «Erraz azal daiteke gertatutakoa: Rafa Diez eta Rufi hantxe [LABen] aurkitu zituzten, eta biak atxilotzea erabaki zuten, hartara horrek ezker abertzalean estrategia aldaketa planteatzen genuenon kontra gogorrago jotzea ahalbidetzen zuelako», dio Otegik.
Egun batzuetara, aske utzi zuten Etxeberria, eta hark hartu zuen «eztabaida prozesuaren lema». «Atxiloketaren arratsalde-gau hartan bertan, LABen egoitzan geundela, Otegik adierazi zidan iruditzen zitzaiola nire atxiloketa zerbait behartua zela eta laster askatuko nindutela, eta orduan zehazki eskatu zidan eztabaida prozesu horren lema har nezala».
Eztabaidak aurrera segitu zuen ezker abertzalean, eta Bateraguneko auzibideak ere bai Espainiako Justizian. Otegik esaten du epaiketako saioetan bere mezuak —«irmoak»— ez zituela esan Auzitegi Nazionaleko epaimahaiarentzat, baizik eta Euskal Herriarentzat eta nazioarteko komunitatearentzat: «Gure apustuak atzera bueltarik ez zeukala inolako zalantzarik izan ez zezaten».
Auzitegi Nazionalak iazko irailean zigortu zituen Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta. Gorenak gero berretsi egin zuen epaia, zigorrak pixka bat jaitsi arren. Defentsa abokatuek joan den ekainean Konstituzionalera jo zuten; horren erabakiaren zain dira oraindik.
Bateragune auziak hiru urte bete zituen atzo, urriak 13. Eztabaidak eman zituen emaitza historikoak ezker abertzalean: bide politiko soilen aldeko apustua (Zutik Euskal Herria adierazpena 2010eko otsailean eta ETAk jarduera armatua betiko uzteko erabakiaren jakinarazpena 2011ko urriaren 20an). Bateratuta eman dute jauzia.
Era berean, hor dira nazioarteko komunitatearen inplikazioa—Aieteko Konferentzia 2011ko urrian, HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldea...— eta ezkerreko abertzaleen indar metaketa —Bildu, Amaiur, EH Bildu eta ezkerreko subiranisten estrategia nazionalerako konpromisoa—. Haiekin batera ari da ezker abertzalea aro berrira jauzia egiten.
«Estrategia eraginkorra» deitzen diote Bateraguneko zigortuek. Joseba Egibar jeltzaleak elkarrizketa batean esan berri du Otegik, «irabazi» aditza aipatzen duela eta, «epikan» jarraitzen duela. Kazetariak, berehala: «...eta kartzelan».
Bateratuta jauzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu