Batzordekideen interesa nabarmendu dute gobernuz kanpoko erakundeek

Behatokiko eta AEDIDH elkarteko kideen ustez, Batzordeko kideek ondo eutsi diote gaiari

AITZIBER LASKIBAR GENEVA
2008ko urriaren 22a
00:00
Entzun
«Giza Eskubideen Batzordeko presidenteak egindako laburpenaren %95arekin bat egiten dut». Gustura dago beraz bi egunetako bilerek eman dutenarekin Carlos Villan Espainiako AEDIDH Gobernuz Kanpoko Erakundeko (Giza Eskubideen Nazioarteko Eskubidearen Garapen eta Ezarpenerako Espainiako Elkartea) presidentea.

Terrorismo delitua noraino zabaldu den kezkagarria dela dio Villanek. «Terroristatzat jotzen ari dira terrorista ez diren ekintzak». «Mundu abertzale osoa ETAtzat jo eta legez kanporatzen ari dira baina ez dira ETA».

Berme prozesalen artean, behin-behineko espetxealdiaren «gehiegikeriaz» ohartarazi du elkarteko presidenteak. Lau urtez badaezpadako neurri gisa preso egoteko aukera oinarrizko askatasunen aurkakoa dela dio.

Espainiak betetzen ez duen oinarrien artean, helegiteek behar bezalako erantzuna izateko aukera ukatzeak Giza Eskubideen Batzordea bereziki arduratuta duela ohartarazi du. Nazioartean, zigorrak berrikusteko aukera ezinbestekoa jotzen dela. Hori dela-eta, helegindako epaiak izaera goren bat izango duten eta auzitegi berekoak ez diren beste epaitegi batzuk aztertzeko aukera martxan jartzea oso baikorra litzakeela eta NBEren aurrean sinisgarritasuna areagotuko lukeela azaldu du.

Giza Eskubideen Batzordeko kideek inkomunikazioari buruz eskatutako azalpenak oso interesgarritzat jo ditu Giza Eskubideen Behatokiko Iratxe Urizarrek. Espainiako ordezkaria saiatu da azaltzen, baina batzordeko kideei ez zaie nahikoa iruditu. Areago, ea ez duten inkomunikazioa bertan behera utziko galdegin die.

Bi egunetako eztabaida iruditu zaio baikorra, orohar. «Batzordeko kideek interes handia zuten eta hori ikusi da galdera kopuru izugarrian». Galderek ia erantzunek baino tarte handiagoa eman dutela nabarmendu du, eta horrek erakusten duela kezka.



Galderek ia erantzunek baino tarte handiagoa bete dute eta horrek erakusten du kezka»

iratxe urizar
Giza Eskubideen Behatokiko kidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.