Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek ekintza sinboliko bat eginen dute Parisen, otsailaren 28an, baxoa euskaraz egitea aldarrikatzeko. Mobilizaziorako deia egin diete ikasle, ikasle ohi, irakasle, langile eta, oro har, euskaltzale guztiei. Jakitera eman dutenez, autobusak antolatuko dituzte Parisera joateko. Ondoko asteotan jakitera emanen dute autobusen ordutegia. Ez dute azaldu zein ekintza mota egingo duten Parisen. Elkarretaratzea Konstituzio Kontseiluaren aitzinean izan daiteke, hala ere.
«Ikasprozesu osoa euskaraz egin arren, baxoa frantsesez egitera behartzen gaituzte», salatu dute Uxue Larrukert, Ibai Capot eta Elorri Charretonek, Etxepare lizeoko ikasleen agerraldian. Hala ere, nabarmendu dute borrokari esker historia-geografia eta matematika euskaraz egitea erdietsi dela. Frantziako Gobernuak koherentziaz jokatu nahiko balu, baxoa osoki euskaraz egitea baimendu beharko lukeela berretsi dute.
«Gazte erakunde, gizarte eragile, alderdi politiko eta sindikatuetako militanteei gure borroka sostengatzeko deia egiten dizuegu».
Izan ere, ikasturtea abiatu zenetik, ikasleek ehunka gutun igorri zizkioten Bordeleko Errektoretzari. Hark erantzun die Hezkuntza ministroaren eskumena zela. Geroztik, astero gutun bat igortzen diote, baina ez dute haren erantzunik jaso.
Eragileekin bildu
Gutunak igortzearekin batera, Ipar Euskal Herriko eragile, sindikatu eta alderdi politikoekin biltzeko urratsa egin dute ikasleek. Dagoeneko Colette Capdevielle diputatuaren sostengua jaso dutela jakinarazi dute. Horrekin batera, izenpetze kanpaina bat ezarri dute abian.
Baxoa euskaraz egiteko aldarria Parisera eramanen dute
Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek ekintza sinboliko bat eginen dute otsailaren 28an, Parisen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu