Espainiako Gobernuak abian jarri duen hezkuntzaren erreformak hainbat helburu ezartzen ditu, eta horietako bat da Hezkuntza Ministerioaren aburuz oinarrizkoak diren jakintzei, batez ere hizkuntza, matematika eta zientziei, erabateko lehentasuna ematea. Horrek badu ifrentzua: ministerioaren iritziz hain oinarrizkoak ez diren ikasgaiak desagertu egiten dira, edo haien ordu kopurua asko murrizten da.
Irakaskuntza munduko zenbait eragileren ustez, hezkuntzaren ikuspegi jakin bat dago aldaketa horien guztien atzean. Lanbidea topatzeko, produktibitatea handitzeko edo ekonomiaren ikuspegitik baliagarriak izan daitezkeen jakintza motak sustatzea da helburua, ikaslearen garapen integrala eta antzeko irizpideak albo batera utzita. Artearekin, gizarte zientziekin edo garapen pertsonalarekin zerikusia duten ikasgaiak, beraz, bigarren mailakotzat jotzen dira, merkatuaren ikuspegitik jakintza mota horiek ekar dezaketen etekin ekonomikoa dudazkoa delakoan.
Partida ez dago oraindik erabakita. LOMCE Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoak autonomia erkidegoen esku uzten du bertan zirriborratzen diren ildoen garapena; hortaz, ikusteko dago Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak nola gauzatzen dituzten legean agertzen diren edukiak, eta nolako garrantzia ematen dieten legeak bazterrean lagatako ikasgaiei. Baina LOMCEk ezartzen duen ildoak kezkatzeko arrazoiak ematen dizkie irakaskuntzako eragileei.
Herritartasuna
Desagertzen diren ikasgaien artean, Herritartasunerako eta Giza Eskubideetarako Hezkuntzak sortu du polemika gehien. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernu sozialistak ezarri zuen 2006ko dekretuaren bidez, eta horren helburua zen "pertsona libre eta osoen garapena erraztea". Ikasgai horren bidez sustatu beharreko balio gisa "autoestimua, duintasun pertsonala, askatasuna eta ardura" aipatzen ziren, "berezko irizpideak izango dituzten etorkizuneko herritarrak, errespetuz jokatuko dutenak, solidarioak eta parte hartzaileak, euren eskubide eta betebeharren jakitun izango direnak" sortze aldera.
Herritartasunerako Hezkuntza Lehen eta Bigarren Hezkuntzako curriculumetan agertzen zen. Hasiera-hasieratik, Eliza katolikoak eta sektore eskuindarrek begitan hartu zuten ikasgai hori, "estatuaren esku-hartze onartezina" zelakoan, eta, batez ere, gaizki hartu zituzten homosexualen eskubideez edo familia tradizionaletik aldentzen diren familia ereduez egiten ziren aipamenak. Mariano Rajoy presidente izendatu ostean ikasgaia desagertu izana ondoren etorriko zenaren zantzutzat hartu zuten begirale guztiek.
Hala izan da. LOMCEren testuan, Herritartasunerako eta Giza Eskubideetarako Hezkuntza desagertu da Lehen Hezkuntzan; DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Etika eta Herritartasuna ikasgaiarekin berdin gertatu da, eta batxilergoaren lehenengo mailan ematen zen Filosofia eta Herritartasuna izeneko ikasgaiak azken berba hori galdu du, eta Filosofia hutsean gelditu da.
Horren ordezko gisa, Konstituzio eta Gizalegezko Hezkuntza izeneko ikasgaia sartu zuen Espainiako Hezkuntza Ministerioak legearen zirriborroan. Horren edukiak ere oso polemikoak suertatu ziren, Espainiako Konstituzioaren balioen defentsa sutsuaz gain "nazionalismo baztertzailearen" kontrako gaitzespena ageri baitzen. Azkenean, ikasgai hori kentzea erabaki zuen Ministerioak, eta LOMCEren behin betiko testuan ez da horrelakorik ageri, han eman beharreko edukiak Filosofian irakatsiko direlakoan.
Mundu Garaikiderako Zientziak izeneko ikasgaia ere desagertu da. 2006ko legearen ondorioz, ikasgai hori derrigorrezkoa zen batxilergoaren lehenengo ikasturtean, eta horren helburua zen ikasle guztiei zientzien inguruko oinarrizko ezagutzak ematea, gaur egungo gizartean zientziek duten garrantzia nabarmentzea, zientziaren egungo erronka nagusiak zeintzuk diren azaltzea eta abar. Herritartasunerako Hezkuntzarekin gertatu bezala, badirudi ikasgai hori desagertzea arrazoi ideologikoei egotzi behar zaiela, Eliza katolikoaren sektore batzuek ez baitzuten begi onez ikusten eta zenbaitek —Concapa Ikasleen Gurasoen Konfederazio Katolikoak, esaterako—, "Herritartasunerako Hezkuntza baino kaltegarriagotzat" jo zuten ikasgai hori.
Berriro ere, ezabatutako ikasgaiaren edukiak Filosofian kokatzea espero du Hezkuntza Ministerioak. Zenbait eragilek ohartarazi dute aldaketa horiekin Filosofia kudeatu ezinezko nahas-mahasa bihurtzeko arriskua dagoela, edo, osterantzean, ezinezkoa izango dela ezabatutako ikasgaien edukiek Filosofian tokia aurkitzea.
Musika galtzaile
Batxilergoan, musikak eta arte eszenikoek kolpe latza pairatuko dute erreformarekin. Orain arte bazegoen Arte Eszenikoak, Musika eta Dantza Batxilergoa ikasteko aukera, nahiz eta Hego Euskal Herriko oso institutu gutxitan eskaini batxilergo mota hori. LOMCErekin, batxilergo mota hori desagertu egingo da, eta, horrekin batera, bertan ematen zituzten ikasgaiak ere: Anatomia Aplikatua, Arte Eszenikoak, Musika Hizkuntza eta Praktika, Analisi Musikala, Musikaren eta Dantzaren Historia eta abar. Ministerioak Lanbide Heziketara bideratu nahi ditu arte eszenikoei lotutako ikasketak, hori nola egingo den oraindik argi ez dagoen arren.
Baina musikaren kontrako erasoa ez da horretan gelditzen. Aritz Estibez (Bilbo, 1975) musika irakaslea da Barañaingo Alaitz institutuan (Nafarroa). Zehazki, Musikaren Analisia ematen du, Arte Eszenikoen Batxilergoan. Nafarroako musika irakasleak biltzen dituen Apromusena Nafarroako Bigarren Hezkuntzako Musika Irakasleen Elkartekoa da: "Orain arte, musika eta plastika derrigorrezkoak ziren Lehen Hezkuntza osoan eta Bigarren Hezkuntzako zenbait kurtsotan ere, baina LOMCEren ondorioz arte ikasgai horiek ez dira derrigorrezkoak izango", adierazi du. "Ikasgai espezifikoen barruan sartu dituzte, eta, beraz, hautazkoak izango dira".
Izan ere, LOMCE legeak hiru ikasgai mota aurreikusten ditu: enborrekoak edo derrigorrezkoak, espezifikoak, eta autonomia erkidegoek zehaztu beharrekoak. Musika bigarren multzo horretan sailkatu dute: horren ondorioz, gerta daiteke ikasle batek derrigorrezko irakastaldia amaitzea eta urte horietan guztietan musikaren inguruko inolako edukirik sekula ikasi ez izana.
Espainiako COAEM Musika Irakaskuntzako Elkarteen Konfederazioak ekimen ugari antolatu ditu desadostasuna adierazi eta legearen aldaketa eskatzeko. Garrantzitsuenetako bat izan zen agiri bat plazaratzea, hiru eskaera zehatzekin: Hezkuntza Artistikoa Lehen Hezkuntzako enborreko ikasgaia izatea, gainerako oinarrizko ikasgaien maila berean; DBHn, musikak gainerako ikasgaiek adina pisu edukitzea lehenengo mailatik hirugarrenera, eta hautazko ikasgaia izatea laugarren mailan; eta, azkenik, Arte Eszeniko eta Musika Batxilergoa berreskuratzea.
Agiriaren sinatzaileen arabera, ikasgaiak enborrekoetan eta espezifikoetan banatzeak ez du kontuan hartzen musikak "ikasleen garapen integralerako eta oinarrizko gaitasunak eskuratzeko egiten duen ekarpena". Banaketa horrek "jakintza motak laidoztatzen ditu, bigarren edo hirugarren mailakotzat sailkatuz, kontuan hartu gabe den-denek laguntzen dutela gizakiaren prestakuntza integralean".
Agiri horrek kultur elkarte, musika talde, eskola eta jende ezagun ugariren atxikimendua jaso zuen. Horretaz gain, 50.000 lagunek baino gehiagok bat egin zuten COAMENen eskariekin, horren aldeko sinadura emanda.
"Eskatzen dugun gauza bakarra inguruko herrialdeekin homologatzea da", gaineratu du Estibezek, "OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea osatzen duten gainerako herrialdeetan musika derrigorrezko ikasgaia baita oinarrizko hezkuntzan". Espainiako Estatuko Eskola Kontseiluak ere plastika eta musika derrigorrezko ikasgaiak izatea aholkatu duela gogorarazi du Estibezek.
Autonomia erkidegoei ordu kopuruak zehazteko ematen zaien eskuduntza garrantzitsua izan daiteke LOMCEk zenbait ikasgairi ezarritako bazterketa nola edo hala saihesteko, baina, horretarako, zeresan handia izango du Nafarroako zein Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen borondate politikoa bidezidor horretan barna abiatzeko. Estibezek ez daki zein izango den Nafarroako Gobernuaren jarrera afera horretan, baina susmoa du «erdipurdikoa» izango dela. Foru Gobernuak, oraingoz, Lehen Hezkuntzako ikastorduen banaketa baino ez du aurreratu lehen zirriborroan.
Estibezi ez zaio bidezkoa iruditzen ikasgai artistikoei eman nahi dieten trataera: "Sormenerako oso garrantzitsuak dira, begien bistakoa denez. Emozioak adierazteko egokiak dira, eta, askotan, arazoak dituzten ikasleentzat oso lagungarriak izan daitezke".
Espainiako Ministerioak bultzatu nahi duen erreforman sormena, emozioak eta antzeko irizpideak ez dira aintzat hartu. "Badirudi hezkuntza merkatuarekin eta sistema kapitalista sustatzearekin lotu nahi dutela", dio Estibezek. Baina, ikuspegi ekonomizista huts batetik ere, musikak badu bere garrantzia: "Musikak ere diru piloa mugitzen du, eta ekonomiarentzat onuragarria izan daiteke. Musikari profesionalak baditugu, baina horiek entzuleak behar dituzte, aurrera egingo badute. Hezkuntzatik musika desagerrarazten bada, ezinezkoa da merkatu hori sostengatuko duen masa kritikoa sortzea".
Teknologia
Lehen Hezkuntzan, aldaketarik esanguratsuenetako bat da Ingurunearen Ezagutza deritzon ikasgaia desagertzen dela eta horren edukiak bi ikasgaitan banatuko direla: Naturaren Zientziak eta Gizarte Zientziak. Zahar usaina hartu diote askok horri; arean ere, OHO Oinarrizko Hezkuntza Orokorraren garaikoa da natura eta gizartearen arteko banaketa.
DBHn zein batxilergoan egindako beste aldaketa batek eman du zeresan handia: teknologiari dagokiona, hain zuzen. DBHko lehenengo hiru ikasturteetan arras desagertzen da Teknologia ikasgaia, eta irakaskuntza agintarien zein ikastetxeen esku gelditzen da hori ezartzea. DBHko 4. mailan, berriz, desagertzen da batxilergora bideratzen duen adarretik. Batxilergoan, Zientzia eta Teknologia izeneko modalitateak azken deitura hori galtzen du eta Zientzia hutsean gelditzen da.
Aldaketok haserre bizian jarri dituzte irakaskuntza eragileak, batez ere teknologia arlokoak. EAETIE Euskal Autonomia Erkidegoko Teknologia Irakasleen Elkarteak "zentzugabekeria izugarria" iritzi dio horri, "gero eta ingurune konplexuago eta teknifikatuagoan" dagoen gizarte batean.
LOMCE legeak zenbait ikasgai eta jakintza mota bazterrean laga izanak kritikak sorrarazi ditu hezkuntza komunitatearen alor ia guztietan. Gurasoak ez dira salbuespena. EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea kritiko azaldu da horren inguruan: "LOMCE legearen asmoak argi agertzen dira testuaren aurreneko orrian", gogoratu du EHIGEren koordinatzaile Lurdes Imazek. "Ikasleek talentu desberdinak omen dituztenez, ibilbide desberdinak eskaini behar zaizkie enplegua bilatzeko modua izan dezaten. Txintik ez ikasle ororen hezkuntza eskubideez beren gaitasunak ahal bezainbeste garatzeko".
Horren ondorioz, ikasgaiei garrantzi handiagoa edo txikiagoa ematen diete "behar produktibo eta ekonomikoen arabera", eta, hortaz, "lanerako beharrezkoak izango liratekeen gai instrumentalak" indartzen dira, EHIGEren aburuz.
"Horren ondorio dira, adibidez, arte hezkuntza ez izatea derrigorrezkoa Lehen Hezkuntzan, edo lege osoan ezer ez esatea ikasleen heziketa integralerako hain garrantzitsuak diren emozio hezkuntzaz edo gizarte gaitasunez, edo aniztasunari aurre egiteko ibilbideak planteatzeaz", adierazi du Imazek.