«Bazterketa eskemekin» segitzea egotzi diote Lopezi

Lehendakariak «elkarbizitza fororako» egindako proposamena baztertu dute EA, Aralar, Alternatiba eta ezker abertzaleak«Bazterketarik gabeko elkarrizketaren» aldeko apustua berretsi dute lau alderdiek

Rebeka Ubera, Unai Ziarreta, Maribi Ugarteburu eta Oskar Matute, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
«Egoera berriari errezeta zaharrekin erantzutea» leporatu zioten atzo Patxi Lopezi EAk, Aralarrek, Alternatibak eta ezker abertzaleak. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak herenegun Eusko Legebiltzarrean «elkarbizitzarako foroa» eratzeko proposamenean ezker abertzalearen presentzia ez bermatzea deitoratu zuten: «Onartezina eta gatazkaren konponbidearen aurkakoa dela iruditzen zaigu bazterketan oinarritutako eskemekin jarraitzea, eta, beraz, halako jarrerei eusten dien lehendakariak ez du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkari goren gisa aritzeko zilegitasunik».

Bilbon egindako agerraldian, ezker abertzaleko bozeramaile Maribi Ugarteburuk eta EAko kide Unai Ziarretak hartu zuten hitza, ondoan Rebeka Ubera Aralarreko eleduna eta Oskar Matute Alternatibako bozeramailea zituztela. Euren ustez, bakegintza eta elkarbizitzarako lantaldea gizartearen ordezkaritza guztia kontuan hartu gabe osatu nahi izatea «jarrera baztertzaileak bultzatzea» da. Hala, «arduragabe» jokatzea egotzi zioten Lopezi, «iraganari begira, iraganeko irtenbideekin».

Izan ere, bazterketa ez ezik, egungo espetxe politika babesten duten mezuak antzeman dituzte lau alderdiek lehendakariaren diskurtsoan. Ugartebururen hitzetan, «gatazkaren konponbideak behar dituen errezeta eta planteamenduetatik erabat aldenduta» dago Lopezen egitasmoa, eta ez dator bat gizartearen borondatearekin, «irabazle eta galtzaileen kontakizun ustelarekin» baizik: «Gatazka politikoaren onarpenik egin gabe, gatazkaren ondorioen inguruan egia jakitearen premiari ateak itxiz eta exijentziak besteen bizkar kokatuz, desitxuratze ahalegin oso baten agerraldia izan zen berea».

Salbuespenik gabe

EA, Aralar, Alternatiba eta ezker abertzalearen arabera, ordea, «salbuespenik gabeko elkarrizketak» egon behar du konponbidearen oinarrian: «Elkarrizketa integratzailea, eta ez-baztertzailea. Protagonismo eta lidergo hutsalak alboratuz, irabazle eta galtzailerik gabekoa, guztion bakea eraikitzeko,berriro errepika ez dadingatazka politikoa gainditzeko». Euskal Herriko lurralde guztiak kontuan hartzeaz ere mintzatu dira, eta, beraz, egungo esparru juridikoa eta erakundeen egituraketa gainditzeaz. Era berean, «proiektu politiko guztien osaketari» ateak irekiko lizkioke eredu horrek.

Lau alderdion arabera, gainera, Aieteko Nazioarteko Konferentzian adostutakoa berresten du euren proposamenak. Aietek «alboratu ezinezko ibilbide orria» marraztu zuela ekarri dute gogora, eta oinarri horrek «gatazkaren ondorioei eta erroei modu egokian, justuan eta demokratikoan erantzutea» ahalbidetuko duen ustea agertu dute: «Ibilbide orri horrek herri honen gehiengoaren babesa du».

Aieten adierazi zenez, «urratsak alde guztietatik egiteko garaia» iritsi dela nabarmendu du Ugarteburuk, bai indar politiko guztiak legeztatzeko, bai indarkeria guztiak desagerrarazteko.

Hartara, agintari politikoen txanda ere iritsi da. Espainiako zein Frantziako gobernuei ez ezik, Patxi Lopez lehendakariari eta Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari igorri diote mezua: «Ezin dute denbora gehiagoan iraun Aieteko ondorioei erantzun gabe. Eta ezin dute jarraitu pertsonen eskubide guztiak urratzen dituzten salbuespenezko legedi zein jokabideekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.