Bazterretatik eraldatzeko

'Ertzetako erresistentziak eta gorputzak' solasaldia egin dute gaur Donostian, Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatutako 'Gorputzen burujabetza' topaketaren hirugarren aldiaren barnean.

'Ertzetako erresistentziak eta gorputzak' solasaldia, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
'Ertzetako erresistentziak eta gorputzak' solasaldia, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Isabel Jaurena.
Donostia
2025eko maiatzaren 24a
18:55
Entzun 00:00:0000:00:00

«Beldurra, biktima eta gozamena». Testuinguru globalak ertzetako gorputzei nola eragiten dien galdetuta, hori datorkio burura Theo Taccone Argentinako Mundillo Trans proiektuaren sortzaileari. «Beldur zara, baina, aldi berean, zure identitateaz gozatzen duzu». Tacconek transen errealitateen berri ematen du bideo bidez, eta, umorea lagun, hormonazioaz, toraxaren maskulinizazioaz eta bizitzako pasadizoez mintzo da: «Pertsona transak ez gara soilik bular operatu bat, gorputz hormonatu bat: umorea egiten ere badakigu». Esplikatu du Argentinan beldurra eta zentsura direla nagusi «ertzetan» dauden horien artean, eta, hortaz, anitzetan zalantzak izaten dituela eta ez duela jakiten bere errealitatea zenbateraino erakutsi, baina, aldi berean, «ausardia» ere baduela. «Kontraesan bat da».

Ertzetako erresistentziak eta gorputzak solasaldian parte hartu du Tacconek, Euskal Herriko Bilgune Feministak Donostian antolatutako Gorputzen burujabetza topaketaren hirugarren aldian. Tacconerekin batera, Alina Andre Altenkirch Tinkuy kolektiboko kidea eta Donostiako Asanblada Transmaribolloko bi kide izan dira mintzaldian. Ekhi Petriati bilguneko kidea aritu da dinamizatzaile, eta azaldu du testuinguru globalean nabarmena dela eskuin muturraren gorakada, oldarraldia, eta horrek «bazterretan dauden horiei» eragiten diela. Ildo horretatik, Tacconek adierazi du «gorputz transak ahulentzako leku batean» jarri dituztela: «Zer nahi dugun ez dakigun pertsona gisa hartuta». Nabarmendu du, baina, baietz, badakitela norat doazen: «Antolatuta gaude. Faxismoa existitzen da, baina ez da hain erraza izanen eraiki dugun hau guztia haustea».

«Antolatuta gaude. Faxismoa existitzen da, baina ez da hain erraza izanen eraiki dugun hau guztia haustea»

THEO TACCONEMundillo Trans proiektuaren sortzailea

Altenkirchek gogoratu du faxismoa ez dela gauza berria, «beti» egon dela: «Arriskutsua zera da, diskurtso horiek legitimatzen ari direla: lehen, esparru jakinetan erreproduzitzen ziren, eta gaur egun nonahi ikus ditzakegu». Kapitalismoaren eta faxismoaren arteko loturaz mintzatu da gero: «Faxismoa kapitalismoaren txakurra da. Kapitalismoa krisian dago, eta, hortaz, txakurrak atera behar dira sistema sostengatzeko». Are, azaldu du «txakur» horiek aldatu egiten direla, aldian aldiko egoera «soziohistorikora moldatzen» baitira, baina beti dutela helburu bera: kontrol soziala. Kontrol horretan arras markatuta egoten da zer dagoen ongi eta zer gaizki, Altenkirchek erran duenez, eta ongi dagoen horretan sartzen ez dena mehatxu bihurtzen da, eta, ondorioz, desagerrarazi behar da.

Migratzaileen eskubideen aldeko taldea da Altenkirchena, eta erran duenez, Euskal Herria beti izan da plurala, baina arrazakeria badago. «Arrazakeria instituzionala zapalkuntza kolonialaren jarraipen bat bertzerik ez da». Hortaz, eremu ez-mistoen garrantzia aldarrikatu du: «Ez da banaketa ekintza bat: [migratzaileok] esparru horiek behar ditugu, esperientzia berdintsuetatik abiatuta elkar sendatzeko». Gune horien beharra nabarmendu badu ere, argi du oldarraldiari aurre egiteko mekanismoak eraiki behar direla, eta hori «ertzetako gorputzen batasunetik abiatuz» eginen dela: «Gure aniztasuna eta batasuna erresistentzia mota bat dira».

«Faxismoa kapitalismoaren txakurra da. Kapitalismoa krisian dago, eta, hortaz, txakurrak atera behar dira sistema sostengatzeko»

ALINA ANDRE ALTENKIRCHTinkuy kolektiboko kidea

Donostiako Asanblada Transmaribolloko kideek adierazi dute faxismoak ez ezik neoliberalismoak ere zeharkatzen dituela bazterretako gorputzak. Faxismoak beldurraren eta segurtasunaren diskurtsoa darabilela adierazi dute, eta horrekin lotu dute «TERF mugimendua»: «Erreakzionarioa da, eta patriarkatua legitimatzen du; beldurra eta alarmismoa darabiltzate». Neoliberalismoak, berriz, disidentzien borroka «despolitizatu» du, «errespetuaren eta askatasunaren diskurtsoa» aitzakia hartuta. Izan ere, esplikatu dutenez, ideia hau zabaltzen du: «Izan nahi duzun hori disidentzia bada ere, onartuko da baldin eta merkantilizatzen ahal bada». Ondorioz, dena maila berean jartzen du, eta «edozein» aukera legitimo bihurtu: «Horrek zaildu egiten du emakumeak eta gizonak klase politiko gisa ulertzea, eta, hala, ezinezko bilakatzen da horiek abolitzea».

'Ertzetako erresistentziak eta gorputzak' solasaldia gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
'Ertzetako erresistentziak eta gorputzak' solasaldia, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU

Arlo komunitarioa

Oldarraldi horrek hautsiko ez duen zerbait badago bazterretan, Tacconeren irudiko: «Komunitarioa den horren esentzia». Ordea, adierazi duenez, Argentinan bederen gatazka anitz dago komunitate barneko taldeen artean, eta horiek «energia galtzeko» modu bat dira harendako. «Oso garrantzitsua da gatazka horretan arreta non jartzen dugun: eskuin muturrean jarri behar dugu. Arazoaren erroa ez da gure ondoan dagoen hori».

Are, Donostiako Asanblada Transmaribolloak erran du egoerari aurre egiteko «aliantza zabalak» behar direla, eta adibide bat jarri: «Adibidez, ikusten dugu langile klasearen batasuna beharrezkoa dela. Oso argi dugu hainbestetan mantra gisa erabili den hori, langile klasearen batasuna, helburu politiko bat dela, baina ez premisa bat. Hau da, ez da aurrez suposatzen dugun zerbait, baizik eta eraiki behar den zerbait. Horretarako baldintzak sortu behar ditugu, eta, beraz, hegemonia heteropatriarkala irauli».

«Anbizio osoa dugu bazterretatik gizartea aldatzeko: zentroa suntsitu nahi dugu, gizon eta emakumerik gabeko Euskal Herri bat sortzeko»

DONOSTIAKO ASANBLADA TRANSMARIBOLLOA

Horrez gain, Euskal Herriko mugimendu feministaren azken hamarkadako lorpen gisa hartu du borroka feminista borroka «transmaribollo» gisa ulertzea, eta gogoratu Euskal Herriko mugimendu feminista «TERFen kontrakoa» dela. Mugimendu horri mintzatu zaio Taccone: «Birplantea itzazue zuen teoriak. Jakin ezazue barnean duzuen gorroto hori konpondu ezin duzuen zerbaiten isla dela». Txaloka erantzun diote entzuleek. Donostiako Asanblada Transmaribolloak itxi du saioa: «Anbizio osoa dugu bazterretatik gizartea aldatzeko: zentroa suntsitu nahi dugu, gizon eta emakumerik gabeko Euskal Herri bat sortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.