Euskara

Bederatzi jardunaldirekin ospatuko du Euskaltzaindiak bere mendeurrena

"Euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berrizteko" baliatu nai du akademiak mendeurrena.

Egitaraua aurkezteko goizean Bilbon egin duten agerraldia. LUIS JAUREGIALTZO
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko martxoaren 23a
17:06
Entzun

Aurtengo irailean hasi eta datorren urteko hil berera bitartean egingo dira Euskaltzaindiak antolatu dituen jardunaldiak. "Euskararen lurralde guztietan egingo dira, Euskaltzaindiaren batzorde, lantalde eta egitasmo guztien parte hartzearekin. Halaber, akademiaren jardun eremu eta aztergai guztiak jorratuko dira kongresuan", iragarri du Ibon Usarraldek, mendeurreneko ospakizunen koordinatzaileak.

Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratu du aurtengoa "urte esanguratsua" izango dela. Euskaltzaindia etorkizuneko erronkei aurre egiteko "indartsu" dagoela ere esan du. "Guk bete-betean egon nahi dugu XXI. mendean, eta esango nuke azken 10-13 urteotan egin ditugun aldaketa eta esfortzuekin, helburutik hurbil gaudela". 

Euskaltzaindiak menduerrena baliatu nahi du "euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berrizteko". Horregatik, guztiekin ospatu nahi du urteurren biribila. 

Lehen jardunaldia Baionan egingo da irailean, eta Ipar Euskal Herriak euskararen batasunari egin dion ekarpena aztertzeko bilduko dira. Urrian, batasunerako prozesua bera izango dute hizpide, Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa). Datorren urtean egingo dira gainontzekoak: urtarrilean, hizkuntza eskubideena, Iruñean; otsailean, ahoskerari buruzkoa, Gasteizen; martxoan, dialektologiarena, Bilbon; maiatzean landuko dituzte literatura gaiak, Bilbon; onomastika jardunaldiak Gasteizen egingo dira, ekainean; gramatikari dagozkionak, Donostian, uztailean; eta irailean bukatuko dute, Donostian bertan, teknologia berriei buruzkoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.