BEGIRADAK. Epika txikiaren izua...

Xabier Aierdi.
2008ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Gure herri honetan gero eta sarriago gero eta talde gehiagok herri honen diagnostikoari ekiten dio, Salomon Erregearen minak aurkitu gogoan edo, aspalditik dena esplikatzen duen aztarnaren bat kontutan hartu ez dugulakoan eta, horrexek, miaketa zehatz eta kolektibo baten bidez aurkituta, gertatzen dena, zergatik gertatzen den eta egungo egonezina nola berbideratu daitekeen esplikatu digulakoan, azalpenerako botere magikoa edukiko duelakoan.

Horrelako taldeek oso dimentsio biografikoa dute, hainbat jende elkarrekin bilduta egin beharko denaz eta, batez ere, politikariak eta batez ere madrildarrek eta batez ere sozialistek eta batez ere Zapaterok egin beharko luketenaz aritzen da ahalegin geldiezinean, zeren kanpo borondate eza horrexek adierazten omen du bizitza zeharo zaildu eta izorratu egiten digun mamu izenik gabeko horren iraupena. Dimentsio biografiko bat dauka neurri batean egin izan dutena eta egiten ez dutena historiaren patu ekidinezinaren barruan kokatu gura dutelako partaideek, egin edo egiten ez dutena egin ezin zela/dela erakusteko. Eta ahalegin antzu honetan euren burua zuritzeaz gain, engainatu egiten dute.

Jardun hauek batez ere ezker abertzalearen inguruan kokatzen dira, gaur egungo ezker abertzalearen kanpo geruzetan, ertainetan, baina baita nukleotik hurbilago daudenetan eta, batez ere, egonizan direnetan. Eta kontua da euren burua engainatzen dutela, diagnostikoa aspalditik eginda dutelako, baina deskrubitu duten harri bitxiak izutu egiten ditu: aurrera pauso eman behar da, baina epika txikikoa.

Kontua da ere euren imaginario guztia epika handietarako prestatua egon izan dela. Imaginario horren barruan legitimitate koalitatiboaren aurrean zenbakien legitimateak ez du balio, hura baita benetakoa. Horrela, pentsalmolde honen arabera, legitimitatea konpromezuarekin (borroka) neurtzen da eta gutxi gora behera honela funzionatzen du: nork du legitimitate gehien? Gehien konprometatzen denak! Nor da gehien konprometatzen dena? Gehien borrokatzen duenak! Nor da gehien borrokatzen duena? Bizitza emateko prest dagoenak! Nork errepresentatzen du ongien herri hau? Horiexek, ez beste inork!. Beraz, hauek dira legitimoenak, legitimitate koalitatiboa dute, zeren gure komodidadearen aurrean, gure itxikeriaren aurrean euren hautuak erakusten du aberriak sakonetik eskatzen duena. Gainontzekook ez gara inor logika honetan.

Epika txikiak, ordea, besterik eskatzen du: norberak pauso bat aurrera ematea, legitimitatea beste nonbait dagoela onartzea. Epika txikiak eskatzen du kontzientzia pertsonalak onartzen ez duena plazan erakutsi behar dela. Epika txikiak eskatzen du ezker abertzalean biolentziaren kontra dauden pertsonek aurrerapauso bat eman behar dutela, denak elkarrekin batera, eta batez ere beren buruak, eurek badakite eta inork baino hobeto hor dagoela soluzioa, eta «Aski da!» esan behar diotela, baina ETAri. Epika txikia bizi izan den historiari, garatu den biografiari, traizio bat egitean datza, ispilu magikoen ordez arrunta eta merkeenetan norbere burua islatzea. Etorkizuna eta esperantza erditzeko epika txikiak bizi izan den imaginarioari traizioa egitea eskatzen du. Traizio indibiduala eta traizio kolektiboa. Erabakia, soluzioa, etorkizuna, ez dago besteengan, norbere traizioan baino.

Epika txikiak arazo bat baino ez dauka. Arrunta da eta, horrexegatik, erabaki zailen ausardia eskatzen du, baina hiltzen dituztenak besteak diren bitartean norbera zertarako mugitu? Hori da epika txikiaren izua: aurrekoari kontuak konpontzeko borondaterik ez duela egotziz, aurrekoari urratsik egiteko gogorik ez duelako salatuz, epika handiaren izenean norbera ausardia ezean izkutatzearena. Ez dugu behar diagnostikorik, epika txikia baino. Eta, amaitzeko, sekretu bat: Salomonen minak aspaldi agortu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.