Alfarok uko egin dio Nafarroako Ahal Dugu-ren primarioetara aurkezteari, eta Zurekin-en aldeko apustua berretsi du

Alfaro Ahal Dugu-ko koordinatzailea da 2021etik, eta Nafarroako hirugarren presidenteordea 2023tik. Madrilen ezker konfederalaren barruan piztu diren eztabaidak arbuiatu ditu, eta batasuna eskatu.

Begoña Alfaro, artxiboko irudi batean. ZIPI / EFE
Begoña Alfaro, artxiboko irudi batean. ZIPI / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko apirilaren 30a
19:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta lurralde hartako Ahal Dugu-ren koordinatzaileak uko egin dio lidergoan jarraitzeko hautagai izateari. Zuzenean alderdi edo mugimendurik aipatu ez badu ere, Alfarok gogor kritikatu ditu ezker konfederalaren barruan izaten ari diren eztabaidak, eta batasunaren aldeko mezua zabaldu nahi izan du. Hain zuzen, adierazi du Zurekin Nafarroaren formula defendatzen jarraituko duela legealdia amaitu arte.

Alfarok 2021ean hartu zuen Nafarroako Ahal Dugu-ren lidergoa, baina, agintaldi bat egin ostean, ez da aurkeztuko karguan jarraitzeko primarioetara. Azaldu duenez, «apustu argi bat» izanik egin zuen politikako lehen lerrorako jauzia: «Ezkerreko espazioak proiektu bateratu batean batzea». Haren esanetan, bide hori hartzearen alde egin zuten alderdikide gehienek 2021eko barne prozesu hartan. Hain zuzen, haren ondorioetako bat izan zen Zurekin koalizioa sortzea.

2023ko udal eta foru hauteskundeetan, izen horrekin aurkeztu ziren Ahal Dugu, Ezker Batua, Batzarre, Aliantza Berdea eta Equo. Hain zuzen, Alfaro izan zen koalizioaren hautagaia Nafarroako presidentetzarako, eta koalizioaren ordezkari nagusia da oraindik ere: hirugarren presidenteorde izateaz gain, Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketarako kontseilaria ere bada. Legealdia amaitu bitarte karguan eusteko asmoa du, «gobernu programa bete dadin».

Alfarok Zurekin formularen aldeko apustua berretsi du, eta adierazi du legealdia bukatu bitarte indar egingo duela esparru politiko hori «Nafarroan zentratutako proiektu batean» oinarritutako koalizio gisa aurkeztu dadin 2027ko hauteskundeetara: «Nafarren interesak inolaz ere kontuan izan gabe erabakiak hartzen dituzten horiei begira egon gabe». Izan ere, haren esanetan, 2023an jada, «erabakiguneak Madrilen dituzten erakundeen zarata» bazterrean utzita hartu zuten erabakia, ordurako agerikoak baitziren ezker konfederaleko mugimenduen arteko eztabaidak Madrilen, nahiz eta uda hartako Espainiako Gorteetarako bozetan zerrenda bateratuak osatzeko gai izan ziren.

Mezua are gehiago zabaldu nahi izan du, ordea. «Nafarroako indar aurrerakoi guztiei» dei egin die; gobernuan daudenei —Zurekin bera, PSN eta Geroa Bai— eta hura «kanpotik babesten duenari», EH Bilduri. «Siglak gorabehera, ikuspegi zabala izan behar dugu, eta politikaren maila guztietan izaten ari den aldaketa asumitu. Gure erkidegoan lortu dena sendotu egin behar dugu datozen hamar urteetan, eta anbizio handiagoa izan». Izan ere, gogoratu du «olatu erreakzionarioaren» mehatxua hor dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.