KONTAKIZUNA

Begoña Urroz ETAren biktimatzat jo du aurten ere Espainiako Kongresuak

Ekainaren 28an gogoratuko dute Terrorismoaren Biktimen Eguna.

1960ko ekainaren 27an hil zuten Begoña Urroz. BERRIA
2016ko ekainaren 22a
17:49
Entzun

Espainiako Kongresuak ekitaldi bat prestatu du datorren astearterako, Terrorismoaren Biktimen Egunaren harira. Ohar bat argitaratu dute Kongresuaren webgunean, eta han azaldu dute Patxi Lopez Kongresuko jarduneko presidenteak zuzenduko duela ekitaldia eta 12:00etan izango dela, Ernest Lluch aretoan. Ekitaldian izango dira indarkeriaren biktimen elkarte ugaritako ordezkariak.

Gehiago dio oharrak: "Zazpigarrenez egingo da omenaldia, 2010eko martxoaren 11n erabaki ostean ekainaren 27a izendatzea Terrorismoaren Biktimen Eguna. 1960ko ekainaren 27an, ETAk lehen aldiz hil zuen. Haren biktima Begoña Urroz izan zen, 22 hilabetekoa".

Maleta batek eztanda eginda hil zen Urroz, 22 hilabete zituela, Donostiako Amara auzoko geltokian, 1960an. Espainiako Diputatuen Kongresuak ekainaren 27a Terrorismoaren Biktimen Eguna izendatu zuen 2010ean, eta honela mintzatu zen Kongresuko orduko presidente Jose Bono: "1960ko ekainaren 27an, duela 50 urte, ETAk lehendabizikoz hil zuen. Haren biktima Begoña Urroz izan zen. Mundu guztiak jakin behar du, eta inork ez du bazter utzi behar, ez Espainian ez Espainiatik kanpo, ETAren lehen biktima 22 hilabeteko haur bat izan zela".

Egindako ikerketa askok DRIL taldeari leporatu diote erasoa. Besteak beste, Ainhoa Oiartzabal BERRIAko kazetariak Nork hil zuen Begoña Urroz? erreportaje sarituan frogatu zuen Urroz ez zuela ETAk hil. Horrez gain, Urroz hil zen atentatua DRILek egin zuela dioten polizia txostenak eskuratu zituen 2013an Xavier Montanya kazetariak.

Espainiako Auzitegi Nazionalak berak ez dio ETAri egotzi Urrozen hilketa. Auzitegiko Biktimen Laguntzarako Bulegoak joan den maiatzean jakinarazi zuen ETAk hildako 864 lagun dituela zenbatuak, eta zehaztu zuen 1968 eta 2009 bitartean hil zituela.

Patxi Lopezek zuzenduko du datorren asteko ekitaldia. Bera Jaurlaritzako lehendakaria zela, ordea, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren menpeko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren webgunean, determinatu gabe esaldia ageri zen Begoñƒa Urrozen atentatuari buruz. "Ez dago besterik esateko", azaldu zuen Txema Urkijo Biktimen Arretarako Bulegoko aholkulariak: "Ez dago nahiko elementu atentatua ETAri egozteko".

Eusko Jaurlaritzaren Udal Erretratuen mapan, Lasarte-Oriari dagokion txostenean eta Egiletza argitu gabe duten urraketen atalean, DRILi egozten zaio atentatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.