Ratioen arabera, guk bat eta lau ikasle artean izan behar ditugu, eta hezitzaile askok eta askok lau ikasle dituzte. Iritsi ezinda gaude. Haurrei eman geniezaiekeen apurra ematen ari gara». Miren Larrañaga eta Maider Ezkioga behar bereziak dituzten haurren hezitzaileak dira, eta hala salatu dute murrizketen ondorioz beren sektoreko langileek duten egoera eta, batez ere, murrizketek haur horiengan duten eragina: «Arduradun politikoek eskola barneratzaileaz hitz egiten dute, baina murrizketa hauekin zaila da hori».
ELAko kide ere badira Ezkioga eta Larrañaga. Sindikatuak esku artean dituen datuen arabera, behar bereziak dituzten 4.500 ikasle daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoan, eta horiekin lanean, 1.050 hezitzaile. 2009-2010eko ikasturtetik, lanaldi osoko 40 hezitzaile gutxiago daude. Jaitsiera %7koa izan da; 636tik 596ra. Jardun partzialekoek %48 egin dute gora: 63tik 122ra. «Oro har, jaitsiera bat izan da. Izan ere, ez da berdina jardun osoko lanpostu bat edo partzialeko bat. Egoerak, gainera, okerrera egingo du. Izan ere, gero eta haur gehiagok dituzte behar bereziak», nabarmendu du Larrañagak. Nafarroan ere izan dira murrizketak. Iaz, 85etik 75era jaitsi ziren jardun osoko lanpostuak.
Ezkiogak eta Larrañagak salatu dute ikasle askok behar baino ordu gutxiagoan izaten dutela hezitzaileen laguntza: «Berdin gertatzen da ikasle horietako askok behar izaten dituzten fisioterapia, logopeda edo zeinu interpreteen zerbitzuekin». Kontuan hartuta eskolan jasotzen duten arreta ez dela behar dutenaren adinakoa, guraso askok logopeda eta fisioterapeuta pribatuengana eramaten dituzte seme-alabak.«Hori ez da bidezkoa, ikasle guztiek dutelako beharrezkoa duten heziketa jasotzeko eskubidea», esan du Larrañagak.
Hezitzailea ez dagoenean, kasu askotan ikaslea «baztertuta» geratzen da gelan. «Tutorearen edo gela horretako irakaslearen inplikazioaren arabera egoten da. Baina halakoak gertatzen dira. Arazorik sortzen ez duen bitartean, ez da ezer gertatzen. Baina badira jarrera arazoak dituztenak, eta sarri gelaren eguneroko martxan eragiten du». Hezitzaile bat gaixotzen denean haren ordezkoa bidaltzen gero eta egun gehiago pasatzen direla azaldu du Ezkiogak. «Egun horietan ikaslea arretarik gabe geratzen da maiz. Irakasleak nahikoa du ikasgelaren eguneroko martxari eustea. Badira eskolak hezitzailea ez badago gurasoei umea eskolara ez eramateko eskatzen dietenak».
Ikasi ahal izateko, aparteko materiala behar izaten dute behar bereziak dituzten ikasleek. «Horiek prestatzeko gero eta denbora gutxiago dugu, baita tutoreekin batzarrak egiteko ere. Gure arteko koordinazioa funtsezkoa da. Izan ere, ikasle horiek ez dira soilik gure ardura, ikastetxe osoarena baizik. Gu katearen zati bat baino ez gara», azaldu dute. Ezkiogak nabarmendu du irakasle askoren ahaleginei esker jasotzen ari direla ikasle ugari behar duten arreta. «Ni, adibidez, duela ikasturte batzuk ikasle itsu baten hezitzailea izan nintzen. Haurrak klasearen eguneroko martxa jarraitzeko materiala izateko, nire kabuz brailea ikasi eta materiala prestatzen nion».
2003. urtetik behar bereziak dituzten hezitzaileen lan hitzarmena etenda dagoela gogorarazi du Larrañagak. «Iazko irailean, oinarrietarako akordio bat sinatu genuen sindikatuek eta Hezkuntza Sailak. Baina behin betiko akordioa sinatzeko testua jaso genuenean, guztiz aldatuta zegoen». Uztailaren 7ra arte dute akordio bat sinatzeko denbora; gainontzean, sektoreko lan hitzarmenik gabe geratuko dira. «Hori gertatzen bada, bi aukera daude: langileen estatutua aplikatzea, edo pribatizazioa».
Akordioa sinatzeko eskatu dituzten lan baldintzak «aspaldikoak» direla azaldu dute. Batetik, hitzarmenean astean lan egin behar dituzten orduak zehaztea nahi dute. «Egun, urteko lanorduak jasotzen dira: 1.480. Baina gu ez gaude ados». Izan ere, egokitzen zaizkien ikasleen arabera lanorduak «amaigabeak» direla zehaztu du Larrañagak. «Kasu askotan, eskolara joateko autobusa hartzen dutenetik etxera itzultzen diren arte, guk arduratu behar dugu haurrez. Behar badute, adibidez, jangelan ere geratzen gara, hango zaintzaileen ratioetatik kanpo baitaude. Beraz, behar handiak dituen ikasle bat egokitzen bazaizu, laneguna 08:15ean has dezakezu, eta 17:45ean amaitu. Ordu gehiago lan egin arren, gainera, berdin kobratzen duzu». Soldata administrazioko langileekin parekatzea ere aldarrikatzen dute, eta irakasleekinhomologatzea.
Itunpekoetan ere, mozketak
Ikastetxe publikoetan ez ezik, itunpekoetan ere egon dira murrizketak. Ikastolek, adibidez, antzeman dute irakasle eta material gutxiago dutela behar bereziak dituzten umeentzat. «Hezitzaile gutxiago ditugu, eta ordutegi murriztuagoa dute», azaldu du Jose Luis Sukiak, Ikastolen Elkarteko ordezkariak. Dena den, ikasteko zailtasunak dituzten ikasleentzako ikasgeletarako baliabideetan eta laguntzetan sumatu dute jaitsiera handiena. «Ez nuke esango desagertu direnik, baina ia-ia». Iazko ikasturtean, hogei ikasgela zituzten halako gaztetxoentzat, eta aurten, zazpi. «Oso kezkagarria» iruditzen zaio hori Sukiari. «Gela horiek funtsezkoak dira, ikasketetan aurrera egiteko benetako zailtasunak dituzten ikasleentzat baitira. Askotan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzeko arazoak izango dituzten ikasleak dira. Baina ikasgela horietan eskaintzen zaien laguntzari esker, askok lortzen dute aurrera egitea eta ikasketak amaitzea». Eskola uzte goiztiarrari eta eskola porrotari aurre egiteko, «funtsezkotzat» jo ditu.
Hori kontuan hartuta, Ikastolen Elkartea saiatzen ari da bere kabuz eskola horietarako baliabideak jartzen. «Horretarako, ahalegina sozializatu behar dugu. Modua hau da: gurasoei kuota igotzea eta irakasleei ahalegin gehigarri bat eskatzea». Baina hori «neurrian» egiten ari dira. «Badakigu irakasleak ahalegin handia egiten ari direla. Guraso ugari ere egoera ekonomiko larrian daude, eta ez ditugu kuotak askorik igo nahi». Datorren ikasturtean egoera gehiago oker daitekeen beldur dira.
Beharra bai, baliabideak ez
2009an baino jardun osoko 40 hezitzaile gutxiago daude EAEko eskola publikoetan behar berezietako haurrentzat. Horrek heziketa zailtzen du, hezitzaileen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu