euskara

Behatokia: "Hizkuntz eskubideen urraketak naturalizatu egiten dira lurralde guztietan"

2006ko txostena aurkeztu du gaur, eta 1.099 espediente sortu ditu. Hizkuntz eskubideak "Euskal Herri osoan" urratzen direla esan du Behatokiak, eta "administrazio guztiek". Hala ere, herritarrek "gero eta jarrera aktiboagoa" dute urraketen aurrean.

2007ko apirilaren 19a
12:37
Entzun
"O en español, o no entras". Gaur egun oraindik ere halako kasuak ematen dira Euskal Herrian, eta halakoak jaso ditu Behatokiak 2006ko txostenean (Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian, 2006an). Gaur aurkeztu du. “Hizkuntz eskubideak Euskal Herri osoan urratzen dira eta administrazio guztiek urratzen dituzte", esan du Xabier Mendiguren Behatokiko lehendakariak.

Behatokiaren urteko txostena herritarrek euskararen telefonoan helarazitako kexa eta txalotzeen bidez egindako azterketa da. Aurtengoa seigarren txostena da: 1.099 espediente sortu ditu 2006an, eta horietatik 973 eskubide urraketen berri eman duten herritarren kexak izan dira. "Berriz ere begi-bistan gelditu da eskubideen urraketak naturalizatu egiten direla lurralde guztietan", adierazi du Mendigurenek.

Urtero jasotzen dituzten erantzun "zakarrez" gain, aurten Justiziaren alorrean "jauzi arriskutsua" egin dela salatu dute Behatokiko ordezkariek: "Euskara erabili nahi izan duenari kartzela zigorra ezarri zaio; hizkuntza gutxiesten duenaren aurkako neurririk, berriz, ez da inon hartu. Horrela, zuzenean euskaraz deklaratu nahi izan duen herritar batek sei hilabeteko kartzelaldiari egin beharko dio aurre; baina, 'has pedido médico euskaldun, y como no hay, te quedas sin visita al médico', bezalako erantzunak ematen dituenak, ez du zertaz arduratu".

Behatokia, duela sei urte Kontseiluak sortutako fundazioa da, eta herritarren hizkuntz eskubideez arduratzen da, arlo publikoan zein pribatuan; horiek bermatzera zuzentzen du bere jarduera. Sei urtean 4.374 espediente osatu ditu Behatokiak. "Kezkagarria da gure hizkuntz eskubideak urtez urte sistematikoki urratzen direla ikustea", esan du Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak.

Aurtengo txostenak zenbait datu "baikor" ere eskaintzen ditu. Alde batetik, "herritarren jarrera, gero eta jarrera aktiboagoa erakusten dutelako hizkuntz eskubideen urraketen aurrean". Bestalde, "zenbait administrazioaren jarrera harkorragoa. Aurreko urteekin alderatuz gero, Behatokiak helarazitako kexei modu positiboagoan erantzun diete erakundeen kopuruak nabarmen egin du gora".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.