Astelehenean hasi eta gaur arte Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen 40. Batzordeak Frantziako Estatuaren inguruko balorazioa egin du Genevan, eta Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok parte hartu du bertan. Gobernuz Kanpoko hainbat erakundek euren iritzia agertu diote batzordeari eta, hizkuntza gutxituei dagokienez, Behatokiak eta EBLUL-France erakundeek Frantziaren jokabidea kritikatu dute.
2001ean batzorde horrek bi gomendio egin zizkion Frantziako Estatuari hizkuntza gutxiagotuak babesteko; batetik, Nazioarteko Hitzarmenetan dituen oharrak kendu eta Europako Kontseiluko Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen-markoa eta Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berresteko eskatu zion, eta, bestetik, hizkuntza gutxiagotuen irakaskuntza sustatzeko.
“Oso argi utzi diegu batzordekideei Frantziako Estatuak muzin egin diela gomendioei”, esan du gaur Bilbaok. Frantziak aurkeztutako txostenean dauden "kontraesanak eta gezurrak" agerian jarri ditu Behatokiko zuzendariak. “Frantziako Estatuak ez du nahi hizkuntza gutxiagotuetako hiztunen eskubideak aitortzerik. Borondate kontua besterik ez da hizkuntza eskubideen aitortzaren gutxieneko demokratikoak onartzeko”.
Maiatzaren 8an Frantziako Asanblada Nazionalak estatuan dauden hizkuntza gutxituez eztabaida egingo du, gobernuaren ekimenez, eta Bilbaok azpimarratu du euskarak beharko lukeen estatusa ofizialtasuna dela, "herritarren benetako berdintasuna ez delako gertatuko hizkuntzen estatusen arteko berdintasuna izan arte".
Batzordekide batzuek (Ekuadorrek, Suitzak...) interesa agertu eta galdera zuzenak egin dituzten arren, beste batzuen jarrera oso kontrakoa izan da (esaterako, Errusiako Federazioko kidearena).
Euskara
Behatokiak Frantziaren jarrera kritikatu du Genevan
Nazio Batuen Erakundeko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen 40. Batzordeak Frantziako Estatuaren inguruko balorazioa egin du azkeneko egunetan. Batzorde horrek 2001ean hizkuntza gutxiagotuak babesteko neurriak hartzeko eskatu zion Frantziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu