Behin-behineko 800 irakasle kaleratuko ditu Iribasek aurten

Datorren ikasturteko lantaldea jakinarazi du Nafarroako Gobernuak; 798 postu gutxiago daude, behin-behineko irakasleen esanetanEtzi hasiko dira postuak jasotzen irakasleak; aste osoan protesta egingo dute sindikatuek

Hezkuntza Departamentuaren atarian protesta egin zuten iaz ere, postuak emateko egunean. IDOIA ZABALETA / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Iragarpenak betetzen hasiak dira Nafarroako hezkuntza publikoan: 798 maisu-maistra gutxiago egongo dira datorren ikasturtean. Behin-behineko irakasleen batzordeak jakinarazi du datua, hutsik dauden postuei buruz gobernuak kaleratutako zerrendan oinarrituta. Galera handiena Lehen Hezkuntzakoa izango da: 600 postu; Bigarren Hezkuntzan 198 dira. Horiek baino postu gehiago galtzeko arriskua dagoela ohartarazi dute, gainera. Irakasleak etzi hasiko dira Hezkuntza Departamentuan postuak hartzen. Deia egin dute sindikatuek: mobilizazioak egingo dituzte aste osoan.

Murrizketen bidean jarraitzen du Iruñeko gobernuak. Bere kasa hasi zen iaz, Bigarren Hezkuntzako irakasleei eskola ordu bat gehiago jarrita; sindikatuen arabera, 235 behargin bota zituzten horrela —gobernuak ehundik gora aitortu zituen—. Orain, Espainiako Gobernuak mahai gainean jarritako mozketen altzoan, are neurri gogorragoak ezarriko ditu. Eskola orduak berriro gehituko dizkiete institutuetako irakasleei —bi gehiago astean; 20-22 denera—, eta Haur eta Lehen hezkuntzakoei ere bai —25 izango dituzte, orain baino bi gehiago—. Ratioak handituko dituzte, gainera: gelako bi ikasle gehiago pilatu ahalko dituzte ikastetxe publikoetan.

Lantaldea murriztea ekarriko du horrek, irakasle gutxiago beharko baitira. Lanaldi osoko postuekin egin du azterketa Nafarroako behin-behineko irakasleen taldeak. Hara: Lehen Hezkuntzan 1.008 postu huts atera zituzten iaz lehiaketara, eta aurten, 600; Bigarren Hezkuntzan 369 ziren iaz, eta aurten, 171. Galdu egingo dira hutsik egoten diren eta behin-behinekoek har ditzaketen postuen erdiak baino gehiago. Lanaldi osokoak ez diren postuak eta horrelakoak zenbatuta enplegu gehiago galduko direla salatu du taldeak.

Behin-behineko langileak geratuko dira kalean, baina sindikatuek ohartarazi dute funtzionarioek ere jasango dutela kaltea: leku batzuetan, postuak desagertu direnez, irakasle finko gehiago dago lanpostuak baino. Horrek esan nahi du maisu-maistra horiek lekuz aldatu beharko dituztela, berena ez duten ikasgairen bat ematen hasi beharko dutela edo orduak murriztu diezazkieketela.

Postu batzuk, irailean

Etzi hasiko dira postuak hartzen irakasleak. Astelehen arratsalderako dute hitzordua gaztelaniazko adarreko funtzionarioek; euskarazkoek, astearte goizerako. Hortik aurrera, ordezkoak hasiko dira Hezkuntza Departamentutik igarotzen, postuak agortu arte. Kalean zenbat geratuko diren orduan jakingo dute zehatz. Nolanahi ere, protestarako deia egin dute sindikatuek dagoeneko: egunero egingo dituzte elkarretaratzeak atarian. Manifestazio bat egingo dute asteartean, eta Pobre de mi ekimena, ostegun gauean.

Uda aurretik taxutu beharko lukete ikasturtea, baina behin-behineko irakasleek salatu dute postu guztiak ez dituela beteko orain Iruñeko gobernuak. Irailera arte, ikasturtea hasi arte, itxarongo du; orduan hartuko ditu langileak, ordezko gisa, uztaileko eta abuztuko soldata ez ordaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.