Bigarren Hezkuntzarako oposizioak egin dituzte asteburuan 5.700 irakaslek Hego Euskal Herrian; 3.700 postu eskaini dituzte. Postua oraindik lortu gabe daudenentzat neurriak eskaini ditu, hain justu, Eusko Legebiltzarrak. Irakasleen egonkortasuna areagotzeko legez besteko proposamen bat onartu du, aho batez. EH Bilduk aurkeztutako proposamen baten erdibideko zuzenketa onartu dute talde guztiek. Gako nagusia da legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu diola behin-behineko irakasleek jarrai dezatela betetzen ari diren lanpostuan, harik eta postu hori lan eskaintza publiko bidez bete arte edo postuaren titularra itzuli arte. Gobernuan dauden bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, bat egin dute eskariarekin.
Parlamentuak ohartarazi du egonkortasuna areagotzea “ezinbestekoa” dela, bai ikastetxeetako proiektuak garatzeko, bai “irakasleen bizitza proiektua bermatzeko”. Horretarako aukerak sindikatuekin adosteko eskatu diote Hezkuntza Sailari. Proposamena EH Bilduk aurkeztu du, eta Rebeka Ubera legebiltzarkideak nabarmendu du garrantzi handiko gaia dela hori: “Irakasleen egonkortasuna handitzea ikastetxeen aldarrikapen etengabea izaten da, langileak urtez urte aldatzeak hezkuntza proiektuen garapen egokia eragozten duelako”.
Beste eskari bat ere txertatu dute legez besteko proposamenean. Egonkortasuna handitzeko neurri horiek ezarri bitartean Hezkuntza Sailak areagotu ditzala giza baliabideak “egoera zaurgarrian edo egoera berezian” dauden eskoletan, horrela “hezkuntza proiektuak jarraipena izateko eta indartzeko”.