Belaguako mendiko aterpea berritzeko proiektua onartu dute

Belarouat mugaz gaineko kooperazio plana onartu du Pirinioetako Lan Batzordeak. L'Aberouateko aterpea ere berritzea eta zenbait bide berreskuratzea ere proposatzen du dokumentuak.

Mendizaleentzat parte bat irekia du aterpeak, baina bestela egoera kaskarrean dago. Argazkia 2015ekoa da. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
mikel p ansa
2017ko azaroaren 9a
17:49
Entzun

Nafarroako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako, Akitania Berriko, Kataluniako Gobernuko, Andorrako Printzerriko eta Okzitaniako ordezkariek parte hartzen dute Pirinioetako Lan Batzordean. Gaur bilera egin dute Miarritzen, Lapurdin, eta hainbat proiekturi oniritzia eman. Tartean, Belaguako aterpea berritzeko egitasmoari ere bai.

Erronkariko Bailarako Juntak, Lescungo Udalak, NICDO (Nafarroako Kultura, Kirol eta Aisialdi Azpiegiturak), Nafarroako Mendi Federazioak eta Pirinio Atlantikoetako Hezkuntza Ligak aurkeztu zuten Belarouat proiektua —Belagua eta l'Aberouat hitzen arteko jolas bat du izena—. Pirinioetako Lan Batzordearen Potecfa 2014-2020 diru laguntzen programatik jasoko du laguntza.

Auñamendiko eta Larrako parke naturaleko inguruak sustatzea da proiektuaren helburua, eta Erronkariko (Nafarroa) eta Lescungo (Frantzia) bailaretan garatuko da. Besteak beste, mugaren bi aldeetako mendi aterpeen arteko elkarlana bilatu nahi du, eta horretarako, bi aterpeak berritzea eta hobetzea da proiektuaren asmoa. Bailara horietako mendi-bideak berritu eta berreskuratzeko asmoa ere badute. Turismoa eta ikasleen heziketa ere jaso dituzte proiektuaren xedeetan.

Potecfa programak proiektuen %65 laguntzen du diruz. Mendi federazioak eta Nafarroako Gobernuak ere hitza emana dute proiektua laguntzeko. NICDO, zehazki, gobernuaren mendeko erakunde bat da, besteak beste Larrako eski estazioaren kudeaketaz arduratzen dena.

Belaguako aterpea, Angel Oloron izena zuena, 1971n ireki eta mendizale belaunaldi askoren erreferentzia izan zen Nafarroako Pirinioetan. 2004an itxi zuten, eta geroztik Nafarroako Mendi Federazioak eta mendizale askok egin dituzte egokitu eta berriz irekitzeko ahaleginak, baina ez da posible izan orain arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.